Kriptodirua, gazteen kriptonita

OCUren arabera, Espainiako 16 eta 30 urte arteko gazteen %61ek inbertitzen dute kriptoaktiboren batean. Horien artean, %19k soilik dute kriptoaren inguruko «nahikoa» ezagutza

Irudiaren erdian, bitcoin kriptodiruaren txanpon bat. SASCHA STEINBACH / EFE.
maddi iztueta olano
2023ko urtarrilaren 6a
00:00
Entzun
Token, blockchain, bitcoin. Belaunaldi gazteen artean sarri entzuten diren hitzak dira. Kriptodiruak erabat irauli du finantza mundua, eta jarraitzaile asko lortu ditu. Zehazki, gaztetxoen artean. OCU Espainiako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako inkesta baten arabera, Espainiako 16 eta 30 urte arteko gazteen %61ek kriptoaktiboren batean inbertitzen dute. Baina mundu digitalean inbertitzen duten gutxi batzuek dakite ziurtasun osoz zertan ari diren. Inkestaren arabera, horietatik %19k soilik dute diru digitalaren inguruko «nahikoa» ezagutza, eta hamar gaztetatik bederatzik ez dute finantza aholkularirik. Horiek hala, itsu-itsuan, dirua galtzen dute gehienek, kriptodirua kriptonita bihurtzeraino.

«Aberats izateko gogoak bihurtzen du kriptomundua gazteentzat erakargarri». Horixe uste du Mikel Peñagarikanok, EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Zientzia eta Teknologia Fakultateko irakasle eta Bitcoin eta Blockchain Teknologia Masterreko arduradun izandakoak. «Joko bat izango balitz bezala ikusten dute, eta kriptounibertsoan sartzen dira», azaldu du.

Gaur-gaurkoz, ehunka kriptodiru daude. Inkestaren arabera, gehien erabiltzen direnak bitcoin (%63), ethereum (%50), cardano (%31), solana (%19), binance coin (%18), ripple (%16) eta dogecoin (%14) dira. Bitcoina izan zen sortu zuten lehen kriptodirua, duela hamalau urte.

Ehunka kriptodiru egon arren, gehiago dira existitzen diren kriptoaktiboak; 22 milioi inguru. Peñagarikanoren arabera, «zoratzekoa da kriptomunduan dagoen produktu kantitatea, eta gehienek arrisku ikaragarria dute». Izan ere, aktibo gorabeheratsuak dira. Hamalau urtean, garai gozoak izan ditu kriptodiruaren merkatuak. 2021eko azaroan jo zuen goia, COVID-19aren pandemia bete-betean; ia hiru bilioi euroko balioa izatera iritsi zen. Baina izan ditu egun batetik besterako erorialdiak ere. Urte bakarrean, amildu egin da zenbait diru digitalen balioa. Lehen postuan dagoen bitcoinak, esaterako, %70 baino gehiago egin du behera 2021eko azarotik hona: 56.200 euro balio izatetik, 15.900 euro balio izatera igaro da.

Horiek hala, EHUko irakasleak iritzi dio produktu batean inbertitu baino lehen ezinbestekoa dela produktu horren «etekin posibleak eta arriskuak» kontuan hartzea. Hala ere, argi du: «Finantzetan ez dago arriskurik gabeko etekinik». Bada, kriptoaren merkatuan, «ikaragarri handia» da prezioen aldakortasuna, eta produktu baten balioak «gora egin dezakeen bezala, behera ere egin dezake».

Geratzeko iritsi da

Energia krisiak eta Ukrainako gerrak ere utzi dute arrastoa kriptoaren merkatuan. Horien ondorioz, nabarmen igo dira interes tasak azken urtean. Are, mundu digitalean sartu diren bankuen eta inbertitzaile instituzionalen esku gelditu da diru birtualen erdia, eta horrek ere izan du eraginik.

Peñagarikanoren arabera, gero eta gutxiago dira arrisku handiko aktiboetan inbertitzera ausartzen direnak. Hala ere, uste du diru birtuala luzaroan erabiliko dela: «Baliteke bitcoina desagertzea, baina beste kriptodiru batek hartuko du bere lekua. Kriptodirua eta kriptoaktiboak gero eta gehiago erabiliko dira, eta gero eta eskuragarriago egongo dira».

Hain justu, sakelako bat duen edonor sar daiteke kriptoen finantza mundura, baita adingabeak eta haurrak ere. Arrisku horri aurre egiteko, EHUko irakasleak iritzi dio aukera bat litzatekeela eskoletan finantza arloko kontuak irakastea: «Haurrei azaldu behar zaie ezin dela dirua irabazi lanik egin gabe».

Bada, kriptodiruaren izaera espekulatiboari eta ezegonkorrari erreparatuta, hori arautzeko beharra ikusten dute bankuek eta nazioarteko erakundeek, hala nola Europako Batzordeak eta EBZ Europako Banku Zentralak. Peñagarikanoren arabera, ordea, «arauak ezartzeko mekanismoak oso geldoak dira, eta teknologia oso erritmo azkarrean hazten ari da». Beraz, haren ustez, «arauak teknologiara moldatu behar dituzte, ez teknologia beren arauetara».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.