Krisi ekonomiko eta sozialari aurre egiteko neurriak aurkeztu ditu LABek

Aberastasuna banatzea eta eredu sozioekonomiko berri bat ardatz dituen txostena aurkeztu du sindikatuak Hego Euskal Herriko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialetan.

Igor Arroyo eta Oihana Lopategi Bilboko Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean, gaur. LAB
Mikel Garcia Martikorena.
2022ko irailaren 19a
13:34
Entzun

LABek krisiari aurre egiteko neurriak aurkeztu ditu gaur goizean EAEko eta Nafarroako Kontseilu Ekonomiko eta Sozialean. Neurri horien xedea da «aberastasuna banatzea eta eredu sozioekonomiko berri baterako» trantsizioa abiaraztea da. Horrez gain, sindikatuak Kontseiluaren premiazko bilera bat eskatu du. EAEri dagokionez, sindikatuari dagozkion ordezkariak izendatzeko prozesua hasteko eskatu du. Ordezkari sindikalek Trantsizio ekosozialista eta feminista gauzatu eta ondasuna banatzeko neurriak txostena aurkeztu dute.

Lau ataletan dago banatuta. Lehenengoak, «aberastasunaren bidezko banaketa» du ardatz. Igor Arroyo LABeko koordinatzaile orokorrak salatu du gaur egungo krisiaren arrazoietako bat dela «zerga politika osoa langilearen erosteko ahalmenean oinarrituta dagoela». Horregatik, zergak langileetan oinarritu beharrean, enpresen irabazietan oinarritzea proposatu dute, eta, horretarako, elkarteen zergaren kenkariak ezabatzea eta %35 tasa nominala ezartzea. Gainera, gutxieneko soldata 1.400 euroko hamalau pagatara igotzea proposatu dute.

Bigarren atalak zerbitzu publikoak, pentsioak eta oinarrizko eskubideak jorratzen ditu. Herritar guztientzat, euren egoera administratiboa edozein dela ere, «osasuna, zaintza eta hezkuntzarako eskubide» bermatzea eskatu dute ordezkari sindikalek. Pentsioei dagokienez, 1.080 euroko gutxieneko pentsio publikoa ezartzeko eskaria egin du LABek. Oinarrizko eskubideei begira, etxebizitza nabarmendu du sindikatuak: etxegabetzeak debekatu, etxebizitzaren prezioa legez mugatu, bigarren etxebizitzak zergapetu eta alokairuzko parke publikoa sustatu.

LABek garrantzi nabarmena eman dio krisi ekologikoaren aterabideari. Izan ere, Arroyoren ustez, geroz eta lotura estuagoa dute «politikari neoliberalen erabaki ekonomikoek eta klima krisiak». Energia fosilen gehiegizko ustiaketa eta, horri esker, gutxi batzuk lortzen duten aberastasun metaketa salatu du. Hori guztia amaitzeko, garapen energetikoan eragile sozialek eta erakunde publikoek esku hartzea proposatu dute, Bidezko Trantsiziorako Batzordeak sortuz. Horretaz gain, txostenak erabaki ahalmena handitzea eskatzen du laugarren atalean, Euskal Herrian «Gizarte Segurantza propioa» eratuz, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.