Printzipioz, Erriberak eta Sakanak gauza komun gutxi dute. Nafarroaren bi hegaletan daude, eta kulturalki zein politikoki desberdinak dira. Hala ere, zorigaitzak elkartu ditu. Krisiak edonon jo du gogor, baina bi eskualde horietan are gogorrago. CCOOk egindako azterketa baten arabera, 2008tik 2014ra Erriberan %9,3tik %23raino egin zuen jauzi langabezia tasak, eta, aurten %21ra jaitsi bada ere, Nafarroako langabezia handieneko eskualdea da oraindik ere. Sakanan,%18,8raino igo zen, eta %16an dago egun. Horregatik, batak zein besteak bihurguneak atzean uzteko helburua dute.
Horretarako, Nafarroako Gobernuaren babesa behar dute, eta hark aurreneko keinua egin die. Lehen aldiz, 2016ko aurrekontu proiektuan, 1,1 milioi euroko diru saila aurreikusi du eremu kaltetuen berrindustrializaziorako. Espresuki aipatu dira Erribera eta Sakana. Aldi berean, Tuteran eta Altsasun, gizarte eta enplegu zerbitzuek elkarlan esparruak lortu nahi dituzte, lan munduan egoera hauskorrenean diren pertsonak laguntzeko. Izan ere, luzaroko langabeen kopurua bost bider handitu da Altsasun (%380) eta Corellan (%440).
Sakana eta Erribera ez dira arazoak dituzten eskualde bakarrak, eta Manu Aierdi lehendakariorde ekonomikoak iragarri berri du eskualde guztietako eragileekin bilera sortak egingo dituela otsailera arte. Ez dira bilera soilak izango, denekin harreman eredu «iraunkor eta egonkor» bat lortunahi duelako. «Orain arte ez da halakorik egin. Eskualdeekin lan jarraitu bat egin nahi dugu, legealdi osorako plangintzak egin eta sinergiak lortu, lurralde estrategia bat garatuz, baina bakoitzaren berezitasunak aintzat hartuta», aipatu du Aierdik parlamentuan.
Sakanan, lan bat aurreratua
Sakanan, abantaila batekin egingo du topo gobernu berriak. Irtenbideen bila lan asko aurreratu dute han. Duela lau urte, kezka handia zegoen: oso denbora tarte txikian, Gamesa, Arfe, Inasa, Dinescon, GN Electrodomesticos, Isphording, Recind eta Hesan enpresek ateak itxi zituzten, eta 1.150 lanpostu inguru galdu ziren. 2.000tik gora langabe ere izan zituzten, gainera. Egoera kezkagarriena Altsasu aldean gertatu zen. Han, %21 da langabezia tasa.
Egoera larri horri aurre egiteko, krisi mahaia eratu zen 2011n. Han ateratako ondorio nagusiekin, harreman sare bat osatu zen, eta prozesu horretan buru-belarri parte hartu dute Sakanako Mankomunitateak, Sakanako enpresaburu elkarteak, udalak eta gizarteko hainbat eragilek.
Lan horren fruitu nagusia 2020ra bitarteko plan estrategikoa izan da. 200 orrialdeko txosten hartan, industriaren, elikadura sektorearen, nekazaritzaren,biomasari lotutako energia berriztagarrien, turismoaren eta hezkuntzaren analisia egin zuten, bakoitzaren beharrak, ahulguneak eta indarguneak identifikatuta. Era berean, 160 ekintza proposatu zituzten plan estrategikoak, eta, horiek sustatzeko, garapen agentzia bat eta behatoki sozioekonomikoa bat sortu ziren.
Sakanak bere lana egin du, baina politika horiek aurrera eramateko ezinbestekoa du Nafarroako Gobernuaren ekarpena. Iaz plan estrategikoa aurkeztu ondotik, aurreko gobernuaren atzetik ibili ziren, lorpenik gabe. Mesfidantza politikoa egon zitekeen atzean. Izan ere, 2011ko hauteskundeetan, UPNk eskualdearen gainbehera ekonomikoa ezker abertzaleari leporatu zion, batik bat. Sakanan, sentimendu orokorra da UPNk politikoki baztertu egin duela eskualdea. Hauteskundeak ate-joka zirenean, Lourdes Goikoetxea bi aldiz bildu zen azkenik; bideragarritzat jo zuen plana, baina ordurako berandu zen.
Gobernu berriak denbora behar izan du, baina lehendakariorde ekonomikoak Sakanako eragileekin egin du lehen bileretako bat. Aierdik konpromisoa agertu du plan estrategikoa itun baten bidez garatzeko. Ikusteko dago, ordea, sei urterako 7 milioi euroko aurrekontuaren aurrean zer jarrera hartuko duen gobernuak, baina 2016ko aurrekontu proiektua bide horretatik doa.
Erriberari zigorrik handiena
Sakanan ez bezala, itxuraz UPNk ez du Erribera baztertu. Besteak beste, garapen agentzia propioa du (Eder), elikadura industria indartsua du, eta, haren inguruan,Nekazaritza Elikagaien Hiria altxatu da —120 milioi euro inbertitu dira han—. Alta, eraikuntzaren eta obra publikoen gainbeherak eta teknologia txikiko industria enpresen arazoek langabezia handieneko eskualde bihurtu dute. Horren adierazle, Corellan %24ra iritsi da langabezia, eta Cascanten, %28ra. Iruñerriarekin alderatuta, Erribera ahaztua izan den sentipena nagusitu da eskualdean, eta, horren ondorioz, iragan hauteskundeetan mapa politikoa irauli zen. UPNk ia udal gehienak galdu zituen.
Aierdi bildu da tokiko eragileekin, eta parlamentuan irtenbideei buruz hitz egin du. Horien artean,aukera bat da enpresa kultura aldatzea, eta klusterren bitartez elkarlana bultzatzea. Ikerketan gehiago inbertitzeko konpromisoa azaldu du gobernuak, eta finantzaketa iturriak bilatu nahi diraberme elkarteekin elkarrekiko hitzarmenak lotuta. Aierdik iragarri du harremanak sustatzen ari direla Erriberako enpresaburuen eta Bilboko Portuaren artean produktuei irteera emateko. Lanbide heziketan eta enpresaburuen prestakuntzan hobekuntzak egiteko aukera ikusten du.
Ekintza sorta horren aldean, UPNren apustu nagusia betikoa da: hormigoia. AHT eta Erriberaraino iritsiko litzatekeen Ubidearen bigarren fasea. Alta, biek inbertsio handia exijitzen dute,eta gobernuak biak etetea erabaki du. AHTaren kasuan, Espainiako Gobernuak ez du oraingozdirurik jarriko, eta Ubidearen kasuan, kostuen eta etekinen arteko aldeak zalantza handiak eragiten ditu.
Krisiaren bihurguneei agur esan nahirik
Nafarroan, Erribera da langabezia handieneko eskualdea; Sakanan, berriz, lau urtean dihardute lanean konponbideen bila. Lehen aldiz, Nafarroako Gobernuak 1,1 milioi euro aurreikusi ditu bi eremu horien berrindustrializaziorako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu