Erakundeak

Kristalina Georgievaren kargugabetzea gertuago dago

NDFk esan du «aurki» erabakiko duela bere presidentearen geroa. Munduko Bankuan oker aritzeagatik ikertzen ari da erakundea Georgieva

NDFko zuzendaria, artxiboko argazki batean. CLEMENS BILAN / POOL
xabier martin
2021eko urriaren 9a
16:59
Entzun

Ematen du Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritzan Kristalina Georgievaren agintaldia laburra izango dela. NDFk bere zuzendariari egindako galdeketaren ostean, erakundeak ez du erabakirik hartu, baina jakinarazi du «aurki» hartuko duela, eta hori albiste txarra da Georgievarentzat. Litekeena da gobernuek luze gabe kargutik kentzea, haren aldeko mezua eman ez, eta esan baitute ikerketan «modu esanguratsuan» egin dutela aurrera. Alegia, Munduko Bankua zuzentzen zuenean ustez egindako praxi okerraren auzia dela-eta, Georgieva NDFko irteerako korridorean jarri dute jadanik.

WilmerHale abokatu bulegoaren auditoretza batek duela hilabete ondorioztatu zuen Txinari aldeko tratua eman ziola Georgievak, Munduko Bankuaren txosten izarrean, Doing Business zerrendan. Bulegoak dio Georgievak «modu irregularrean» estu hartu zituela bere ardurapekoak, Txina zegokion baino gorago jar zezaten sailkapenean. Herrialde bakoitzak negozioak egiteko ematen dituen erraztasunen arabera egiten dute sailkapen hori.

2019ko urriaz geroztik da Kristalina Georgieva (Sofia, Bulgaria, 1953) NDFko zuzendaria. Christine Lagarde frantziarraren lekukoa hartu zuen, Lagarde Europako Banku Zentraleko presidentetzan jarri zutenean.

EBren eta AEBen arteko idatzi gabeko itun batek dio NDFko buruak europarra izan behar duela, eta Munduko Bankukoak, berriz, estatubatuarra. Gainontzeko estatuen iritziak ez du garrantzirik izan orain arte, boto sistema Mendebaldeko potentzien alde lerratuta dagoelako.

Orain, berriz, ematen du Georgievaren patua AEBen esku dagoela, Joe Bidenen administrazioa Txinarekin nor baino nor gehiago ari delako aspaldi honetan, eta oso litekeena delako Washingtonek bulgariarraren erreleboa erabakitzea, Txinaren alde jardun duelako ustez.

Edonola ere, NDFk «xehetasun gehiago» eskatuko ditu Georgievaren auziaren inguruan ezer erabaki aurretik. Baina garbi eduki balu salaketak ez duela mamirik, auzia itxiko zuen atzo bertan. Baina salaketa «objektiboki eta zorroztasunez argitzeko konpromisoarekin» jarraitzen duela azpimarratu du NDFk.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.