Beñat Molimos. EHLGko presidenteetako bat

«Kostaldearen ardura ere bada barnealdeko laborantza salbatzea»

Ipar Euskal Herria batzeak onura ekarriko lioke laborantza ereduari, Molimos EHLGko buruaren ustez. Horretarako, garrantzitsu deritzo kostaldearen eta barnealdearen arteko elkarlana sustatzeari.

maddi ane txoperena iribarren
Ainhize-Monjolose
2016ko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Euskal Herriko Laborantza Ganberaren (EHLG) 11.urteurren besta prestatzen ari zela erantzun die Beñat Molimosek (Bunuze, Baxenabarre, 1966) BERRIAren galderei. Mixel Berhokoirigoinek kargua utzi zuenetik hura da EHLGko presidenteetako bat, Francis Poineaurekin batera. Jendearekin elkartu eta urteko bilana egiteko parada ere izanen dute gaurkoa Ainhize-Monjolosen (Baxenabarre).

Urtebete pasatu da Mixel Berhoikoirigoinen lekua hartu zenutela. Zergatik erabaki zenuten baten ordez bi presidente izatea?

Gure nahia zen galdera guziei erantzutea, zeren eta anitz galdera ukaiten baitugu, eta gero eta gehiago. Halaber, nahi genuen laborantzaren arlotik atera, eta harremanak sortzea bai kontsumitzaileekin, bai hautetsiekin, bai gizarteko beste partaideekin.

Lortzen ari zarete?

Bai. 11 urtez ikusi dugu zinez harremanak sortu direla, hautetsiak heldu direla guregana, kontsumitzaile talde batzuk ere... Aniztasuna nahi genuen sortu laborantza arlo bakarretik ateratzeko, zeren eta laborantzaren geroa ez baita bakarrik laborariena, baita beste gizarteko partaideena ere.

Zertan aritu zarete aurten?

Hasi sailak segitu ditugu, baita azkartu ere, eta ireki ditugu bi sail berezi. Bata hazkuntzari buruzkoa: gehiago laborariei buruz, zeren eta galderak bagenituen hazkuntzan, sustut kabalen bazkatzeko moldeen gainean, aholku batzuk emateko. Beste sail bat atera dugu agro-oihangintzaren itzulian. Lehiaketa bat bagenuen abiaturik, eta presentatze publiko bat egin genuen ikusteko hemen agro-oihangintza nola gauzatzen zen etxaldeetan. Orain deliberatu dugu agro-oihangintzari buruz lana eramatea. Gers eskualdeko elkarte batekin juntatu gara, jada lan egiten duena sail horretan. Haiekin kontaktuan gara ikusteko hemen agro-oihangintza nola garatzen ahal den. Hori da arbolaren itzulian, hesien itzulian. Badugu pertsona bat ariko dena gai horren lantzen.

Gero eta sail gehiagotara ari zarete zabaltzen, beraz. Erran daiteke osasun onean dela EHLG?

Bai. Uste dut laborantzan egiten ahal genituen sail guziak irekiak ditugula. Zeren eta guretzat laborantzak ekonomikoki badu bere eginbeharra: behar da laborantzatik bizi. Baina badu beste eginbehar bat: ingurumenaren zaintzea. Eta hirugarrena, betebehar soziala: enpleguaren mantentzea eta baldintza onetan. Helburu horiei begira sail guziak irekiak ditugu. Langile kopuruan ere: badira hemeretzi langile EHLGn, eta hamazazpi denbora osoan.

Ingurumena zaintzea laborantzaren eginbeharretan dela diozu. Lurrama azokan ere klima aldaketa zenuten lelo nagusia.

Ingurumenaren sailean hori da gai gotorrena. Nonbait, guk eramaten dugun laborantza iraunkorraren ereduak du gehienik ingurumena errespetatzen, eta efektu positibo bat egiten klima aldaketan. Helburua da modelo hori eginahala garatzea eginahala etxaldetan, horrek ondorioak ukanen baititu bai ingurumenean eta bai berotze efektuan ere.

Hazkuntzan hurbileko zirkuituak, transformatzeari buruz ari direnak, kontsumitzailearekin harreman zuzena ukaitea... Lekuan ezarri ditugun desmartxa kolektiboek helburutzat hori dute: ekonomia birlokalizatzea, harreman zuzenago bat ukaitea kontsumitzailearekin, hurbileko harreman bat, eta horrek berenaz ukaiten ahal du efektu positibo bat ingurumenean.

Euskal Kosta-Aturriko hirigunearekin batera egindako lan bat aurkeztuko duzue gaur. Zer da?

Diagnostiko bat egin dugu ikusteko zer lur eremu dauden Euskal Kosta-Aturri hirigunean, eremu horietan zer egiten den eta non kokatzen diren. Eta diagnostiko horretarik landa aholkuak eman ditugu hirigune elkargoari ikusteko zein maneratan babesten ahal dituen lur horiek laborantzaren biziarazteko. Hiru pista aipatu ditugu: lurraren babestea eraikitze dokumentuetan, instalazioa garatzea eta tresna kolektiboak lekuan ezartzea, hor ekoitziak diren gauzen transformatzeko.

Eta hautetsiek kasu eginen diete aholku horiei?

Nahi badute jendea bulta arazi hirietan laborantzan plantatzera, behar dute jendea konfiantzan ezarri eta erakutsi zinez kolektibitatea ere engaiatzen dela laborantzaren atxikitzera gune horietan. Uste dut hori biziki inportantea den, zeren eta erratea «lurra badugu, nahi ditugu gazteak lur horietan» ez da aski. Baldintzak behar dira zinez egokiak lekuan ezarri gazte baten motibatzeko.

Guk diagnostiko hori egina dugu, aholkuak emanak ditugu, eta orain hautetsien hautua izanen da eramaten duten lan zehatz bat laborantzari buruz. Gu prest gara haien laguntzeko, baina hautua hautetsiek dute egin behar. Badakigu hautetsietan badirela zenbaitzuk gehiago nahi baitute etxeak eraiki, eta beste batzuk badirela ingurumena zaindu nahi dutenak eta laborantza ere nahi dutenak salbatu. Ikusiko dugu ondorioak zer izanen diren...

Berriki, Ipar Euskal Herriko elkargoaren alde lerrokatu zarete. Zergatik?

Euskal Herria bi partetan zatitua da: barnealdea, non laborantza bizi den, eta kostalde hori, non jendea eta enpresak kontzentratuak diren. Elkar osaketa bat behar dugu sortu, zeren eta kostaldeak badu barnealdearen beharra bere elikatzeko, produktuen kontsumitzeko. Eta barnealdeak badu kostaldearen beharra, kontsumo gune handiena hor baita.

Hor jokoan dena da zein laborantza nahi dugun, eta kontsumitzaileek badute horretan pisu handia: beren kontsumitzeko manerarekin sustatzen dute edo laborantza herrikoi bat, edo laborantza industrial bat. Barnealdeko laborantzak lotura baldin badu kontsumitzaile mundu horrekin, eta, beraz, kostaldearekin, garatzen ahalko dugu laborantza herrikoi bat. Harreman hori ez baldin badugu lortzen, aldiz, hemengo laborantzak ere beste itxura bat ukaiten ahalko du: izaten ahal dira etxalde gero eta handiago batzuk eta laborantza sistema industrial bat.

Elkargoak zer ekarriko luke horretan, ordea?

Gogoeta orokor bat. Zeren eta bi mundu desberdin baitira barnealdea eta kostaldea, eta uste dut kostaldeko gune horren ardura ere badela barnealdeko laborantzaren salbatzea. Laborantza herrikoi eta iraunkorra nahi baldin badugu garatu, eta hori litzateke kontsumitzaileen abantailetan, behar ditugu bi mundu horiek juntatu, eta horretarako behar dugu elkarretaratu. Absolutuki,beharrezkoa da elkargoa, barnealdearen biziarendako sustut. Laborantzan ikusten dut, baina baita ekonomian ere: izaten ahal dira enpresa batzuk jiten ahal direnak barnealdera eta plantatzen. Gauza guziak antolatu behar dira. Lurraldeko ekonomiaren aldeko urrats bat izanen da Ipar Euskal Herriko elkargo bakarra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.