KPIa, metaleko marra gorria

Sindikatuek goratu egin dute Arabako eta Bizkaiko metalgintzako grebek izandako erantzun zabala. Patronalen arabera, aldiz, %8k egin dute greba Araban, eta %29k Bizkaian

Ertzaintza, Iurretako piketean izandako langileetako bat atxilotzen. LAB DURANGALDEA.
Imanol Magro Eizmendi.
Sestao
2022ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Bizkaiko eta Arabako metalgintzako atzoko greba deialdiek halako mobilizazioetan ohikoak diren datu dantzak izan zituzten. Sindikatuen arabera, bi deialdiak «arrakastatsuak» izan ziren; balorazio horrek, baina, zerikusi txikia du patronalek eginikoekin. Bizkaian, esaterako, sektoreko bigarren greba egunak «erantzun zabala» izan zuela nabarmendu zuten sindikatu deitzaileek. ELAren, LABen, CCOOren eta UGTren arabera, langileen %85ek babestu zuten protesta. FVEM enpresa elkartearen arabera, berriz, erantzuna %29koa izan zen goizean, eta enpresen %60k normal-normal egin zuten lan. Araban laugarren greba eguna zen, eta, sindikatuen arabera, «inflexio puntu bat» izan zen. SEA patronalaren arabera, aldiz, langileen %8,16k baino ez zuten greba egin.

Bizkaiko grebalariek bi manifestazio jendetsu egin zituzten Sestaon eta Durangon. Aurretik, goizean, piketeak ibili ziren Durangaldeko eta Ezkerraldeko industrialdeetan. Ezkerraldean, Ertzaintzak hainbat oldarraldi egin zituen; hala ere, atxiloketa bakarra Iurretan izan zen, Arriandi industrialdean. Piketea bukatu ondoren egin zuten. Ertzainak hainbat grebalari kafea hartzen ari ziren taberna batera joan ziren, eta bat atxilotu zuten. Aurretik Boroa eta Eubako industrialdeetatik igaro ziren, eta istilu txikiak egon ziren. Barrikadaren bat edo beste jarri zuten, baina, sindikatuen arabera, «lasai»joan zen goiza. Patronalak ere nabarmendu zuen istilu puntualak izan zirela, eta deitoratu egin zituen.

Sestaoko eta Durangoko manifestazioen aurretik, atxilotua askatzeko eskatu zuten deitzaileek, eta salatu atxiloketaren atzean jardun sindikala kriminalizatzeko asmoa dagoela. Sindikatuek, halaber, FVEM patronalaren jarrera kritikatu zuten, gaur-gaurkoz ez dagoelako hurrengo bilerarako egunik. Grebara deitzeko arrazoia, izan ere, lan hitzarmenaren negoziazioan dagoen blokeoa salatzea da. Azken hitzarmena iazko abenduan bukatu zen, eta soldata taulak izoztuta daude. Hitzarmen horrek 52.000 langileri eragiten die, Euskal Herriko handiena da, eta enpresa handi askoko itunen oinarria da.

Jarrerak, baina, urrun daude. Sindikatuek berriz ere nabarmendu dute ez dutela onartuko langileen erosteko ahalmena murriztuko duen eskaintzarik, eta beraz, soldatak KPIaren arabera eguneratzea marra gorria da. Plataforma bateratuak KPI+%1eko igoera eskatzen du; iazko KPIa %6,4 izan zen, eta aurtengoa %10etik gora dago egun. FVEMen azken eskaintza, berriz, kopuru horietatik oso urrun dago: %2,75eko igoera proposatu du 2022rako, %2,5ekoa 2023rako, eta %2koa 2024rako.

Unai Orbegozo CCOOko industria saileko ordezkariak negoziazioa «desblokeatzeko» eskatu zien atzo patronalei, eta langileen eskubideak eta hitzarmena «eguneratzea» beharrezkoa dela nabarmendu. Iratxe Azkue LABekoa, aldiz, gogorragoa izan zen: «FVEMi esaten diogu mahaian jesar dadila gurekin, eta ez telematikoki. Eta jesar dadila baldintza duinak negoziatzeko».

Patronalak nabarmendu du akordioak lortzeko prest dagoela,baina, horretarako, sindikatuek beren eskaerak «malgutu» behar dituztela «enpresen egoera zaila» kontuan hartuz. Gaurko ere grebara deitua dute Bizkaiko metalgintzan, eta Bilbon izango da mobilizazio nagusia. Ikusteko dago udan greba egun gehiago antolatuko dituzten edo udazkenera arte itxarongo duten. Araban, esaterako, hurrengo greba deialdiak irailerako dira: 21ean, 22an eta 23an.

Arabako bilera, 8an

Arabako langileen manifestazio nagusia Gasteizen izan zen. Deitzaileen arabera, grebak eragin nabarmena izan zuen Tubacex, CIE, Alestis, Laminaciones Agirre eta halako lantegi handietan. Bizkaian ez bezala, sindikatuen eta patronalaren arteko hurrengo bilerak badu data: uztailaren 8a. Ioritz Iglesias ELAko industria saileko ordezkariak «eskaintza duina» eramateko exijitu zion SEAri, eta iragarri zuen ez dutela onartuko soldataren KPItik beherako eguneratzerik, eta ezta lan ordu kopurua murriztuko ez duenik ere.

Txetxu Rojo UGTko kidea antzera mintzatu zen: «Patronalak ohartu beharra dauka mobilizazio hauek eskaera bat direla, serio eta fede onez negoziatu dezan. Langileek ezin dute onartu beren erosahalmenari kalte egingo dien akordiorik».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.