Krisiak garraztu egin du ardo beltza

Errioxako eta Nafarroako sor-marketako ardoek ekoitzi baino gutxiago saldu dute azken sei urteetan. Kezka handia dago upategien artean, eta mahastizainak kexu dira, gainprodukzioaren ondorioz kostu azpitik saltzera behartzen dituztelako zenbaitetan.

Guardian, Araban, mahastiak.
Guardian, Araban, mahastiak. BERRIA
joxerra senar
2024ko ekainaren 26a
05:00
Entzun

Ardogintza apar betean zen duela ez asko. Errioxa sor-markako upategiek, kasurako, inoiz baino ardo gehiago saldu zuten 2017an —287 milioi litro—. Apurka, baina, arrakasta ozpinduz joan da. Salmentak ez datoz bat ekoitzitako ardo kantitatearekin, eta, zazpi urte geroago, kezka handia dago Arabako eta Nafarroako upategien artean. Pandemiak gogor jo zuen, baina arazoa sakonagoa da. Azken hamarkadan, ardo ekoizpena bere gorenean dago, eta kontsumoa beherantz doa apurka. Krisi hotsek garraztu egin dute ardo beltza.

Oraingoz, Errioxa Jatorri Izeneko Kontseiluak ez du entzun nahi merkatuan egiturazko arazo bat dagoenik. Azken urteetan sektoreari pilatu zaizkion koiunturazko arrazoiei egozten die errua: pandemiari, kostuen igoerei eta nazioarteko egoera geopolitikoari, alegia. Sor-marka ezagun eta handi horren aterkipean askotariko interesak ezkutatzen dira, eta upategi handiek eragin ahalmena dute —kontseiluko 578 upategiek saldutakoaren erdia saltzen dute hamar upategi handienek, kasurako—.

Hala, ABRA Arabako Errioxako Upategien Elkarteko presidente Itxaso Compañonek bestelako ikuspegia azaldu du: «Niretzat, egiturazko arazo bat da. Alde batetik, asko landatu delako, eta, bestetik, kontsumoa ere aldatu egin delako. Ez da hainbeste ardo kontsumitzen», laburbildu du. Jatorri izenak ekoitzitakoa baino 35 milioi litro gutxiago saldu ziren 2022an.

Nafarroa jatorri izeneko upategien artean ere kezka dago, batik bat ardo beltza ekoizten dutenen artean. Sor-marka horren pean ekoitzitako hamar botilatik sei beltzak dira, eta salmentek guztira %26 egin dute behera azken bost urteetan. Palaciosen arabera, beherakada horretan pandemiak markatu du mugarria. «Ordutik aldatu egin da dena, oso azkar».

«Upategi txikiak mahatsa saltzera bultzatzen ari dira, eta, mahatsa salduz gero, handien menpe geratzen dira. Dependentzia hori gero eta handiagoa da». 

ITXASO COMPAÑON ABRAko lehendakaria

Alta, zuhur jokatu nahi du. «Ez dakigu zerbait koiunturala ote den edo egiturazkoa. Behin-behineko zerbait bada, konponbide errazagoa izango du. Egiturazkoa bada, arazo bat dugu, eta zenbat eta lehenago aurre egin, orduan eta hobeto», ohartarazi du.

Mundu osoko joera antzematen da atzean. Ardo kontsumoak %7,5 egin du behera munduan azken bost urteetan, eta hori Nafarroako eta Errioxako sor-marketako upategien esportazioetan islatzen da: Errioxa jatorri izeneko botilen esportazioek, preseski, %7,6 egin dute behera 2020. urtetik; Nafarroakoei dagokienez, %34 jaitsi dira.    

Mahastizainen errealitatea

Compañonen arabera, kontsumoaren beherakada txanponaren alde bat besterik ez da. «Mahats landaketa gehiegi egin dira; bi faktoreak elkartuta daude». Desoreka horren ondorioz, upategiak gainezka daude. «Nekazariek mahatsa duin kobratzeko ratioak 2,5-3 uzta artean egon behar luke». Eta ez dago. Orain, Errioxa sor-markako 3,8 uztatako botilak daude biltegiratuta.  

Juan Luis Bujanda mahastizainak Moredan (Araba) eta Vianan (Nafarroa) ditu mahastiak, eta oso argi dauka gainprodukzioa dagoela. «Nire ikuspegitik, arazoa aspaldikoa da. Pandemiak agerian utzi besterik ez du egin saltzeko gai ginena baino gehiago ekoizten ari ginela», azaldu du.

«Kontseilu arautzaileak eta upategi handiek hazkundearen aldeko apustua egin dute. Nire ustez, gehiegizkoa».

JUAN LUIS BUJANDAMahastizaina

Atzera begira, azken 40 urteetan Errioxa sor-markaren lurraldean 27.260 hektarea mahasti gehiago landatu dira —Araban %64 gehiago, eta Nafarroan %149 gehiago, baina hiruren artean Errioxak (Espainia) hartzen du eremu handiena (+%40)—. «Kontseilu arautzaileak eta upategi handiek hazkundearen aldeko apustua egin dute. Nire ustez, gehiegizkoa, baina haiek argudiatzen zuten salmentek gorantz jarraituko zutela; eta ez da horrela izan. Salmentak igo dira, bai, baina ez horrenbeste. Hazi eta hazi, ez zuten besterik buruan», argudiatu du Bujandak.

Landatutako eremua handiagoa izateaz gainera, mahastiak produktiboagoak ere badira. Batetik, azken 25 urteetan Europako Batasunak eta erakundeek bultzatu dute mahasti zaharren ordez berriak jartzea; bestetik, ureztatutako lur kopurua handitu egin da, eta baldintza horietan mahats gehiago biltzen da.

Euren upategiei ezarritako baldintzetan, kontseilu arautzaileek hektareako mahats kopurua mugatu dezakete. «Duela urte batzuk, Errioxakoak hala egin zuen, baina, uztetan izotza eta lehorteak izan zirela eta, berriro errendimendua mugatzeko baldintza kendu zuten, eta mahats gehiago sartu zen upategietan. Orain, atzera, berriro mugatu dute, baina horren guztiaren ondorioa argia da. Prezioek behera egin dute».

Eredu talka

Merkatuan mahats gehiegi izateak oso hauskor bihurtzen du hornidura katearen oinarria: mahastizaina. Felix Bariain UAGNko presidentea kexu da ez delako betetzen ari elikagai katearen legea. «Gehiegizko eskaintzaren ondorioz, prezioak ez dira igo. Guri kostuak igo zaizkigu, eta ez dugu aukerarik hori prezioan islatzeko».

Gogor mintzo da, gainera, upategi batzuek produkzio kostuen azpiko prezioak eskaintzen dizkietelako laborariei. «Denak ez dira berdinak, denetarik dago. Kostuaren azpitik salerosten duten enpresen jokabidea ez da ekonomikoa, antisoziala da; mahastizainak galbidean jartzen ditu, eta, ondorioz, herriak hustea bultzatzen du».

«Kontsumitzaileak ikusten duenean supermerkatuan 2,5 euroko eskaintza pagotxa dela, jakin behar du ez diola hor inori etekinik uzten. Ardo merkeak penagarriak dira». 

DAVID PALACIOS Nafarroako Kontseiluko arautzaileko presidentea

Palaciosek azpimarratu du laborariari dagokiona ordaindu behar zaiola: «Denok eman behar diogu balioa gure lanari, kate osoan. Kontsumitzaileak ikusten duenean supermerkatuan 2,5 euroko eskaintza pagotxa dela, jakin behar du ez diola hor inori etekinik uzten. Ardo merkeak penagarriak dira». Nafarroa sor-markako kontseiluko buruak gogoan hartu du mahastiek landa eremura lotzen dutela biztanleria, eta herri askotan upategiek sortzen dutela lanpostu gehien.

Compañonen arabera, «Arabako Errioxako bizimodua bera dago jokoan». Eskualdeko herrietan errotutako mahastizainen eta upategi txikien eredua, alegia. Upategi txikien salmentak beherantz doaz. «Sufritzen ari gara, baina oraindik badugu aguantatzeko ahalmena. Gu gara langile eta gu gara jabe, baina gazteak ez datoz atzetik, eta gero eta upategi familiar gutxiago daude».

Hala, baldintza horietan askoz ere finantza ahalmen handiagoa duten enpresak dituzte aurrez aurre. «Upategi txikiak mahatsa saltzera bultzatzen ari dira, eta, mahatsa salduz gero, handien menpe geratzen dira. Dependentzia hori gero eta handiagoa da».

«Kostu azpitik salerosten duten enpresen jokabidea ez da ekonomikoa, antisoziala da; mahastizainak galbidean jartzen ditu, eta, ondorioz, herrien hustea bultzatzen du».

FELIX BARIAIN UAGNko presidentea

Duela lau urte pandemiak eta ostalaritzaren geldialdiak merkatua astindu zutenez, Hego Euskal Herriko bi gobernuek ardogintzarentzako laguntzak ezarri zituzten, eta azken bi urteotan egonkortu egin dira: batetik, mahastizainei uztako mahatsa botatzeko laguntzak; bestetik, upategietan ardoa destilatzeko laguntzak.

Ardogintzaren krisiaren adierazle bihurtu dira aurten. Izan ere, iaz mahastizain gutxi aurkeztu ziren Jaurlaritzaren deialdira, baina aurten 383 eskatzaile izan dira, eta bost milioi banatuko dira: 1.260 hektarea —mahastien eremuaren %10—.

Nafarroan, berriz, bi sor-marketako mahatsa zaintzen duten laborariek 1.460 hektareako uzta botatzeko eskaerak aurkeztu dituzte. Eskaeretako asko Goi Erriberako herrietan egin dituzte —Azagra, Mendabia, Andosilla eta Viana—. «Arazo gehien Goi Erriberan dute. Askori esan diete upategiek ez dietela mahatsa hartuko», aipatu du Bujandak. Haren esanetan, iaz ere arazo asko eduki zituzten, udaberriko ekaitz ugarien ondorioz mahatsa usteldu baitzen, eta upategiek produktu ugari baztertu baitzizkieten. Etsian, produkzio kostuen azpitik saltzera behartuak izan ziren laborariak.

Bordeleko adibidea

Urteko gainprodukzioari aurre egiteko modua dira laguntzak. Mahastizainen fruitua irailean heldu arteko produkzio kostuak aurrezten dira hala, eta upategiei biltegiak husten lagundu. Haatik, Compañonen arabera, «adabaki bat» dira. «Hau ez da behin-behineko krisi bat, eta nola ibiliko gara, urtero diru laguntza publikoa xahutzen mahatsa lurrera botatzeko eta ardoa erretzeko? Ekologikoki, gainera, galera handia da, energia eta ura gastatzen baita». 

Bordeleko sor-markan, gainprodukzioaren arazoari errotik heldu diote. Borondatez, mahastien %10 kentzeko laguntzak ezarri dira. Duela bi urte, ABRA elkarteak Errioxako ardoaren kontseiluan krisi mahai bat antolatzea proposatu zuen sor-markako eragile guztien eta hiru gobernuen artean. Compañonen arabera, Bordeleko ispiluari begiratu beharko litzaioke. «Frantzian eta munduko herrialde askotan horrelako neurriak ezartzen ari dira. Gure proposamena da sor-markaren %10 kentzea, borondatez, eta diru baten truke».

332

Upategi kopurua eta mahastiak. Arabako Errioxan eta Nafarroan 332 upategi daude, orotara. Errioxa sor-markan, Arabako 232 upategi daude, eta Nafarroako hamabost; mahastiei dagokienez, 13.173 hektarea daude Araban, eta 7.186 Nafarroan. Nafarroa sor-markan, berriz, 84 upategi daude, eta 9.260 hektarea mahasti hartzen dituzte. 

Horrek eskatuko luke mahastietako zoruak aztertzea eta ikustea non jar daitezkeen beste labore batzuk. «Kontseiluan ez dute mahastiak kentzeaz hitz egin nahi. Ez dute gustuko». Oraingoz, entzungor egin diote eskaintzari, baina aurten, lehen aldiz, kontseiluak onartu egin du lantalde bat sortzea eremuko landaredia azter dezan. Denbora irabazteko neurria izan badaiteke ere, zirrikitua ireki zaio etorkizunean mahastiak kentzeko aukerari.  

Nafarroa sor-markan, berriz, Palaciosek ere uste du zuhur jokatu behar dela: «Datozen urteetan ikusiko dugu joera erabat aldatu den edo beheraldi bat baino ez den». Bitartean, egokitzat jo ditu laguntzak. «Aldi baterako izan behar dute, ezein sektore ezin baita bizi laguntzen lepotik».

Gainera, azaldu du kontseilu arautzaileak baldintzak alda ditzakeela hektareako mahats kopurua mugatzeko eta produkzioa doitzeko —alta, aurtengo baldintzak azken bi kanpainetako berak dira—. Haren irudiko, ardoaren sustapenean indarra jarri behar da kontsumo joeretan eragiteko.

Txakolina, «ongi» baina zuhur

Arabako Errioxako eta Nafarroako ardogileen arazoa ez da txakolindegietara iritsi. Ruth Mozo Getariako Txakolinaren Kontseilu Arautzaileko idazkariaren esanetan, salmentak ongi doaz. «Oraingoz, ez dugu arazorik». Dena den, zuhur jokatu nahi du, merkatuaren joerari adi begira daude eta. Oro har ardo zuria modan dagoenez, joera hori onuragarri zaio txakolinari. Getaria sor-markako upategien ekoizpenaren %70 Euskal Herrian saltzen dute, «batik bat Gipuzkoako kostaldean». Mozoren arabera, turismoak lagundu egiten du, Euskal Herriratzen direnek «tokiko ardoa» eskatu ohi baitute. «Ardo freskoa da, urtekoa, eta eguraldi onak ere lagundu egin ohi du. Turisten artean harrera ona du». Getaria sor-markan 446 hektarea eta 47 upategi daude; Bizkaikoan, 436 hektarea eta 36 upategi; Aiaraldean, lau upategi.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.