Espainiako Diputatuen Kongresuak, Diputazio Iraunkorraren bitartez, baiezkoa eman zion atzo Espainiako Gobernuak ekainaren amaieran onartutako dekretu legeari, krisiari aurre egiteko neurrien indarraldia urte amaierara arte luzatzeko. Espainiako Gobernuaren ohiko bazkideen babesaz gain, PPrena ere izan zuen, eta emandako 64 botoetatik aldeko 53 jaso zituen dekretuak. Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera, garraio publikoaren deskontuak eta garraiolarientzako erregaiaren deskontuak indarrean egongo dira 2023ko abenduaren 31ra arte.
Uztailaren 23an egin ziren Espainiako Gorteetarako hauteskundeak, eta hori dela-eta onartu zen dekretua Diputazio Iraunkorrean, eta ez Kongresuan; izan ere, Pedro Sanchezek gorteak desegin zituen hauteskundeen aurretik, eta, egoera horretan, botere legegileak martxan jarraitzeko organoa da hori. Bertan, PPk Espainiako Gobernuaren dekretuari babesa eman zion, baina Jaime Eduardo de Olano PPko diputatuak aukera aprobetxatu zuen PSOEri eskatzeko hauteskundeen ondoren PPren gobernu bat ez blokeatzeko: «Izan arduratsuak, jaunak, ez blokeatu gobernu baten sorrera, eta ez utzi espainiarren etorkizuna Espainiako gizartea etsaitzat daukatenen esku».
Laguntza luzatuak
Espainiako Kongresuko Diputazio Iraunkorrak onartutako dekretuaren bidez, abenduaren 31ra luzatu dute krisiari aurre egiteko bost neurriren indarraldia, baita La Palmako erupzioak eragindako txikizioari aurre egiteko neurriak ere.
Hala, hainbat elikagairen BEZaren jaitsiera mantendu egingo da: olioek eta pastek BEZa %10etik %5era murriztua izango dute aurrerantzean ere, eta beste hainbat oinarrizko elikagaik ez dute BEZik izango, lehen %5ekoa bazuten ere: horien artean daude azukrea, irina, fruta eta barazki freskoak.
Jabetza publikoko garraio enpresen deskontuek ere bere hartan iraungo dute. Espainiako Gobernuak deskontuaren %50 ordainduko du, eta eskumena duten erakundeek —izan udalak, foru aldundiak edo autonomia erkidegoak— deskontu hori osatzea erabaki beharko dute.
Garraiolariek erregaia merkeago izango dute aurrerantzean ere. Uztailetik irailera litroko hamar zentimoko deskontua izango dute, eta urritik abendura, berriz, litroko bost zentimokoa.
Familia zaurgarriak etxegabetzea ere debekatuta egongo dira, autonomia erkidegoek etxebizitzaren lege berriaren artikuluak aplikatu bitartean.
Horrez gain, diru laguntza publikoak jaso dituzten enpresek debekatua izango dute kaleratzeak egitea dekretuak indarrean jarraitzen duen bitartean.
Dekretuaren beste neurriak
Dekretu berriak, baina, krisiari aurre egiteko neurriak baino kontu gehiago arautzen ditu, eta hori da, hain zuzen ere, atzoko saioan eztabaidarik handiena piztu zuen kontua. Izan ere, Espainiako araudian Europako justiziak egindako gidalerroak sartu dituzte, dekretuaren lehen, bigarren eta hirugarren liburuetan xehatuta.
Oposizioko alderdi gehienek Espainiako Gobernuari eta, batez ere, PSOEko Felix Bolaños Presidentetza ministroari leporatu zioten pakete berean sartzea «gizartean eragin ona duten neurriak» eta bestelako neurriak. Mikel Legarda EAJko diputatuak adierazi zuen Pedro Sanchezen gobernuak hainbat gai nahastu dituela dekretu horretan, eta gehitu zuen jarduteko era hori ohitura bihurtu dela oraindik indarrean dagoen legealdian.
EAJren ustez, ohi legez tramitatu behar dira kontu horiek, Diputatuen Kongresuan eztabaidatuz: «Botere exekutiboak behin-behineko lege xedapenak egiteko duen ahalmen konstituzionala, salbuespenekoa dena, ohiko bihurtu da hamalaugarren legealdian». Hala, berez lege proiektuaren bideari jarraitu beharko lioketen gaiak dekretu bidez onartzea eta parlamentuko debatea saihestea leporatu zion diputatu jeltzaleak PSOEri.
Ciudadanosek, PPk eta Voxek ere gauza bera leporatu zioten PSOEri. Europako Batasuneko justiziak egindako gidalerroak afera hauen ingurukoak dira: merkataritza sozietateen egiturazko aldaketak, gurasoek bizitzaren eta lanaren arteko kontziliazioa hobetzeko neurriak, trafikoan eta zirkulazioan Europako Zuzenbidea aplikatzea...
Krisiari aurre egiteko neurriak luzatzea onartu du Kongresuak
Abenduaren 31ra arte luzatuko dituzte zenbait neurri. PPk alde bozkatu du, baina Feijooren inbestidura ez blokeatzeko eskatu dio PSOEri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu