KPI BEROAK LAN ITUNAK IZOZTU DITU

Sindikatuek ohartarazi dute lan gatazkak ugarituko direla: grebara deitzeko prest dira sektore batzuetan. Inflazio handiak segida izango du aurten, eta, egoera berri horretan, talka handi bat izan da itunak egiteko eta lansariak gaurkotzeko negoziazioan. Milioi erdi bat langile daude zain.

Gasolindegi bateko salneurri errekorrak, aste honetan. L.J. / EFE.
xabier martin
2022ko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Inflazioa gora doa galgarik gabe, Ukrainako gerrak hauspotuta. Energiarekin lotutako produktuen prezioak ez dira sekula orain bezain garesti egon, eta okerrena da egoera geopolitikoak iradokitzen duela gas, gasolina eta argindarraren garestitze horren iraupenak luze joko duela.Otsaileko KPIa %7,5ekoa izan da Hego Euskal Herrian, eta Espainiako datu aurreratuak piztu zuen alarma baieztatu da. Bada, martxoko datua, Ukrainako gerraren ondorioak hobeto islatuko dituen kopurua, itzela izan daiteke. Apiril alderako inflazioa bi digitukoa izan daitekeela esan dute zenbait analistak, eta esan beharrik ez dago: 2022rako aurreikusitako hazkundea kolokan dago. 2021eko KPIak utzitako beste arazo handi bat are handiagoa bihurtu da, gainera: negoziazio kolektiboan lan akordioak egitea eta soldatak gaurkotzea.

Hego Euskal Herrian, 500.000 inguru dira lan ituna bertan behera edo berritzeko duten langileak; horien artean daude Araba, Bizkai eta Nafarroako metalgintzakoak, baina baita sektore feminizatutakoak ere, sarritan, zaintza, hezkuntza eta garbikuntzarekin lotutakoak. Batera edo bestera, Hegoaldeko beharginen erdia inguru zain daude beren lan hitzarmenak noiz egingo edo berrituko. 2021eko KPIa %6,5 delarik (urte arteko tasa), inflazio hori oztopo izugarria bihurtu da negoziazioan urratsak egiteko, eta, orain, berriz, agertokia aldatu egin dute Ukrainako gerraren ondorioek: KPI neurrigabea ez da aldi baterako izango. Esan daiteke patronal batzuen proposamenak zaharkituak geratu direla 2021eko bizitzaren garestitzea bi urtean pagatzeko edota azpiko KPIaren arabera egiteko, 2022an ere inflazioak iazkoaren mailan edo gorago buka baitezake. Eta orain, zer?

«Patronalarekin beti izan da arazo bat erosteko ahalmenari eustea soldatetan», esan dioBERRIAri Pello Igeregi ELAko negoziazio kolektiboko arduradunak: «KPIa handia denean, arazo handiagoa bihurrarazten du, noski. Iaz, itun askoren negoziazioa eten egin zitzaigun, patronala mugiarazteko gaitasunik ez genuelako, eta orain ere argi daukagu patronalak Ukrainako gerra baliatuko duela aitzakia gisa negoziazioa izozteko. Guk, berriz, argi daukagu lan gatazkak handitzea izango dela erosteko ahalmenari eusteko modu bakarra».

KPIa eta malgutasuna

Lan gatazkak handituko diren aurreikuspena iaz hasi zen oinarria hartzen, sindikatuek oso argi esplikatu dutelako erosteko ahalmenari eustea dela haien xedea, eta ez dituztela onartuko KPIaren batez bestekoa edo azpiko inflazioa hartzea erreferentzia gisa. Eta, orain, jakinda energiaren prezioen gorakada produktu guztietara zabaltzen ari dela, erabat baztertu dituzte 2021eko KPIa bi urtean egiteko formula edo haren antzekoak. «Gasa, argindarra, gasolina eta abar igotzen badira, ez dugu KPI handi bat izango soilik aldi baterako, luzerako baizik, eta enpresariek enpresen egonkortasuna jarriko dute aitzakia gisa inflazio hori ez jasotzeko soldatetan. Baina abisu argia eman du Igerabidek grebari erreparatuta: «Sektore handietan mahaiak zabalik daude, baina sektore feminizatuei begiratuko nieke bereziki lan gatazkei buruz ari bagara». Bizkaiko garbikuntzan deitu dute dagoeneko lanuztera; komertzioan ere ari dira bide hori egiten, eta metala hor dago: Araban, Bizkaian eta Nafarroan. «Gure asmoa da laster grebara deitzea sektore horretan, itunak aktibatzeko. Uda baino lehen greba indartsu baten aurrean egon gaitezke».

LAB sindikatuak ere abiapuntu bera dauka zabalik dauden negoziazio mahaietan. «Zelebrekeriak» dira sindikatuko negoziazio kolektiboko buru Xabier Ugartemendiarentzat Adegik eta beste patronal batzuek egindako proposamenak, 2021ko inflazioaren kostuak banatzeko enpresa eta langileen artean. «Patronala iaz hasi zen KPIa erreferentzia gisa ez hartzeko zelebrekeriatan, bi urtez pagatzea, batez bestekoa egitea… Kontua da langileok ari garela pairatzen hemen eta orain KPIaren igoera hori, eta, zoritxarrez, denborak arrazoia eman digu esan genuenean inflazioaren joera ez zegoela argi aurten ere».

Bien bitartean, Confebask esplikatzen ari da Ukrainako gerrak soka luzea ekarriko duela euskal ekonomian, eta enpresetan oso eragin handia egongo dela; izaten ari dela dagoeneko. Confebaskeko presidente Eduardo Zubiarrek «malgutasuna» azpimarratu du egungo inflazio altuak negoziazio kolektiboan izango duen eraginaren inguruan: «Izugarrizko arazoa da enpresentzat KPI hori. Enpresa askotan zailtasunak daude igoera horri erantzuteko, eta presioa denontzat da, kostuak denontzat igo direlako, ez bakarrik norbanakoentzat, baita enpresentzat ere. Badakigu enpresa guztiak ez daudela egoera berean, eta inflazio horren ezustearen aurrean malguak izatea baino ez zaigu geratzen».

Talka handi baten atarian

Erosteko ahalmena galtzea ez da, ordea, sindikatuen asmoa, eta, kontuan hartuta milioi erdi bat langile daudela beren lan itunak egiteko edo berritzeko, talka handi baten arriskua gero eta argiagoa da: 2012ko lan erreforma onartu eta gero, 2013an izandako talka handiaren pareko bat egon daiteke lan harremanen esparruan.

«Hitzarmen pilo bat dago negoziatzeko», gogorarazi duLABeko kide Ugartemendiak: «Metalekoak dira handienak, baina hor daude sektore feminizatu guztietako langileak, zaintza eta garbiketako milaka emakume. Urteak egin dituzte emakume horiek soldatak gaurkotu gabe. Funtsezkoak izanda eta administrazioarentzat arituta, gainera. Nola onartuko dugu inflazioaren azpitik negoziatzea?», galdetu du Ugartemendiak. Milaka ei dira beren soldatak «hil bukaerara iristeko arazoak» dituztenak inflazioa dela eta. «Bitartean, patronalak ez ditu bere irabaziak ukitu nahi».

ELAko kide Igerabide bat dator talka handi bat etor daitekeen hipotesiarekin: «Arazoa izan daitekeena aukera bihurrarazi behar dugu lan harremanak iraultzeko, lan errentek pisu gehiegi galdu dutelako azken urteetan, eta badelako garaia aberastasunaren banaketaren eztabaida mahai gainean jartzeko».

ELAren eta LABen posizio argi horietatik pixka bat aldenduta, CCOOk eta UGTk nahiago dute «sektorez sektore» aztertzea auzia, baina biek ala biek esplikatu dute krisi honen pagaburuak ez dutela «betikoak» izan behar. «Formulak ikusi behar dira, baina asmatu beharko dugu langileen erosteko ahalmenari eusten», esan dio BERRIAri Fran Osuna CCOOko ekintza sindikaleko buruak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. «Sektore bakoitzak bere bidea aurkitu beharko du: batzuek ez dute kalterik izan krisian, eta beste batzuek bai, eta horietan negoziazioa zailagoa izango da». Osuna ez dago aurreikuspenen arabera jokatzearen alde: «Ez dakigu ekonomiak nora eramango gaituen. Duela hilabete ematen zuen KPI handia aldi baterako izango zela, eta urtearen bigarren erdian jaitsiko zela, baina horrek ez du balio orain». Erosteko ahalmenari eutsi behar zaiola uste du Osunak, baina «bide desberdinak» eskaintzen du horretarako: «Erantzuna da mahai bakoitzaren araberako formulak baliatzea. Lan teknikoa da, borondatea baldin badago».

Borroka eta lapurreta

Eta Hego Euskal Herrian zer eragin izan dezake Madrilen negoziatzen ari diren balizko errenten paktuak? CCOOko kideak ez du ikusten itun bat gertu, baina ez du baztertu Madrilen egon daitekeen soldata igoerari buruzko itun orokor batek bere pisua eduki dezakeela Euskal Herrian. «Errenten paktuan oso urrun daude aldeak. Patronalak langileen bizkar utzi nahi du inflazioaren arazoa, eta ez da posible».

ELAk eta LABek ez dute ezer onik espero Espainiako Gobernua, CEOE patronala eta CCOO eta UGT sindikatuak negoziatzen ari diren itun horretatik. «Madrilen adosten badute errenten akordio bat edo negoziazio kolektiboaren akordio bat, hor ez dute erosteko ahalmena bermatuko», aurrekusi du ELAko kide Igerabidek. Bat dator uste horrekin Xabier Ugartemendia LABeko sindikalista: «Badakigu gure soluzioak ez direla Madrildik etorriko, erreformarekin ikusi dugunez. CCOOk eta UGTk igoera orokor bat adostea CEOErekin kalamitosoa izan daiteke guretzat, oraindik Espainiako lan legedia aplikatzen zaigulako Euskal Herrian, zoritxarrez. Horregatik, gu lan gaztakara goaz langileei eman diezaieten behar dituzten edukiak itun berrietan».

Pandemian «dirutza handiak» irabazi dituzten enpresak badirela uste du Ugartemendiak, «janarien sektorean, adibidez», eta uko egiten ari direnak KPIa igotzeari. Finean, LABeko kideak «borroka gaitasunarekin» lotu du langileek erantzun egokiak lortzea ala ez, erosteko ahalmenari eusteko helburu horretan.

ELAko Pello Igerabidek «lapurreta» batekin alderatu du soldaten auzia: «Bi urtean 2021eko KPIa jasotzea eta horrelako konponbide horiek ez dira errealak, ikusita 2022an inflazioarekin gertatu zaiguna. Hori lapurreta bat besterik ez da».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.