Soslaia. Geeir Haarde

Krisiarengatik epaitua

Iker Aranburu.
2011ko ekainaren 8a
00:00
Entzun
Egun bakarrean historia beltzean sartzeko bi urrats egin zituen atzo Geir Haarde Islandiako lehen ministro ohiak (1951). Batetik, 2007an hasitako krisiagatik epaitu duten lehen —eta azken?— agintari politikoa bilakatu da. Bestetik, berak estreinatu du Islandian gobernuko karguak epaitzeko 1905ean sortutako Landsdomur auzitegi berezia. Bi urte arteko espetxe zigorra jaso dezake.

Errugabea dela eta epaiketa «fartsa» dela esanez defendatu du bere burua Haardek. Haren arabera, «neurri egokiak» hartu zituen bere gobernuak krisiaren aurretik. Fiskaltzak, ordea, 2008ko otsailetik urrira «arduragabekeria larriaz» jokatu zuela dio, ez zuelako ezer egin Islandiako bankuek hartutako gehiegizko arriskuaz ohartarazi ziotenean. Herrialdeko hiru bankuak —Glitnir, Landsbanki eta Kaupthing— 2008ko udazkenean hondoratu ziren, atzerrian hedatzeko kanpaina erasokor bat finantzatzeko pilatu zuten zor izugarria —Islandiako BPGaren halako sei— ordaindu ezinik geratu zirenean.

Bankuekin batera erori zen uharteko ekonomia osoa: bankuak nazionalizatu behar izan zituzten, herritarrek aurrezkiak galdu zituzten eta dirua atera ezinik geratu ziren, burtsak ia balio osoa galdu zuen, atzeraldi gogor bat hasi zen eta gobernuak NDFren laguntza eskatu behar izan zuen. Nazioartean ere arazoak ditu orain Islandiak,Landsbankik Erresuma Batuan eta Herbehereetan zituen bezeroei aurrezkiak ez itzultzea erabaki duelako.

Herritarren haserreak Haarderen gobernu kontserbadorea bota zuen 2009 hasieran, eta boterea eman zien sozialdemokratei. Iazko irailean, Haarde epaitzeko baimena eman zuen Althing parlamentuak, baina haren hiru gobernukide epaitzeko eskaera atzera bota zuen.

Epaiketak irailean jarraituko duela erabaki du Landsdomurrek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.