Kriptodiru eta antzekoentzat sekulako loraldia espero dute AEBetan, Etxe Zuri berriaren bultzada dela medio. Aktibo ezagunenak, bitcoinak, zerbaitegatik gainditu zituen 100.000 dolarrak Donald Trumpek hauteskundeak irabazi eta gutxira. Kriptoen inguruko mugak eta arauak lasaitu egingo direla espero dute.
Are gehiago, Trumpek eta ingurukoek hauteskundeen aurretik ere aipatu izan dute Erreserba Federalak (Fed) bitcoinen erreserba estrategiko bat izateko aukera, zeina gobernu federalak auzi kriminaletatik konfiskatutako kriptodiruetatik abiatuko litzatekeen.
Banku zentralek urre erreserbak eta atzerriko dibisen erreserbak izan ohi dituzte. Orain, haiei bitcoinak gehitzea litzateke asmoa. Horretarako, urtero bitcoin kopuru jakin bat erosi beharko luke Erreserbak, edo eginbehar hori hartuko lukeen erakundeak. Ideiak, nola ez, izan du bere pisua bitcoinaren balioaren igoeran, kriptodiruzaleen gozagarri.
Baina, funtsean, gobernuak kriptoaktiboei nolabaiteko bedeinkazioa ematea litzateke bitcoin erreserba. Bitxia, besteak beste banku zentralen zaintzatik aske izateko sortu zirelako kriptodiruak.
Oraingoz, ez da erreserbarik izango. Jerome Powell Erreserbako presidenteari joan den astean galdetu zioten bitcoinen erreserba funtsari buruz, eta ezezkoarekin erantzun zuen: «Ez zaigu baimentzen bitcoinik edukitzea. Erreserba Federalaren Legeak ezartzen du zer eduki dezakegun, eta ez gabiltza legea aldatu nahian. Hori Kongresuak erabaki behar du, ez Erreserba Federalak».
Alda daiteke hori? Kriptodiruzaleen munduko ahots batzuek diotenez, Etxe Zuriak agindu exekutibo bat nahikoa luke Erreserba Federalaren Legea moldatzeko, bitcoinari erreserbetarako sarrera emanez. Bidezidorra litzateke, Kongresuan urteak hartuko lituzkeen prozedura luzea saihesteko.
Beste jokaldi bat Jerome Powell kargutik kentzea izan daiteke. Ez dago argi Trumpek baduen eskumenik horretarako, eta Powell berez 2026. urtera arte dago Erreserba Federaleko presidentetzan.
Trumpek ez duela Powell begiko, hori ez da albistea. Bien arteko tentsioa ez da baretu Erreserba Federalak interes tasen jaitsierak moteltzea erabaki ostean, zergatik-eta inflazioa izan daitekeelako Trumpek iragarritako hainbat politikaren ondorioa —muga zergak, deportazioak—.
Beste batek utziko du kargua urtarrilaren 20an, Trumpek berriz presidente kargua hartuko duen egunean: Gary Gensler-ek, SEC AEBetako Balore Merkatuaren Batzordeko presidenteak. Hauteskundeak igaro eta gutxira iragarri zuen dimisioa. Ez da harritzekoa, kanpainan Trumpek argi esan baitzuen, kriptodiruzaleen bilkura batean, presidentetza hartu eta lehen egunean kaleratuko zuela Gensler.
Genslerren ordezkoa izendatua du Trumpek: Paul Atkins. Kriptodiruen aldekoa da hura, eta jada hitz egin du kriptodiruen inguruko industriaren gustuko diren zenbait ideiaz
Hari gorroto berezia diote kriptodiru eta antzekoen negozioan dabiltzan artekari eta negoziolariek, besteak beste agintzen zuelako kriptoaktiboak inbertsio balore gisa tratatu behar direla, eta horrek zera dakar, inbertsiogileen babeserako legeriaren eta gainbegiratzearen menpe egotea.
Genslerren ordezkoa izendatua du Trumpek: Paul Atkins. Kriptodiruen aldekoa da hura, eta jada hitz egin du kriptodiruen inguruko industriaren gustuko diren zenbait ideiaz.
Politika berrien bitartez AEBetan kriptodiruak merkatuaren bazterretatik erdialdera biltzea nahi lukete haien bultzatzaileek, erregulazio jakin batzuk izatea, adibidez, kriptoaktiboen bankarizazioa errazteko. Baina horrek badu arriskurik, kontuan harturik kriptodiruen inguruko orain arteko iruzur eta eskandaluak, ahaztu gabe krimenei lotutako erabilerak.
Zer gertatuko da inbertsio funts handi eta tradizionalak eta banku handiak aktibo horietan nahasten badira eta halako batean iruzur handi bat sortzen bada?
Atlantikoaren beste aldean
Hain zuzen, Europako Batasunean finantza tradizionalen eta kriptoaktiboen arteko harreman gero eta estuagoak izan dira arauak bateratzeko arrazoi handienetako bat. Hainbat urteren ostean, abenduaren 30ean ezarriko dute indarrean —astelehen honetan— MiCA Markets in Crypto Assets erregulazioa (merkatuak kriptoaktiboetan).
Maired McGuinness finantza zerbitzuen garaiko komisarioak kezka hori azpimarratu zuen 2023ko apirilean, Europako Parlamentuak MiCA onartu zuenean: «Merkatu hau oraindik txikiegia da arrisku sistemikoak pizteko, baina badakigu loturak gero handiagoak direla kriptoaktiboen merkatuaren eta finantza zerbitzu tradizionalen artean».
Orain arte, herrialde bakoitzak arautzen zituen kriptodiru eta kriptoaktiboen ingurukoak, eta haiek harmonizatzekoa da MiCA. Herrialdeek betearazi beharreko arauak ezartzen ditu kriptodiruen jaulkipenerako, kriptoaktiboen sailkapen moduko bat egiten du, eta, besteak beste, erregistratuta egotera behartzen ditu haien inguruko zerbitzuetan aritzen diren enpresak.
Printzipioz, AEBetako kriptodiruzaleek begi onez ikusten zuten Europan araudi bat izatea, baina orain Trumpek jarriko dituen erraztasunekin, kriptoen inguruko industriaren ustez, MiCA «zorrotzegia» gerta daiteke. Kriptoaktiboen inguruko enpresak, «eta haiek dakarten berrikuntza», AEBetara joango dela diote.
MiCAren arauek Europatik kanpo utzi dute munduan gehien erabilitako kriptodiru egonkorretako bat, Tether-ek jaulkitako USDT
Araudi berriak indarrean sartu aurretik ere ekarri ditu aldaketak. MiCAren arauek Europatik kanpo utzi dute munduan gehien erabilitako kriptodiru egonkorretako bat (stablecoin), Tether-ek jaulkitako USDT (350 milioi erabiltzaile). Arauaren arabera, zentralizatutako artekaritza plataformetan (exchange) zerrendatutako kriptodiru egonkorren jaulkitzaileek diru elektronikorako lizentziak izan behar dituzte, eta Europako banku independente batean eduki erreserben gutxienez bi heren. Kriptodiru egonkorren balioa beste aktibo bati lotua egoten da.
Tetherrek ez erregistratzea erabaki du, eta, araua betetzen ez duenez, Europako Batasuneko exchange guztiek kendu egin dute USDT beren zerrendetatik. Aurretik, Tetherrek euroari lotutako bere kriptodiru egonkorra (EURT) jaulkitzeari utzi zion azaroan. Haren erabiltzaileek urtebete dute orain —azaroaren 28ra arte— funtsak aldatzeko. Berdin gertatu da beste kriptodiru egonkor batzuekin, PAX, PYUSD, GUSD, GYEN eta DAIrekin.
babes gutxi
MiCA indarrean sartzeak, dena den, ez du esan nahi kriptoaktiboetan egindako inbertsioek beste inbertsioek bezalako bermeak dituztenik. Hori argi utzi nahi izan dute azken asteetan ESMA Europako Balore eta Merkatuen Agintaritzak eta CNMVk Balore Merkatuaren Espainiako Batzordeak.
CNMVk azaldu du kriptoaktiboak ez daudela inbertsioen garantia funtsak babesturik; alegia, beste finantza tresna batzuetan, erabiltzaileek aurrezkientzako ordainsariak jaso ditzakete —iruzur batengatik edo kiebra batengatik—, baina kriptoaktiboetako inbertsioetarako, aldiz, ez dago horrelako babesik.