Autogintza. Sektorearen pisu ekonomikoa

Krisiak matxuratu ez duen motorra

Auto industriak %23 inguruko ekarpena egiten dio euskal ekonomiari, eta krisia ondo gainditu du orain arte.Sektoreko 400 enpresetan 48.000 langile aritzen dira

joxerra senar
2015eko urriaren 11
00:00
Entzun
Oraindik goiz da epai irmorik emateko. Volkswagenen eskandaluak taldeari berari nola eragingo dion luzera baino ezingo da ikusi. Berehala, hainbat hipotesi marraztu dira, eta kostu osoaren zifrek bete-betean eragin diezaiokete. Ondorioak, ordea, Europako autogile handienaren fabriketako hormetatik harago doaz. Haren okerrak lehiakideek profitatu baditzakete ere, iruzurraren atzean auto ekoizle gehiago egon ote daitezkeen susmo hutsak, egia izan edo ez, sektore osoari eragin diezaioke. Eta autogintza ez da edozein alor. Hala Europako nola Euskal Herriko ekonomiaren motorra da. Krisi garaiotan, autogintzak egin dio tira ekonomiari, eta, orain, ikusteko dago nola aurre egingo dion beste barne krisi honek sektoreari eta, ezinbestean, ekonomia osoari.

Euskal Herrian, sektorearen itzala handia da, barne produktu gordinaren %22-25eko ekarpena egiten baitu. Guztira, 400 enpresa aritzen dira autoak edo osagaiak ekoizten, eta 48.000 laguni ematen diete lana. Enpresa guztien artean bi nabarmentzen dira: Gasteizko Mercedes Benz eta Iruñeko Volkswagen.

VWek soilik, %16ko pisua

Oraintxe, ziurgabetasun handiena jasaten ari da Nafarroako enpresarik handiena. Ez da gutxiagorako. Garairik hoberenean—eta, horregatik, okerrenean— etorri zaio eskandalua. Izan ere, orain arteko krisi ekonomikoa apenas nabaritu duen: azken sei urteetan produkzio handiena izan du, eta 2011n, esate baterako, inoiz baino Polo gehiago ekoitzi zituen (353.353 ibilgailu). Aurten ere, eskandaluak eskandalu, 300.000 autoren produkzioa aurreikusten da. Lan karga handi horren ondorioz, 4.500 langile inguru ditu fabrikak, eta, zeharka, beste 4.000 lanpostu eragiten ditu.

VWen iazko fakturazioak soilik Nafarroako barne produktu gordinean %16ko pisua zuen. Ekoitzitako hamar autotatik bederatzi esportatzen ditu, eta Nafarroak esportazio bidez fakturatutakoaren zifraren herena lortzen du.

Sektoreko gainerako ehun enpresetatik gehienak VW taldera begira daude, eta autogintzaren pisua handia da orotara. Lurraldeko ekonomiaren %25 da, eta Nafarroako esportazioen ia erdia —%46, 2013ko datuen arabera—. Nafarroako autogintzaren merkatu nagusiak Alemania, Frantzia, Italia eta Turkia dira. Gero, Erresuma Batua eta Aljeria leudeke, baina distantzia handiagorekin. Guztira, autogintza sektore osoan industria sektoreko langileen %18k egiten dute lan—11.000 enplegu, iazko datuen arabera—.Enpresa gehienak txikiak dira: 24 konpainiak bakarrik dituzte ehun langile baino gehiago. VWez gain, soilik hiruk dituzte 500 langile baino gehiago: Fagor Ederlan, Dana Automocion eta Delphi.

Horregatik, kezka handia dago Nafarroan. Zuzendaritzak langileen batzordeari jakinarazi dio 900 milioi euroko inbertsioari eusteko asmoa dagoela oraingoz, baina taldeak berak jakinarazi du asteon auzitan jarriko dituela inbertsio guztiak. Promesak egiaztatzen ez diren bitartean, Nafarroan lasaitasunik ez da etorriko.

Euskal Herriko beste fabrika handienari, Gasteizko Mercedesi,gauzak oso ondo doazkio. Egoera horren adierazle, historikoki fabrikak abuztuan produkzioa eten ohi du. Iaz, Vito furgoneta berria eta Clase V ereduaren produkzioa egokitzeko, ateak ireki behar izan zituen hilabete horretan; aurten, berriz, lehen aldiz, normal lan egin behar izan du abuztuan. Aurten aurreikusitako produkzioa handituz joan da, eta 98.000 ibilgailutan amaituko du, 2008ko markatik gertu (102.000). Mercedesek 2009an nabaritu zuen krisia, baina dagoeneko gainditua duela dirudi. 2016. urterako, 120.000 furgonetatara iristeko asmoa dauka.

Nafarroan ez bezala, beste lurraldeetako osagaien industriak ez du enpresa batetiko menpekotasunik, eta egoera osasuntsuan harrapatu du VWen krisiak. Acicae Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako autogintzaren klusterrak 13.747 milioi euro fakturatu zituen iaz. Gutxi gorabehera, ekoitzitakoaren erdia ibilgailu ekoizleentzat da, eta beste %46, lehen mailako hornitzaileentzat; hots, ekoizpen kateko lehen mailan diren enpresentzat. Nahiz eta industria horrek 2009an krisiaren kolpea jasan, hurrengo bost urteetan hazkunde handia izan du: epe horretan %65 egin du gora fakturazioak (5.423 milioi euro) eta 3.000 enplegu inguru sortu ditu sektoreak.

Industria hori, gainera, nazioartera hedatu da nabarmen, eta Europako mugak ere gainditu ditu. Fakturatutako hamar eurotik bederatzi esportazio bidez lortzen ditu, eta merkatuak oso dibertsifikatuta daude. Esportazioen %15 Mexiko, Estatu Batuak eta Kanada dira; beste %15, Hego Amerika; Europa mendebaldera %20 esportatzen du, eta ekialdera, beste %21; eta Asiara, berriz, %20. Acicaeren arabera, sektoreak negozio bolumenaren %2,7 erabiltzen du Ikerketa eta Garapenerako, eta, enpresa talde eta multinazionalen kasuan, inbertsioa handiagoa da: %7koa.

Europako auto industriak, batez beste, fakturazioaren %5 jartzen du ikerketarako, ACEA Europako Autogileen Elkartearen arabera. Urtero, 6.000 patente erregistratzen dira, eta sektorearentzat, ezinbestean, epe luzerako estrategia baten osagai funtsezkoa da.

Europan ere, pisu handia

Izan ere, Euskal Herrian bezala, Europan ere autogintza funtsezkoa da. Txinaren ondoren, EB da munduko auto ekoizlerik handiena: aurtengo lehen seihilekoan, 8,3 milioi ibilgailu ekoitzi ziren EBn, 9,1 milioi Txinan, 4,5 milioi AEBetan eta 3,8 milioi Japonian. EBko ekoizlerik handiena, alde handiz, Alemania da: ia hiru milioi ekoitzi zituen urtarriletik ekainera. EBren ekoizpena barne merkatura begira dago, batik bat, baina heren bat esportatu egiten du. Aurtengo lehen seihilekoan, esportazio bidez 63.500 milioi fakturatu du, eta, inportazio bidez, 15.200 milioi euro erosi. Merkataritza balantzea, beraz, EBren aldekoa da nabarmen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.