Sei hilabeteko negoziazioen etenaren ondoren, Bizkaiko ostalaritzako sindikatuak eta patronala astelehenean bilduko dira berriz. Sindikatuek eginiko deialdia da, eta 2020az geroztik izoztuta dagoen lan hitzarmena berritzea dute helburu. Langileen ordezkariek «benetako mamia» duten eskaintzak eskatu dituzte, azken hartu-emanean jarrerak oso urrun zeudelako: patronalak %5eko soldata eguneraketa eskaini zuen, eta sindikatuek %12koa eskatu zuten, atzeraturiko KPIen adinakoa, hain zuzen. Sindikatuek argi dute hori dela gutxieneko eskakizuna. Akordiorik lortu ezean, beste bi greba egunera deituko dute urriaren 11rako eta 12rako. 12a jaieguna da Hego Euskal Herrian.
Bizkaiko ostalaritzako lan hitzarmenaren baldintzen arabera diharduten 22.000 langileak grebara deituta zeuden gaurko. ELA (%46,4), LAB (%24,9), CCOO (%22,7) eta UGT (%6) sindikatuek eginiko deialdia zen. Taberna eta hoteletako langileez gain, jantoki publikoak zein pribatuak hornitzen dituzten enpresetakoak (Basko, Gasko...) ere deituta zeuden. Sindikatuen arabera, azken horietan eragina oso handia izan da, %60 ingurukoa, baita hotel handietan ere. «Sindikatuok eraginik handiena dugun lantokiak dira. Itunpeko ikastetxe askotan umeek bazkaria etxetik eraman dute gaur egun, eta Loiuko aireportuko kafetegia itxita dago», zehaztu du Marije Fernandez ELA sindikatuko ordezkariak.
🗣ï¸Ã‚Â"Luxuzko hotelak, mixeria soldatak" da oihua Bizkaiko ostalaritzako langileek deitu duten greba egunean.
âš ï¸Ã‚ÂTentsio uneak Indautxu hotelaren aurrean, zuzendaritzak Ertzaintza deitu duelako.
📈KPIaren araberako soldata eguneraketa eskatzen dute.@berriapic.twitter.com/q3ASyW5tzK>— Imanol Magro (@Imagreto) October 4, 2023
Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak baldintzak inposatzea egotzi zien sindikatuei, eta Fernandezek ukatu egin du, eta azaldu du patronalak ez duela bildu nahi izan otsailaz geroztik, eta horrek erakusten duela haren borondate falta. Sindikatuek, baina, argi dute KPIa marra gorri bat dela, eta Iñigo Alonso LABeko ordezkariak azaldu du zergatia: «Azken urteetan ostalaritzako prezioak izugarri igo dira, eta irabaziak ere bai. Ostatu-gauak asko ugaritu dira hoteletan, eta logelak %30 eta %40 garestitu dira, eta hori ez da janariak eta edariak garestitu direlako».
Bizkaiko lan hitzarmenak 2020az geroztik dago berritu gabe; aldiz, Arabakoa eta Gipuzkoakoa indarrean daude. Azken hori izanda azkena, eta langileek uste dute ispilu izan beharko lukeela. Udaberrian berritu zen, soldata %12 eguneratuta, eta 2024 eta 2026 bitartean soldata igoerak KPI gehi %3koak izango dira —%6ko topearekin—. Soldata taulei dagokienez, 1.394 eta 1.743 euro gordinen artean daude, hamalau ordainketatan.