Krisalidekin proteinak ekoizten dituen enpresa bat ireki dute Derion

Intsektuak erabiliz, proteina eta entzima birkonbinatzaileak fabrikatuko ditu. Ezaugarri horiek dituen munduko lehen planta industriala da.

Insektuen krisalidak, Derion zabaldutako lantegi berrian. IREKIA
Intsektuen krisalidak, Derion zabaldutako lantegi berrian. IREKIA
gotzon hermosilla
2024ko irailaren 27a
16:00
Entzun

Cocoon Bioscience enpresak lantegi bat ireki du Derion, Bizkaiko Parke Zientifiko eta Teknologikoan. Intsektuen krisalidak erabiliz, proteina eta entzima birkonbinatzaileak ekoitziko ditu lantegi horrek, gero haragi landuaren, txertoen eta bestelako produktuen ekoizpenean erabiltzeko. Ezaugarri horiek dituen munduko lehen planta industriala da Deriokoa.

Planta berriak 4.000 metro koadro ditu, eta «farmazia industriarako proteina alternatiboen eta entzimen eskari gero eta handiagoari erantzuteko» modua emango du, Bizkaiko Foru Aldundiak azaldu duenez.

Cocoon Bioscience enpresaren arabera, krisalida fasean dauden intsektuekin produzitutako proteina birkonbinatuak «kostu txikiko bioerreaktore natural gisa» erabiliko dituzte, eta «bioerreaktore tradizionalak baino efizienteagoak» direla frogatu da. Horren aplikazioa, batez ere, bi arlotan garatuko da: alde batetik, txertoen ekoizpenaren eta sekuentziazio genetikoaren esparruan; eta, beste aldetik, landutako haragia produzitzeko.

Teknologia hori garatuta dago munduko beste zenbait lekutan, baina Derioko lantegiaren ezaugarri berezia da produkzioa «eskala industrialean» egingo dela. «Horrek ekarriko du hornidura zabaltzea eta proteina horien kostua murriztea», enpresaren esanetan. «Terapia aurreratuagoak eta elikadura jasangarriagoa lortu ahal izatea izango da horren guztiaren emaitza».

Bizkaiko ahaldun nagusi Elixabete Etxanobe lantegiaren irekitze ekitaldian egon da, eta han esan du bioteknologiarena «sektore estrategikotzat» jotzen dutela, «jarduera ekonomikoa eta kalitatezko enplegua sortzen» laguntzen duelako. Etxanoberekin batera, Ainara Basurko Ekonomia Sustatzeko foru diputatua eta Cocoon Bioscience enpresako ordezkariak egon dira inaugurazio ekitaldian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.