Betiko enpresa itxi eta Angolara lanera joandako 53 urteko langilea; transexuala izateagatik lana aurkitzeko arazoak izan dituen elektrikaria; familia enpresa hondoratzen ikusi eta dozenaka langile kaleratu dituen enpresaburua; elikagai bankura joan behar duen erretiratua; mobbing-a jasandako administraria... Krisia aipatutakoan batez ere zenbakiez hitz egiten da, baina krisia batez ere bizipenak dira, latzak gehienak. Krisiaren ahotsak bildu ditu Miren Garate kazetariak (Azpeitia, 1985), Ekaitzaren zipriztinak (Elkar) liburuan. Tene Mujika saria irabazi zuen Garatek lan horren proiektuarengatik.
Alfabetoaren hizkien arabera banatutako liburua da Ekaitzaren zipriztinak. A atzerrira joandako langileak dira; F, finantzei lotutako engainuak; H, hartzekodunen konkurtsoak, eta Z, zahartzaroa eta pentsioak. Urtearen laburpena arin egiteko BERRIAko Ekonomia sailean erabili izandako sistema natural etorri zitzaion Garateri krisia modu batera edo bestera pairatutakoen testigantzak emateko. Hizki bakoitzaren ondoren, lekukotasun bat, lehen pertsonan. Haren ondotik, gaiari buruzko erreportajea.
Soslai tipikoei ihes egin nahi izan diela azaldu zuen Garatek atzo, Donostian. Elkarrizketatuen izenak ere ez du hainbesteko garrantzirik, eta horregatik dago izena beren testigantzen amaieran. «Zeini zer gertatu zaion ez da inportantea. Gertatu dela da garrantzitsuena».
Harrituta geratu da Garate jendeak bere arazoez hitz egiteko prestasunarekin. Ezezko asko espero zituen, baina barruak husteko gogoa zuen jendea aurkitu du kazetariak. Lekukoen zintzotasunak lana erraztu dio, baina akuilu bat ere izan da. «Nabaritu dut presio bat, kontatu didatena ongi islatzeko. Zintzo jokatu nahi nuen haiekin; gustura geratzea nahi nuen». Hala izan dela uste du, zuzenketa gutxirekin itzuli baitizkiote testuak.
Hunkitu duten istorioak aurkitu ditu Garatek. Esaterako, osasun arloan aritutako 48 urteko gizon batena. «Lasai hartu zuen kalean geratu izana, bere esperientziarekin lana goiz aurkituko zuela uste baitzuen. Saiatu zen argazkilari gisa, gero adinekoentzako webgune bat sortzen... Hainbeste proiektu gaizki ateratzean depresioan erori zen».
Baita asaldatzeko modukoak ere. «Finantza kontuak batez ere. Gutxiegi dakigulako gertatu dira hainbat gauza. Baina bankura ezin da joan pentsatuz engainatu egin behar zaituztela».
Krisiaren ahotsak
Krisia modu batera edo bestera pairatu duten pertsonen testigantzak bildu ditu Miren Garate kazetariak 'Ekaitzaren zipriztinak' liburuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu