Bekadunei ordaintzea dagokie orain

Bekadun gisa kotizatu ez zutenek denbora tarte hori berreskuratzeko aukera dute apiriletik. Batez ere ikerlariei eragin die neurriak, baina ez daude erabat ados, norberak ordaindu behar baitu garai batean kotizatu gabekoa.

EHUko bi ikerlari, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
EHUko bi ikerlari, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Aitor Garmendia Etxeberria.
2024ko ekainaren 11
05:00
Entzun

Gizarte Segurantzan kotizatu gabe jardun izan duten bekadunek hilabete horiek berreskuratu ahal dituzte orain. Horretarako, baina, beraiek ordaindu behar dute kotizatu gabekoa, eta, hasieran, 2024ko kotizazio oinarriaren arabera zehaztu zuten ordaindu beharrekoaren zenbatekoa —bekadun izan ziren urteetakoa baino garestiagoa—. Hori horrela, kexak egon ziren, eta Espainiako Gobernuak atzera egin du. Azken aldaketen ostean, kotizatu gabeko hilabeteak berreskuratu nahi dituztenek bekadun moduan aritu zireneko kotizazio oinarriaren arabera ordainduko dute.

Horren guztiaren atzean dago iaz onartutako Bekadunen Estatutua. Urte hasieratik, bekadun guztiek, izan soldatapekoak edo soldatarik jasotzen ez dutenak, Gizarte Seguratzan kotizatzen dute, derrigor. Aurten arte ez da horrela izan, eta, horregatik, apirilean jarri zuten indarren kotizatu gabe bekadun izandakoek urte horiek errekuperatu ahal izateko neurria.

«Errekuperatzeak esan nahi duena da norberak ordaintzea garai batean kotizatu gabekoa», argitu du Jon Ander Elorriagak, EHUn LAB sindikatuaren ordezkaria denak. Elorriaga ikerlari gisa bekadun izandakoa da, eta zortzi urtez jardun zuen kotizatu gabe: «Lau urte egin nituen lanean ikerkuntza proiektuetan, gero doktoretza beka bat lortu nuen, eta beste lau urtez aritu nintzen. Garai hartan ez zuten nigatik kotizatu».

«Errekuperatzeak esan nahi duena da norberak ordaintzea garai batean kotizatu gabekoa».

JON ANDER ELORRIAGALABen ordezkaria EHUn

Izan ere, neurri berriak ikerlariei eragiten die batez ere, haiek baitira bekadun gisa urte gehien igarotzen dituztenak. «Tesia egiten, bestelako proiektuetan eta doktoretza osteko ikerketetan kotizatu gabeko urte asko kateatu dituzte zenbaitek. Badaude hamar edo hamabost urte egoera horretan igaro dituztenak. Horrek eragin handia du erretiroa hartzerakoan», azaldu du Elorriagak. Horregatik, arau berria ez zaio nahikoa iruditzen, soilik bost urte errekuperatzeko aukera eman baitu.

Ruben Urizarri, berriz, ondo etorriko zaio. 1995ean hasita, bi urte eta erdiz aritu zen kotizatu gabe EHUko Ixa ikerketa taldean: «Nirea ez da kasu larrienetakoa, baina ondo etorriko zait bi urte eta erdi horiek kotizatzea. Lehenago hartu ahal izango dut erretiroa».

Neurria, «berandu»

Urizar bezala, egoera horretan dauden gehienak duela urte asko izan ziren bekadun. Horregatik, Elorriagaren ustez, neurria «oso berandu» iritsi da. «Zenbaitetan duela 30 urteko kontuak dira; orduan bekadun izandako batzuk jada erretiratuta edo erretiroa hartzear daude. Beraz, kaltea handia izan da», jakinarazi du LABeko ordezkariak. Iritzi berekoa da Urizar: «Bekaldia egin izana frogatu behar da, eta jende askok ezin du. Hainbeste urteren ondoren, bekadun batzuk lanean aritutako erakundeak jada ez dira existitzen». Berak lortu du erakundearen frogagiria, Ixa ikerketa taldea oraindik martxan baitago.

«Hainbeste urteren ondoren, bekadun batzuk lanean aritutako erakundeak jada ez dira existitzen».

RUBEN URIZARIkerlaria

Orain, Urizarrek beste urrats batzuk egin behar ditu: unibertsitateak egin beharreko papera lortzea eta eskaera egitea. Baina zain dago. Izan ere, apirileko arauan egindako aldaketak direla medio, neurria ez atzera ez aurrera dago. Elorriagak azaldu duen moduan, bekadunek ordaindu behar dute garai batean enpresak edo erakundeak kotizatu gabekoa. Eta ordaindu beharrekoaren zenbatekoak eragin ditu aldaketak. Hasieran, araudiak zihoen bekadunek 2024ko kotizazio oinarriaren arabera ordaindu beharko zutela. «Dirutza bat ordaindu behar zen. Bost urte berreskuratu nahi izanez gero, 17.000 euro inguru ordaindu behar ziren [hilabeteko, ia 300 euro]», azaldu du Urizarrek.

Kexa asko egon ziren, eta azkenean neurria aldatzea erabaki zuen Espainiako Lan Ministerioak. «Azkenean, bekadun gisa aritutako urtearen kotizazio oinarria hartuko da kontuan», zehaztu du Elorriagak. Horrela, asko merkatuko da duela urte asko bekadun izandakoek ordaindu beharrekoa. Urizarri dagokionez, esaterako, hasieran ordaindu behar zuenaren herena ordaindu beharko du. Halere, azken aldaketa hori ez da indarrean sartu oraindik. Horren zain dago Urizar hurrengo urratsak egiteko.

2011n ere ikerlariek izan zuten aukera kotizatu gabeko urteak erretirorako kontuan hartzeko. Ordukoan, gehienez bi urte berreskuratu ahal izan zituzten. Urizarrek prest izan zituen paper guztiak, baina, azkenean, atzera egin zuen: «Garai hartan urrun ikusten nuen erretiroa». Jende askok ez zuen aukera hori baliatu, beste arrazoi batzuengatik: «Askok ez zuten neurriaren berririk izan; gainera, garai zailak ziren, eta zenbaitek ezin zuten ordaindu». Elorriagak, ostera, baliatu zuen 2011ko aukera, eta kotizatu gabe zituen zortzi urteetatik bi berreskuratu zituen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.