Argentinako presidentetzarako bozak

Krisien zoroan

Argentina gorriak pasatzen ari da jada inflazioarekin eta zorpetzearekin. Bozak izateak eta Javier Milei agertzeak areagotu egin dute ziurgabetasuna, eta ez dirudi erraz arinduko direnik arazoak.

Elikagaien inflazio tasa %143ra iritsi da Argentinan. JUAN IGNACIO RONCORONI / EFE.
Irune Lasa.
2023ko urriaren 22a
00:00
Entzun
Ekonomia da, segurtasun faltarekin batera, hauteskunde hauetako hizpide nagusia Argentinan. Nola ez; argentinarren gehiengoa gero eta pobreagoa da —%40ko pobrezia tasarekin—, urte arteko inflazio tasa %138ra iritsi da —%143ra elikagaietan—, pesoaren balioa amiltzen ari da, eta hor daude kanpo zor handia eta banku zentralaren erreserbetako zenbakiak gorriak.

Ikusi gehiago:ULTRAESKUINAREN EGIAZKO PROBA

Alegia, berriz ere krisian dela herrialdea. Aurrena pandemiak eta ondoren esportazioak oso gogor zigortu dituen lehorteak dardarka utzi dute Argentina lehendik ahuldua. Eta hauteskundeek ez dute lagundu egoera arintzen.

Javier Mileiren primarioetako garaipenak ziurgabetasuna areagotu egin du, eta gizona ez da gauzak baretzera etorri. Dolarizazioa nahi duenez, pesoaren aurka indar betez ibili da azken egunotan. «Excremento» (gorotza) deitzen dio Argentinako diruari, eta herritarrei pesorik ez aurrezteko aholkatu die. Halako adierazpenekin Milei ultraliberalak pesoaren balioa amildu duela salatu dute haren aurkariek, Sergio Massa Ekonomia ministro eta hautagai peronistak eta Elkarrekin Aldaketaren Alde alderdiko eskuineko hautagaiak, Patricia Bullrichek.

Mileirengatik izan edo ez, pesoak muga esanguratsua iritsi du aste honetan. Truke ofizialean, dolarrak 365 euro balio du, abuztuan primarioen ostean NDF Nazioarteko Diru Funtsak behartutako debaluazioaren ostean. Baina merkatu paralelo ez-ofizialetan 1.000 pesoko langa gainditu du.

Ezer baino gehiago, zenbaki sinbolikoa da, herritarren ezinegonaren zantzua, baita hauteskundeetako lehia estuaren inguruko kezken isla ere. Baina ondorio zuzena izan dezake prezioetan.

Edonola ere, hiperinflazioaren mamua astintzen jarraitzen dute hautagaiek, milatik gorako inflazioa ere izan duen herrialdean. Massak dio prezioen oraingo igoera Mileiren eta haren mezuak piztutako ezegonkortasunaren ondorioa dela. Mileik eta Bullrichek, berriz, Gobernuaren eta Ekonomia ministroaren politikei egozten diete inflazioa eutsiezina.

Bada beste norbait, Massaren politikek inflazioa areagotzen dutela uste duena: NDF bera. Primarioen ostean, hautagai peronistak zenbait neurri hartu zituen Ekonomia Ministeriotik, funtsean gastu publikoa handituz. Platita plana esaten dioten neurriak, besteak beste, langileentzako eta pentsiodunentzako laguntza ekonomikoak jasotzen ditu, eta mugak ezarri dizkie prezio batzuei oinarrizko elikagaietan, erregaietan edota sendagaietan.

NDFren itzala

Massaren arabera, laguntza horiek ezinbesteko dira herritarrak inflaziotik babesteko. Haren aurkariek, ordea, neurri populistak direla salatu dute, hauteskundeei begirakoak. NDFk, berriz, uste du «herrialdeak dituen zailtasun makroekonomikoak handitzen» dituela, eta aurrerago herrialdean «konpentsazio ekintzak» beharko direla. Zeharka, NDFk iradoki du Massak erakundearekin adostutakoa ez duela bete.

Ez da lehen aldia Argentinak NDFren baldintzak betetzen ez dituena azkenaldian, eta, hala ere, erakundeak 7.500 milioi dolar utzi zizkion abuztu bukaeran. Hori bai, ondoren etorri zen platita plana. Aste honetan bertan, NDFk berriz ere «konpromisoak betetzera» dei egin dio Argentinako Gobernuari.

Ikusi gehiago:«Mileiren boto emaileek zera nahi dute, kirchneristek nahi ez duten guzia»

Betebeharreko konpromiso horien jatorrian Maurio Macri eskuindarraren gobernuari (2018-2019) emandako 56.000 milioi dolarreko kreditua dago —erakundeak sekula emandako handiena—. Hamabost urte ziren NDFren programarik ez zela Argentinan —2001eko krisian Funtsaren irudiak kolpe latza hartu zuen herrialdean—. Eta zenbait gobernu peronistaren ostean, ustez gauzak aldatzeko asmoz zetorren Macri, baina haren austeritate politikek ez zuten ibilbide luzerik izan. Alberto Fernandez peronista jarri zen presidente, eta bere zamen artean izan du NDFri itzuliko beharreko 44.000 milioi dolarreko zorra.

Geopolitika

Beste aldean, ordea, Funtsa ez dago zorrotzegi jartzeko moduan ere. Erakundeak emandako kreditu guztien %30 hartzen du Argentinaren zorrak. Saharaz hegoaldeko Afrikako herrialde guztien zorrak baino gehiago.

Dena den, menpekotasun hori baino gehiago, arrazoi geopolitikoak ere kontuan hartu behar ditu NDFk. Tartean daudelako AEBen interesak. Estatubatuarrenak dira, alde handiz, boto gehienak NDFko Gobernadoreen Kontseiluan, eta gaur egun Txina dela AEBen kezka handiena, Latinoamerikak eta, besteak beste, Argentinak badute bere garrantzia lehia horretan.

Izan ere, herrialdeak estutu egin ditu loturak Txinarekin. Horren adibide, ekainean Massak NDFren zorraren zati bat kitatzeko dirua Txinatik lortu zuela, truke lerro baten bidez. Jakina, horrek ez du poztu Washington. Argentina Txinara hurbiltzeko beste mugimendu bat da ere BRICSekoa. Abuztu bukaeran zabaldu zioten Argentinari elkarteko atea, baina ikusteko dago herrialdea taldera gehituko den ala ez.

Hori ere, neurri batean, hauteskunde hauen mende dago, Bullrichek eta Mileik esan baitute ez dutela Argentina BRICSn sartzeko asmorik. Horretan, Milei, nola ez, kategorikoagoa da, eta Txinarekin harreman guztiak etengo dituela iragarri du.

Horiei guztiei begira, zer egingo du NDFk hauteskundeak pasatzen direnean? Printzipioz, azaroan berrikusi behar du programa, baina bigarren itzuli bat badago, egoera argitu arte itxaron beharko du? Hala ere, zalantza gutxi, NDFren hurrengo zor programa batek zer ekarriko lukeen Argentinara: erreformak eta austeritate neurriak.

Eta ez da NDF soilik. Zer egingo lukete hautagaiek irabaziko balute? Mileik motozerra iragarri du gastu publikoarentzat, Bullrichek ere murrizketak aurreikusi ditu, eta Massak oso zaila izango luke platita plana neurriari luzaroan eustea. Hauteskundeen ostean, Argentinak krisian jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.