Kristalina Georgievaren kargugabetzea gertuago dago

NDFk esan du «aurki» erabakiko duela bere presidentearen geroa. Munduko Bankuan oker aritzeagatik ikertzen ari da erakundea

Nazioarteko Diru Funtseko zuzendaria. CLEMENS BILAN / EFE.
xabier martin
2021eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kristalina Georgievaren agintaldia Nazioarteko Diru Funtsaren zuzendaritzan laburra izango dela ematen du. NDFk bere zuzendariari egindako galdeketaren ostean, erakundeak ez du hartu erabaki bat, baina «aurki» hartuko duela jakinarazi du, eta hori albiste txarra da Georgievarentzat. Gobernuek luze gabe kargugabetu dezakete, haren aldeko mezua eman ez, eta ikerketan «modu esanguratsuan» egin dutela aurrera esan baitute. Alegia, Munduko Bankua zuzentzen zuenean ustez egindako praxi okerraren auzia dela eta, Georgieva NDFko irteerako korridorean jarri dute jadanik.

Wilmer Hale abokatu bulegoaren auditoretza batek ondorioztatu zuen, duela hilabete, Txinari aldeko tratua eman ziola Georgievak, Munduko Bankuaren txosten izarrean, Doing Business rankingean. Bulegoak dio Georgievak «modu irregularrean» estu hartu zituela bere ardurapekoak, Txina zegokion baino gorago jar zezaten rankingean. Sailkatze hori egiten dute herrialde bakoitzak negozioak egiteko ematen dituen erraztasunen arabera.

2019ko urriaz geroztik da Kristalina Georgieva (Sofia, Bulgaria, 1953) NDFko zuzendaria. Christine Lagarde frantziarraren lekukoa hartu zuen, Lagardek Europako Banku Zentraleko presidentetzan jarri zutenean. EBren eta AEBen arteko idatzi gabeko itun batek dio NDFko buruak europarra izan behar duela, eta Munduko Bankukoak, berriz, estatubatuarra. Gainontzeko estatuen iritziak ez du orain arte garrantzirik izan, boto sistema Mendebaldeko potentzien alde lerratuta dagoelako.

Orain, berriz, Georgievaren patua AEBen esku dagoela ematen du, Joe Bidenen administrazioak Txinarekin nor baino nor gehiago ari delako aspaldi honetan, eta oso litekeena delako Washingtonek bulgariarraren erreleboa erabakitzea, Txinaren alde jardun duelako ustez.

Edonola ere, NDFk «xehetasun gehiago» eskatuko ditu Georgievaren auziaren inguruan ezer erabaki aurretik. Baina garbi eduki balu salaketak ez duela mamirik, auzia itxiko zuen atzo bertan. Aldiz, salaketa «objektiboki eta zorroztasunez argitzeko konpromisoarekin» jarraitzen duela azpimarratu du NDFk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.