Kotizazioak ere beste koska bat igoko dira 2025ean

Soldatapekoen eta autonomoen Gizarte Segurantzako kuotek igoera txiki bat izango dute 2025an. BGAE bat duten kooperatibistei ez zaie aplikatuko autonomoen kotizazio eredu berria.

Ile-apaintzaile bat bezero batekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Ile apaintzaile bat bezero batekin. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko abenduaren 31
05:00
Entzun

Kotizazio sisteman ere aldaketa batzuekin hasiko da urtea Hego Euskal Herrian, pentsioen azken erreformak eraginda. Gizarte Segurantzaren defizita estaltzeko, autonomoen eta soldatapekoen kuotak pixka bat handituko dira, bereziki soldata handiak dituztenenak. 

1

Autonomoen kuotak

2024an, autonomoen kuota sistema berria martxan jarri zen Hego Euskal Herrian. Xede nagusia da irabazten dutenaren (errendimendu garbien) arabera kotizatzea Gizarte Segurantzan; erreforma horren aurretik, autonomoek beraiek aukeratzen zuten zenbat ordaindu nahi zuten, gutxieneko batekin.

Orain, hamabost tarte daude, eta horietako bat aukeratu behar dute, nork bere negozio aurreikuspenen arabera —Gizarte Segurantzak simulagailu bat du bere webgunean kalkulu hori errazteko—. Tarte horietako bakoitzak ezartzen du gutxieneko eta gehieneko kuota bat, eta hori berritu egiten da urtez urte.

Erreforma pausoka egiten ari dira 2030era arte. Denbora horretan gero eta gutxiago ordainduko dute irabazi apalak dituztenek, eta gero eta gehiago irabazi handiak dituztenek. Hala, 2025ean, gutxiago edo berdin ordainduko dute hilero 1.700 euroko diru sarrera garbiak aitortzen dituzten autonomoek. Hortik gora jasotzen dutenek —multzo handiena dira—, gehiago (ikusi taula). Gaur egun 213.600 bat langile autonomo daude Hego Euskal Herrian.

Horrez gain, kuota horiei gehitu behar zaie azken erreformarekin abian jarri den belaunaldien arteko ekitate tresna (MEI). 2025ean hamarren bat igoko da horri dagokion kopurua, %0,8raino, eta hori, batez beste, hamar euro gehiago izango da autonomoen hileroko kuotan.

2

Tarteak

Autonomo askorentzat ohikoa da hilabeteen artean aldaketa handiak egotea irabazietan, eta, beraz, zaila da aurreikustea urtebetean zenbat irabaziko duten. Hori dela eta, sistema berriak aukera ematen die urtean sei aldiz kotizazio oinarria aldatzeko.

Gizarte Segurantzak ogasunekin gurutzatzen ditu datu horiek, eta, ebazten badu aukeratutako kotizazio oinarria ez dela zuzena, hala jakinarazten dio langileari. Hain justu, 2023an behar baino gehiago kotizatu dutenak gutun bat jasotzen ari dira egunotan, itzuliko dieten diruaren berri emateko. Apirila baino lehen jasoko dute diru hori, baina zenbateko hori itzultzeari uko egiteko aukera ere badute, beren pentsioak eta etorkizuneko beste prestazio batzuk hobetzeko. Gutxiago ordaindu dutenek, berriz, aurrerago jasoko dute jakinarazpena, Gizarte Segurantzari zor dioten kopuruarekin.

3

Lehen aldiz autonomo

Eta zer gertatzen da lehen aldiz autonomo gisa erregistratzen direnekin? Aurten indarrean sartu zen erreformarekin, tarifa berri bat sortu zen, kuota murriztua deiturikoa, eta horri eutsiko zaio 2025ean ere. Kuota hori 80 eurokoa da lehen hamabi hilabeteetan, eta beste urtebetez luza daiteke, baina bigarren urtean SMI gutxieneko soldata baino gutxiago patrikaratu beharko dute.

4

Kooperatibistak

Urteko azken ministroen kontseiluan, Espainiako Gobernuak onartu zuen ez aplikatzea autonomoen kotizazio eredu berria sistema publikoaren osagarri den prestazio sozialetarako sistema interkooperatibo bat dutenei —Lagun Aro BGAEa, Mondragon taldekoen kasuan—.

Ildo horretan, hau baizik ez da ezartzen: kolektibo horretako kideek taula orokorreko 1. tarteko gutxieneko oinarriaren berdina edo handiagoa den hileko kotizazio oinarriagatik kotizatu beharko dutela.

Neurria urtarrilean sartuko da indarrean, baina Kongresuak babesa eman beharko dio hilabeteko epean. Pedro Sanchezen inbestidura akordioan EAJk bultzatu eta jasotako neurrietako bat zen hori.

Autonomoen kotizazio sistema berriak kooperatibistei kapital higigarriaren etekinengatik ere kotizatzeko beharra ezartzen zien — adibidez, kooperatiba itzulkinengatik edo jarritako kapitalaren gaineko interesengatik— eta ez soilik laneko irabaziengatik edo hileko soldatarengatik. Gainera, sistema berriak ezartzen du autonomoek beren diru sarreren %100 Gizarte Segurantzan kotizatu behar dutela.

Lagun Arokoek kritikatu zutenez, bi neurri horiek kolokan jar zezaketen prestazio sozialetarako sistema interkooperatiboen etorkizuna. Gaur egun, Mondragon taldekoek Gizarte Segurantzari ematen diote euren kotizazioen %60, eta %40 BGAE horretara doa.

Ezberdintasun batzuk daude kooperatibisten sistemen eta soldatapeko langileen BGAEen artean. Ez dira erretiro pentsioak osatzeko aurrezki sistema soilak, beste prestazio batzuk jasotzen dituzte autonomoen gabezia batzuk estaltzeko: aldi baterako ezintasun kasuetarako, langabezia egoeretarako...

5

Soldatapekoak

Autonomoenak ez ezik, soldatapeko langileen kotizazioak ere handituko dira. Haiei ere eragingo die belaunaldien arteko ekitate tresnak: %0,8 ordaindu beharko dute, iaz baino hamarren bat gehiago. Portzentaje horren %0,67 enpresek jarriko dute, eta %0,12, langileek. Beste aldaketarik ez badago, 2029an amaituko dira MEIren igoerak, %1,2 handitzen direnean: orduan %1 jarriko dute enpresek, %0,20 langileek.

Gizarte Segurantzaren defizita estaltzeko beste neurri bat da soldata handiak dituztenen kotizazioak inflazioaren gainetik handitzea: 2050 arte, batez besteko inflazioa gehi 1,2 puntu handituko dira. Gaur egun, gehienez 4.720 euro kotizatu ditzakete hilean, baina urtarriletik aurrera 4.909 euro izango dira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.