Krisiei aurre egiteko, bankuen funts bat sortuko du Alemaniak

Frantzia ere berea prestatzen ari da, eta gauza bera egiteko eskatu diote Europako Batasunari

2010eko apirilaren 1a
00:00
Entzun
Oraingo krisiak zerbait ikasteko balio izan duela dirudi. Behintzat, akatsetatik ikasi, eta hurrengoetarako prest egon nahi du Alemaniak. Hala, etor daitezkeen krisiak herritarrek pagatu beharrik ez izateko, bankuak funts propio bat sortzera behartuko ditu hango gobenuak. Finantza erakundeek egindako ekarpenek gizenduko dute funtsa eta, orotara, urtean 1.200 milioi euro inguru biltzea aurreikusten da. Alemaniako Gobernuak kudeatuko du funtsa.

Oraingoz, lege izan daitekeenaren aurreproiektua besterik ez du onartu Alemaniako Ministroen Kontseiluak. Datozen hilabeteetan lotuko dituzte xehetasunak. Estatuari banku handien kontuak garbitzeko, haiek berregituratzeko edo finantza sistema osoa kutsa ez dezaten erakundeak desegiteko eskumena eman ala ez erabakiko dute, besteak beste.

Alemaniatik Europara

Europako Batasunak ere gauza bera egin dezan nahi dute Alemaniak eta Frantziak. Hala, etor daitezkeen krisiak bankuei euren patrikatik ordainarazteko legezko baliabideak sortzeko eskatu diote Bruselari. Wolfrang Schauble eta Christina Legarde Alemania eta Frantziako finantza ministroek azaldu dituzte egitasmoaren nondik norakoak Berlinen. Haien esanetan, gakoa, banku guztiei urtero ezarriko zaien zerga bat sortzea da. Biltzen den diru guztia funts batean pilatuko litzateke, beharrezkoa denean erabiltzeko.

Alemanian lege aurreproiektu izaera duen egitasmoa, Frantzian hastapenetan baino ez dago oraindik, garapen bidean. Litekeena da, ordea, Alemanian bankuei bakarrik ezarriko zaien zerga hori, Frantzian aseguru konpainia eta arrisku handiko funtsei ere ezartzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.