Urte gutxi dira ELA eta LAB sindikatuetako idazkaritza nagusiak hartu zituztela, eta, hala ere, hirugarrenez deitu dituzte Hego Euskal Herriko langileak grebara. Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide gehiengo sindikaleko ordezkari nagusiek ezinbestekoa deritzote berriz ere borrokatzeari.
Hamazortzi hilabeteko epean Hegoaldean deitutako hirugarren greba orokorra izango da hau. Egoera larria dela erakusten al du horrek?
adolfo muñoz: Bai, azken 30 urteetako erasorik bortitzenak gertatu dira, eta greba orokorbat, kasu honetan pentsioen erreformaren kontra egitea, oso koherentea eta proportzionala da. Euskal gehiengo sindikalak arrazoi osoa zeukan orain dela urte eta erdi, maiatzaren 21eko grebara deitu genuenean. Esan genuen murrizketak etorriko zirela politikak aldatu ezean, eta hemen daude. Garai hartan guztiak atera ziren gure kontra.
ainhoa etxaide: Greba beharrezkoa dela diogu, baina, era berean, grebara deitzera behartu gaituzte, erantzunak erabakiak hartzen ari direnean eman behar direlako, erabaki horiek aldatu ahal izateko etorkizun batean. Hilabeteakdira langileen eskubideak banan-banan suntsitzen ari direnetik, eta erabaki horiei aurre egin behar zaie. Orain da erantzunak antolatzeko ordua, aldatu nahi ditugun neurriak onartu aurretik. Beraz, borroka egitea da logikoena; ez da logikoa, aldiz, egiten ari diren murrizketei begira geldirik egotea eta, etzi, langileei esateagauzak aldatzeko borroka egin behar dela.
Eta langileak prest al daude hirugarrenez greba orokorra egiteko?
etxaide: Grebara deitzen dugunean balorazio asko eta eztabaida sakonak egiten ditugu. Greba egiteko arrazoiak baditugu eta aukera ematen diguna langileen prestutasuna da. Euskal Herriko langileek egoera honi aurre egiteko asmoa eta konpromisoa adierazi dute. Greba beharrezkoa dela inork gutxik jartzen du auzitan. Beste gauza bat da kapitalak oztopo handiak jartzen dituela borroka egiteko. Grebak horien gainetik pasatu behar du. Langileak prest daude; kontua da ea langileei borroka egiteko aukera horretan topatzen dituen oztopoak gainditzeko eskaintzarik egiten diegun, eta pixkanaka egiten ari gara.
muñoz: Greba egiteko militanteen lana daukagu, eta, egoera honetan sindikalgintzak dituen erronketan, bere militantzia zaintzea da nagusietakoa. Bestela, arriskua dago gizartean axolagabetasuna ezartzeko; ez dugu hori onartuko. Orain dela urte eta erdi eskatu genuen arren, politika ez da aldatu, krisia soldatek eta eskubide sozialek ordaintzea bilatu dute. Politika kapitalaren menpe agertzen da. Jendeak badaki hori, eta politikariak oso kezkatuta daude, jendea ohartzen delako. Honekin guztiarekin, politikak aldatzea bilatzen dugu, eta, hori lortu arte, sindikalgintzak borrokatzea beste irtenbiderik ez dauka.
Politikak ez direla aldatu esan duzue. Aurreko grebetan aldaketa hori lortu ez bada, zergatik lortu behar al duzue hirugarren honetan?
muñoz: Sindikalgintzaren historia halakoa izan da beti. Ez dakigu zer gertatuko den bihar; orain egin behar duguna baino ez dakigu. Aitzakia ezin da izan ez dakidala zertarako balio duen. Kezkatzen gaitu kritika zorrotzak jasotzeak bere burua sozialdemokratatzat jotzen duen jendearengandik. Sozialdemokrazia desagertu egin da; bakarrik utzi gaituzte. Oso gauza gogorrak gertatzen ari dira: kapitala eskubideak suntsitzera ausartzen da, eta sozialdemokrazia hauteskundeetarako lelo baino ez da bihurtu, bere ustelkeria ideologikoaren ondorioz. Zer gertatzen den eta nork egiten duen esan beharra daukagu: PSOE, UPN, PP, CIU eta EAJ dira politika horiek aurrera eramaten dituztenak. Sozialdemokratak ei direnek politika neoliberalismoaren zerbitzura jarri dute. Hori da ordaintzen ari garena.
etxaide: Testuinguru horretan, argi daukagu gauzak aldatzea bide baten emaitza izango dela. Grebarekin bide hori indartuko dugu, gurekin batera langile eta herritar asko daudela adierazita. Gauzak ez dira egun batetik bestera aldatuko, baina uste dugu M-21eko grebarekin hasitako bidea indartzen ari dela eta alternatiba badagoela. Kezka nabarmena dago, gauzak aldatuko direlako, hau egiten duen klase politikoari langileok bizkarra emango diogulako.
Krisi honetan sindikalgintzak bizirik irautea dago jokoan. Euskal Herrian, bizirik ez ezik, duela bi urte baino hobeto gaude bide hori egiteko, antolatzeko gaitasun handiagoa daukagu. Bitarteko berriak ere baditugu: dekalogo bat langileei eskaintza zehatza egiteko, mobilizatzeko gaitasuna eta, batez ere, sinesgarritasuna. Guztia eman zaio botere ekonomikoari eta sindikalgintzaren erantzukizuna da egoera hori ikuspegi historiko batetik aztertzea, alternatiba bat izateko aukera ziurtatzeko.
Alderdi ezkertiarren koalizioak egon daitezke maiatzeko hauteskundeetan. Hein batean, krisiaren ondorio dela uste al duzue?
etxaide: Eremu guztiek egin behar dute hausnarketa sakon bat, langileen egoera zein den eta horren aurka egin beharrekoak erabaki. Bere garaian esan genuen erantzukizun historikoz jokatzea zela zatiketa gainditzea eta alternatiba bat eskaintzeko prest ginen sindikatuok bat egin eta bide horretan ibilbide bat egiten hastea. Politikan, instituzioetan ardurak dituzten alderdi guztiak, salbuespenik gabe, langileen kontra eta kapitalaren alde lerrokatu direla ikusi dugu. Instituzioak herriarentzat berreskuratu behar dira.
muñoz: Gu kezkatzen gaitu sindikalgintzak egin dezakeena, hori baita guk finkatu beharrekoa. Agenda sendo bat egin, eta politikan eragin zuzena lortu behar dugu. Esparru politikoan, begirunez ikusten dugu balizko aliantza hori. Politika sozialak eta aurrerakoiak nahi ditugu, eta horretarako borrokatzen gara. Gure ardura da esparru sindikalean elkarlana sendotzea.
Gehiengo sindikaletik kanpo dago ESK orain, grebarekin bat egin arren. Ez al zen aukera egokia batasuna berreskuratzeko?
muñoz: ESK-k eskubide osoa dauka berak nahi duena egiteko. Hausnarketa egingo duela esan du non egon nahi duen erabakitzeko. Ekintza sindikalaren batasunaren alde gaude, baina ez dugu onartzen modu demagogikoan erabiltzea. Egoera honetan bi eredu daudela argi ikusten da, desmobilizazioaren aldekoa eta gurea. Ez da gauza makala.
etxaide: Ez dago garai txarrik indarrak metatzera begira urrats berriak egiteko. Baina hemen asko dago jokoan, eta guztiok erantzukizunez eta gauzak argi ditugula hartu behar ditugu konpromisoak. Gehiengo sindikala sendotzeko bide hori bultzatu dugu, eta erabat zabalik dago. Langileei alternatiba sindikala eskaini nahi dienak erdiguneetan jolasteko aukerarik ez dagoela jakin behar du.
CCOOk eta UGTk abenduan esan zuten erretiroaren atzeratzea onartuz gero grebara deituko zutela. Orain ez dirudi hala egiteko asmoa dutenik.
etxaide: Haien egoera Madrilen finkatuta dago, elkarrizketa sozialean, mahai baten bueltan, krisian hartu behar diren erabaki guztiak hartuta daudenean. Atzetik datoz erabaki estrukturalak: eredu soziala indargabetu behar dela pribatizazio prozesuan urratsak egiteko, patronalari botere gehiago eman behar zaiola eta pentsio sistema publikoa desagerrarazteraino murriztu behar dela.
Horren gaineko elkarrizketa soziala ez da bateragarria grebarekin, ezta eman behar den erantzunarekin. Gobernuaren irizpide bakarra merkatuen konfiantza berreskuratzea da, eta merkatuari eskatzen duen guztia emanez lortu nahi du. Hala hartu dira erabakiak. Kostu sozialagatik kezkatuta, itun soziala behar du orain, eta CCOO eta UGT emateko prest daude. Zeren truke? Erantzun bakarra bururatzen zaigu: finantziazioaren truke. Badirudi guk justifikatu behar dugula greba, beharra adierazi zuten lehenengoak haiek zirenean.
muñoz: Krisiaren oinarria ez da aipatzen, Espainiako sindikalgintzak horretaz ez du hitz egiten. Kapitalaren metaketa, espekulazioa eta finantza publikoen deskapitalizazioa, horiek dira oinarriak. CCOOk eta UGTk antzezlan handi batean parte hartzen dute, negoziazio irrigarria antzezten ari dira, ezertarako balio ez duena.
Antzerkiaren helburua argia da: gizartea eta langileak desmobilizatzea. Zapaterok, noski, Espainiako sindikatuen ahulezia ezagutzen du, aurrekontu publikoekiko duten menpekotasuna. Sindikatuek ezin dute rol hori jokatu, zer edo zer lortzen duten itxura egin nahi dute. Egoera honek emandako irakaspena da militantzia eta afiliazioa oinarri duen sindikalgintzak bakarrik duela gaitasuna erasoei aurre egiteko.
Negoziazioan lan erreformaren hainbat alderdi berrikusiko ei dituzte. Ezer onik atera daiteke?
muñoz: Campak oso argi hitz egin du: «Pentsioekin egin behar dugun guztia ez da aldatuko». Ez dira ari berrikusten langileon kontra onartu duten erreforma.
etxaide: Patronalak zergatik egingo du atzera lan erreforman lortutako guztian? Ez du beharrik. Negoziazioa ezagutzen duenak badaki ezinezkoa dela Madrilgoari negoziazioa deitzea.
Adierazle ekonomikoei begira krisia gaindituko omen dugu aurten. Langileen errealitatetik, zer-nolako urtea espero duzue?
etxaide: Hasieratik esan dugu krisia eragin duten politikak aldatzen ez badira krisi honetatik ezin dela atera. Bi urtez politika horietan sakondu ostean, krisia areagotu egin dute. Ez dugu uste langile batek bere etorkizuna argiago ikusten duenik gaur duela urtebete baino. Murrizketa fase batean gaude eta langileen egoerak okerrera egingo du, kapitalaren mesederako. Krisia sortu zuten politika aldatzean hasiko gara ateratzen, baina kapitalak ez dauka neurririk, ezta mugarik. Borrokaren bidez oraindik egin nahi dituzten murrizketa berriei mugak jarri behar dizkiegu.
muñoz: Bankuak eta enpresa handiak daude agintean eta adituak soldatapean dituzte. Murrizketa neurriekin enplegua galtzen jarraituko da. Enpresaburuek xantaiak egiten dituzte soldatak murrizteko eta, soldatak jaitsita ere, enplegua galduko da. Neurri guztiek bankarien arazoak konpontzeko helburua dute, eskubideak kentzen dituzte bankuen zorra konpontzeko. Manipulazio handia dago hemen honetaz ez hitz egiteko, botere politikoa haien gatibu delako. Ez dezagun ahaztu alderdi politikoek ez dituztela bankuei zor dietena ordaintzen.
Bi urte hauetan zabaldutako mezua berretsi egin al dute langileek lantokietako hauteskundeetan?
muñoz: Gehiengo sindikalak babes handia lortu du langileen artean eta hori ondo zaindu behar dugu. Gai izaten ari gara, hauteskundeetan egon arren, elkarlanean sakontzeko. Gehiengo sindikalak egiten duena baino ez dauka gure jendeak, gu biotatik hasita. Beraz, hori da gure erronka, gehiengo sindikalaren osasuna zaintzea, langileek behar dutelako.
etxaide: Hauteskunde hauek argazkiren bat utziko badute, egin dugun apustuarena islatuko dute; hauteskunde garaietan lankidetza indartu dugu, beste eremu batzuetan lortzen ez dena. Sinesgarritasuna irabazi dugu langileen artean, apustu sendo bat ikusi dutelako. Lortutako emaitzak, gainera, guztiaren kontra lortu dira, militantziari esker.
Adolfo Muñoz eta Ainhoa Etxaide. ELAko eta LABeko idazkari nagusiak
«Krisi honetan sindikalgintzak bizirik irautea dago jokoan»
Euskal Herriko gehiengo sindikalak azken bi urteetan eginiko ibilbidearen garrantzia babestu dute, batera, Adolfo Muñozek eta Ainhoa Etxaidek. Denborak 2009ko greban arrazoi zutela erakutsi duela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu