Pentsioak zergekin ordaintzea kritikatu, eta bestelako diru iturriak proposatu ditu Mikel de la Fuente EHUko zuzenbide doktoreak (Balmaseda, 1948).
Gizarte Segurantzaren defizita dela-eta beste erreforma bat egingo dela espero duzu?
Aurrera begira, sistemaren defizitak murriztuko dira, batez ere enpleguaren hazkundeari esker. Baina diru behar handia egongo da 2017. urtean, eta gerta liteke defizit koiunturala baliatzea doikuntza bat egiteko.
Murrizketa gehiago datoz?
Ez dute halakorik iragarri. Aipatu da alarguntza eta zurztasun pentsioak ordaintzea aurrekontuen bidez. Presio handiak daude defizita murrizteko, eta susmatzen dut aldaketa horrekin batera pentsio horiek asistentziazkoak bilakatuko direla. Orain arte, bateragarriak dira lanarekin edo beste pentsio batekin. Zergen diruarekin ordaintzen badira, posible da baldintzak ezartzea. Hori esan zuen PPko ordezkari batek, Fernando Lopez de Trokonizek, Toledoko Itunean duela hogei urte, eta eskandalua sortu zuen.
Nolako baldintzak ezar daitezke alarguntza pentsioetan?
Erabaki dezakete soilik diru sarrera eskasak dituztenek kobratzea, edo soilik urte batzuetarako, edo bakarrik adin batetik aurrera. Arrisku hori badago.
Alarguntza pentsioen izaera aldatzea zer iruditzen zaizu?
Pentsamendu feministan badira alarguntza pentsioen aurka daudenak, belaunaldi berrientzako. Argudiatzen dute ezkonduta egote hutsagatik ordain bati eusteak ez diola laguntzen emakumearen autonomiari. Nik ñabardura bat egingo nuke. Emakumeek batez ere jasotzen dituzte pentsio horiek, eta konpentsazio tresna bat dira haiek kotizatu dituzten pentsio eskasetarako. Emakumeen pentsioak, batez beste, gizonenak baino %38 txikiagoak dira. Gauza bat da lehentasuna izatea emakumeek kotizatzen dituzten pentsioak igotzea, baina beste bat da horiek orain kentzea edo jaistea.
Zer egin daiteke diru sarrerak handitzeko? Kotizazio oinarriari mugak kentzea aipatu da.
Soldaten parte bat kanpoan uzten dituzten kotizazio oinarriak ditugu. Izan liteke bide bat. Aspaldi egindako azterketa batek zioen EAEko soldataren %20 geratzen zela kotizaziotik kanpo.
Oinarriei muga kenduta, gehienezko pentsioa igo behar da?
Zentzuzkoa dirudi. Soilik kotizazioa igota, alde handia legoke jarritakoaren eta kobratuko denaren artean. Horrek zerga gehien ordaintzen dutenak bultzatuko lituzke pentsio pribatuetara. Gizarte Segurantzaren aurka jarriko lirateke, eta ez lukete izango interes objektiborik sistema hobetzeko.
Gastua ere igoko bada, zertarako kendu muga kotizazioari?
Pentsio gastua igoko da, baina kontuan hartu halako moldaketa batek berehala igoko dizkizula diru sarrerak. Hau da, etorkizunean pentsio handiagoak ordainduko dituzu, baina orain duzun diru premia konpontzen dizu.
Enpresentzako pizgarriak aurrekontuetara eramateko prest agertu da Espainiako Gobernua.
Nik ez nituzke aurrekontuekin ordainduko. Zuzenean ezabatuko nituzke. Ez dute ia efekturik kontratazioan. Mauka efektua gertatzen da. Enpresak berdin-berdin egingo lukeen kontratu bat egiteagatik dirutza jasotzen du.
Kotizazioak igo daitezke?
Urte luzez ez dira mugitu. ELAk azaldu berri du aberastasunaren hiru puntu pasatu direla soldatetatik enpresen irabazietara. Horrek eman beharko luke aukera zuzeneko soldatak igotzeko, baina baita zeharkakoak ere, azken finean hori direlako kotizazioak. Kalkulu oinarria zabaltzea ere aukera bat da, soldatak ez ezik, banatzen diren irabaziak ere barruan sartuta. Dibidenduek kotizatuko lukete. Horrela ez litzateke kaltegarria izango langile asko dituzten enpresentzat, gainera.
Etorkizuna dute soilik kotizazioetan oinarritutako pentsioek?
Ez da kontu tekniko hutsa, auzi sozial eta politikoa ere bada. Kotizazioekin aurrera egitea ezinezkoa dela dioen ideiaren atzetik jarrera argia dago: ezin zaiela enpresei gehiago eskatu. Logika horri jarraitzen dio Ciudadanosek ere, eta esaten du soldatak txikiak direla, baina enpresek ordaintzen dutena igo beharrean, proposatu du osagarri publiko bat jartzea. Pentsaera inozoa da. Posible da kotizazioetan oinarritutako sistema bati eustea, eta bat dator Gizarte Segurantzaren jatorri historikoarekin.
Erreserba funtsa amaitu egingo da. Zer gertatuko da ondoren?
Hor zehar entzun dut funtsa amaitzen bada ez direla pentsioak ordainduko. Ez da horrela, funtsak parte txiki bat ordaindu du urteotan. Hortik aurrera, faltako den dirua zergetatik jarri beharko da, estatuak jarrita, edo kotizazioak berehala igo beharko dira. Edo berehalako erreforma bat egiten dute, ordain bat kenduta, beste herrialdetan ez dagoela argudiatuta. Badakigu nolakoak diren.
Erreforma giroa baliatuta, Gizarte Segurantzaren erregimen ekonomikoa eskualdatzeko eskatu du EAJk. PSE-EErekin sinatu duen gobernu itunean ere badator. Egingo da?
Ez dena hainbeste urtetan egin ez dut uste orain egingo denik. Arazoa da gauza oso mugatua dela, gainera. Kudeaketaren transferentziak esan nahi du diru sarrera eta gastu arauak jartzen jarraituko lukeela estatuak. Hemen bilketa hutsa egingo litzateke, eta gutxi gehiago.
Hori ere ez dela bideragarria diote kritikoek.
Ez, kritikoek diote ez dela bideragarria sistema propio bat.
Bi gauzak nahasten ari dira? Kudeaketa jasota ere, sistemak jarraituko luke orekatzen hemengo bilketaren defizita?
Transferentziak ekarriko luke sistema zentralizatu baten kudeaketa. Nik hala ulertzen dut, sistema zentralizatu horrek defizita estaliko lukeela, orain arte bezala. Ez litzateke bideragarria zuk diru sarrera eta gastu guztiari heltzea, arauak jartzeko ahalmenik gabe.
Eta posible da gizarte segurantza sistema propioa sortzea?
Hasteko, Espainiak defizita du. Euskal sistema batek ere izango luke, Espainiakoa baino apur bat handiagoa. Edo ez. Egia da gastua handituko litzatekeela, pentsio handiagoak direlako, baina diru sarrerak ere handituko lirateke. Egungo arauekin, defizita legoke.
Diru sarreren eta gastuen arteko aldea %20 da orain.
Beti pentsatu dut gauza hauek ez direla egin behar negozio ona direlako, baizik eta hobea delako. Zaila da pentsatzea euskal esparru batean egingo zirela azken urteotan izan ditugun murrizketak. Pentsaezina da ere gutxieneko soldata 655 eurokoa izango dela. Diru sarreren ikuspuntutik, iruzurra kontrolatzea errazagoa litzateke. Bada kotizazioari ihes egiten dioten gauza asko. Ordu estrak, esaterako. Aukera legoke diru sarrerak hobetzen dituzten politikak ezartzeko. Sistema jasangarria litzateke. Gastu gehiago genuke, bai, baina ekonomia oparoa bagara, horretarako balio beharko luke.
Pentsio sistema bidegurutzean. Elkarrizketa. Mikel de la Fuente. Zuzenbide doktorea EHUn
«Kotizazio oinarria zabal liteke, horretan dibidenduak sartuta»
De la Fuentek azaldu du posible dela soilik kotizazioetan oinarritutako Gizarte Segurantza bati eustea, eta argudiatu du aukera legokeela Euskal Herrian sistema propio eta «jasangarria» eratzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu