Kroaziak bi oin ditu EBn

Bihartik aurrera, Kroazia euroa erabiltzen duen hogeigarren herrialdea bihurtuko da. Zirkulazio libreko Schengen eremuan sartuko da egun berean

Jatetxe bateko prezioak kunatan eta eurotan adierazita, Zagreben. ANTONIO BAT / EFE.
maddi iztueta olano
2022ko abenduaren 31
00:00
Entzun
Kroaziak bi pauso handi eman ditu EB Europako Batasunean. EBko Finantza ministroek iragan uztailean argi berdea eman ostean, bihartik aurrera euroa izango da Balkanetako herrialdearen moneta. Egun berean Schengen eremuan sartuko da. «Kroaziak EBn guztiz integratzeko azken pausoa eman du», adierazi zuen Kroaziako lehen ministro Andrej Plenkovicek asteazkenean.

Zenbait adituk «progresio naturaltzat» jo dute Euroa indarrean sartzea, turismoaren gorakada tarteko euroaren arrastoa gero eta handiagoa bilakatu baita azken urteotan. Banku gordailu guztien erdiak, atzerriko inbertsio zuzenaren bi heren eta mailegu orokorren %60 euroarekin egiten dituzte dagoeneko. Are, eurogunean oinarritzen da Kroaziako kanpo merkataritzaren erdia baino gehiago.

Horiek hala, apurka-apurka, duela zenbait hilabete hasi ziren herritarrak kunatik eurorako trantsizioa egiten. Irailaren 5etik abenduaren 31ra artean, produktu guztien prezioak eurotan eta kunatan adierazi dituzte saltokietan eta jatetxeetan, eta gobernuak moneta aldaketaren inguruko eskuliburu bat bidali zuen etxebizitza guztietara. Plenkovicen arabera, «aldaketak Kroaziako ekonomia eraldatuko du».

Datozen bi asteetan posible izango da kuna erabiltzea, baina eskudirutan egindako ordainketetan soilik, eta eurotan jasoko dituzte bueltak. Ondoren, 2023an, herritarrek kunak euroekin aldatu ahal izango dituzte postetxeetan eta finantza zerbitzuetan. Urte berriarekin batera, gauerdian sartuko dira ofizialki eurogunean. Finantza ministro Marko Primoracek eta Banku Nazionaleko buru Boris Vujcicek lehendabiziko euroak aterako dituzte kutxazain automatiko batetik.

Aro berri baten hasiera

Duela ia hamar urte sartu zen Kroazia EBn, 2013an. Euroa erabiliko duen Jugoslaviako bigarren errepublika ohia izango da, Esloveniaren ondoren. Horretarako, Kroaziak ERM II programan—helburu du euroaren eta EBko beste moneta batzuen arteko truke tasen gorabeherek ez oztopatzea merkatuko egonkortasun ekonomikoa— egon behar zuen bi urtez, eta beste zenbait irizpide bete; hala nola truke tasa egonkorra, inflazio kontrolatua eta gastu publiko sendoa izatea.

Plenkovicen ustez, aldaketak erraztu egingo du Kroaziak lotura ekonomiko «sakonagoak» izatea moneta bera erabiltzen duten beste hemeretzi herrialdeekin eta EBZ Europako Banku Zentralarekin. Halaber, EBZko presidente Christine Lagardek iritzi zion aldaketa «eurogunearen aldeko konfiantza boto bat» dela, eta berretsi zuen Kroaziak «euroaren babesa» izango duela.

Herritarren artean bateko eta besteko erreakzioak piztu ditu erabakiak. Zenbait iturriren arabera, belaunaldi gazteek normaltasun «handiagoarekin» hartuko dute aldaketa, turismoaren gorakadaren ondorioz euroaren erabilera gero eta ohikoagoa bilakatu baita Kroazian. Herritar askok, ordea, tristura puntu batekin emango diote agurra kunari, herrialdeko moneta propioari. Hain justu, Kroaziako autonomia ekonomikoa bermatzeko ezarri zuten kuna, Jugoslaviako Errepublika Federalarekiko independentzia lortu ostean.

Azken 30 urteetan erabiliko duten laugarren moneta izango da: 1990eko hamarkadaren hasieran dinar jugoslaviarra zen herrialdeko moneta; gerraren zati batean —1991 eta 1994 artean—, kroaziar dinarra; ondoren, kuna; eta orain, euroa.

Zirkulazio librera pasatu dira

Urtarrilaren 1etik aurrera, Schengen eremuaren barruan egongo da Kroazia. EBko Barne ministroek aho batez onartu zuten herrialdea mugarik gabeko gunearen parte bihurtzea. Bulgaria eta Errumania, ordea, eremutik kanpo utzi zituzten. Schengen eremuaren barruan edonor libreki mugitu daiteke herrialde batetik bestera, herrialdeen arteko mugetan bisarik aurkeztu beharrik gabe.

Kroaziarekin batera beste 26 herrialde daude eremu horretan; gehienak EB barnekoak dira —Bulgaria, Errumania, Irlanda eta Zipre izan ezik— eta horiei gehitu behar zaizkie Islandia, Norvegia, Suitza eta Liechtenstein. «Kroaziako herritarrak munduko zirkulazio libreko eremu handienean sartu dira azkenean», adierazi zuen Kroaziako Barne ministro Davor Bozinovicek, N1 telebista katean.

Plenkovic gauerdian elkartuko da Europako Batzordeko presidente Ursula von der Leyenekin eta Esloveniako presidente Natasa Pirc Musarrekin, Breganako mugan. Desagertu egingo dira Kroaziak Esloveniaren eta Hungariaren mugetan dituen kontrolak, eta indartu egingo dituzte Schengen eremuak Serbiarekin, Montenegrorekin eta Bosnia-Herzegovinarekin izango dituenak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.