Txina Euskal Herriarekin harremana. Amaia Ferro. Gipuzkoako Merkataritza Ganberako Nazioartekotzerako arduraduna

«Krisiaren urte kritikoetan bezero handia izan da Txina»

Hara esportatzen duten enpresen erdientzat merkatu nagusia da Asiako erraldoia, baina Ferrok ohartarazi du aurten esportazioak «berealdiko» jaitsiera izaten ari direla.

Ivan Santamaria.
Donostia
2015eko irailaren 13a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Merkataritza Ganberan Nazioartekotzerako arduraduna da Amaia Ferro. Ganberen arteko lan banaketari segituz, Gipuzkoatik koordinatzen dira Txinari dagozkion ekintzak. Bihartik aurrera, hamaika enpresa doaz ganberekin Txinara, urtero antolatzen den bidaia komertzialean.

Nolako ondorioak ditu Txinan dagoen nahasmen horrek?

AEBetan eta Europan krisia egon arren, nazioarteko merkataritza hazten ari zen. Haatik, aurten behera egin du. Garrantzitsua da gertatzen ari dena nazioarteko merkataritzan. Txinan gertatzen ari dena, batez ere, munduko ekonomiaren %16 delako. Nazioarteko prozesu ekonomikoan AEBek adina pisu du Txinak.

Nabaritu duzue kezka Txinarekin lanean ari diren enpresetan?

Enpresa bakoitza mundu bat da. Hori bai, krisian oso bezero garrantzitsua izan da Txina, bereziki Gipuzkoarentzat. Gehien esportatzen duguna ekipo ondasunak dira. 2010. urtean horien merkatu handiena Txina izan zen, urte kritikoetan bost merkatu nagusien artean egon da. Dena den, Frantzian edo Alemanian gerta daitekeenak du berebiziko garrantzia, geure esportazioen erdia Europara doalako.

Gerta daiteke zuzenean ez baina Alemaniarentzat lanean ari diren hemengo enpresentzat kaltegarria izatea, Alemaniak Txinan duen presentziagatik.

Ekonomian dena dago elkarri lotuta. Ezin dugu pentsatu geuri ez digula eragingo Alemania delako geure lehenbiziko merkatua. Alemaniako enpresa askoren lehen merkatua Txina da. Elkar eragin horiek edonon daude. Esaterako, Hego Amerikako toki batzuetan lan ona egin da, Kolonbian esaterako, baina hor eragin handia izaten ari da Txinaren egoera.

Zer gertatzen ari da hemengo esportazioekin?

Aurten EAEtik Txinara egiten diren esportazioek berealdiko jaitsiera izan dute. Gutxi gorabehera, %35 egin dute behera, eta are gehiago Gipuzkoan. Enpresa baten jardunak estatistika desitxuratzea posible da, baina murrizketa oso handia da. Adi egon behar dugu. Nazioartera ateratzeko ahalegin handia egin dute enpresek, eta hori finkatzeko ordua iritsi denean, merkatua uzkurtu da.

Gaur egun zer da Txina euskal enpresentzat?

Hara esportatzen duten enpresen erdientzat merkatu nagusia izan da orain arte. Hiru egoera daude. Esportatzen dutenei kalte egin die yuanaren debaluazioak. Marjinak oso estuak dira, eta bat-batean %4 igo zaizkie salmenta kostuak, gainkostu horiek euren lehiakortasuna mugatu du. Inportatzen dutenei, aldiz, mesede egin die horrek. Egoera nahasiena Txinan inbertsioak dituzten enpresek dute, 80 baino gehiago.

Zer gerta daiteke Txinan produkzioa duten hemengo enpresekin?

Egoerak nola eragingo neurtu beharko dute. Txinan lortutako dibidenduei esker hemen lantegiak zabalik egotea lortu dute enpresa batzuk. Ziurgabetasun handia dago oraingoz, eta Txinako merkatua ez da batere gardena. Hemen erabaki politikoek denbora behar dute. Txinan ez, Txinan dena azkarrago egiten da, eta gobernuak egin dezakeenari buruz zalantza asko daude. Ekonomiaren erdia enpresa publikoak dira.

Zer eskaintzen diote euskal enpresek Txinari? Zer ari gara saltzen?

Asko gaude autogintzan edo trenetan. Eraikuntzan ere lan franko egiten dugu, edo energian, eolikoan bereziki. Txina munduko fabrika izan da, eta guk bitarteko ondasun asko ekoizten ditugu. Fabrikatzaileak behar ditugu. Fabrikatzen ez duten herrialdeetara nekez joango gara. Txina lantegi hori izan da, eta hornitzeko produktu aurreratua eskaini diogu.

Eredu ekonomikoaren aldaketa gauzatzen bada, merkatu interesgarri berriak irekitzea espero daiteke?

Kontsumoa aldatu da Txinan, nabarmen. Ez dugu lan handirik egin elikagaietan. Ardoa edo esnekiak, kasu, duela hogei urte ez zituzten kontsumitzen eta orain bai. Erdiko klasea ari da indartzen, eta barne kontsumo horrek ikaragarri egiten du tira ekonomiatik. Txinan hori gertatu ahala, aukera berriak irekiko dira. Esaterako, altzarietan edo osasunean, protesietan eta antzekoetan.

Bistan da Txinarako esportazioen hazkundea azken hamarkadetan. Igoerari eutsiko zaio?

Geure merkatu nagusiak Frantzia eta Alemania izatea batzuetan zerbait negatiboa dela iruditzen zaigula dirudi, baina erabat naturala da. Herrialde guztiek harreman komertzial handiagoak dituzte hurbil daudenekin. Txina izan da egoera hori aldatu duen herrialdea, toki guztietan bazkide komertzial handien artean sartuta. Erosten genion, baina ez genion saltzen. Orain bai. Geure esportazioetan halako garrantzia hartzea ezin zen aurreikusi orain dela hamar urte.

Aldaketa oso azkar gertatu da.

Oso bizkorra izan da. Orekatuko dela iruditzen zait. Nekez gertatuko da Txina geure esportazioen lehen bezeroa izatea. Errealitatea oso egoskorra da.

Kontrako bidea ikusiko dugu? Euskal Herrira inbertitzera datozen Txinako enpresak, Euskaltelekin gertatu den bezala?

Gero eta gehiago. Geldiezinak dira halako prozesuak. Orain arte produktu merkea esportatzen zuten, hor lehia handirik ez zuten, eta orain aldatzen ari da hori. Geure egunkariek Txinako markako telefonoak oparitzen dituzte, eta nork pentsa zezakeen Realaren elastikoak Txinako enpresa baten publizitatea izango zuela? Ulertzen dut beldurra. Giza naturaren parte bat da. Baina lehiaren jokoan gaude, normala da, eta geu ere hobetzen lagun dezake. Nazioartera aterako dira Txinako enpresak, geuk egin genuen bezala, eta interesatzen zaien sektoreren batean indartsuak bagara, etorriko dira hona. Prest egon behar dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.