Koronabirusa

Koronabirusaren krisiak ia 31.000 enplegu galarazi ditu Hegoaldean

Apiril beltz batek beste 13.507 langabe gehitu ditu Lanbidera eta Nafar Lansarera, zerbitzuetan nagusiki. Beste 187.737 langile aldi baterako enplegu erregulazioan zeuden hilaren amaieran

Iker Aranburu.
2020ko maiatzaren 6a
00:00
Entzun
Koronabirusaren krisiaren lehen kolpea bezain gogorra izan da bigarrena. Martxoan 14.364 langabe gehiago izan zituzten erregistraturik Lanbiden eta Nafar Lansaren, eta apirilean beste 13.507 batu zaizkie. Kopuru bata zein bestea okerrenak dira serie historikoan. Bien batura ia 27.871 lagun dira, eta ez dago hortik urruti Gizarte Segurantzak azken bi hilabeteetan Hego Euskal Herrian izan duen zuloa: 38.817 lagunek utzi diote kotizatzeari.

Kolpea handia da —Atzeraldi Handian ez zen gertatu halako txikiziorik bi hilabetean—, baina are bortitzagoa izango zen baldin eta enpresa gehienek ez balute jo enplegua aldi baterako erregulatzeko txostenetara itxialdiak jarduera ekonomikoa geratu zuenean.

Gizarte Segurantzaren datuen arabera, apirilaren 30ean 187.737 langile zeuden aldi baterako erregulazioan Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan. Horrek esan nahiko luke milaka langilek jada utzi diotela erregulazioan egoteari. Izan ere, Eusko Jaurlaritzaren azken datuek diote 188.000 langileri eragin diotela orain arteko erregulazioek, eta Nafarroak 50.000tik gora direla jakinarazi zuen joan den astean.

Datuen larritasuna ezkutatzeko saiorik ez dute egin gizarte eragileek. «Espero zenez, oso egoera ekonomiko eta sozial gogorraren aurrean gaude», azaldu du Mari Carmen Maeztu Nafarroako Eskubide Sozialetako kontseilariak. «Benetan kezkagarria», Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusiaren hitzetan. Azken horrek onartu du Lanbideren tresnak eta prozedurak berrikusi beharko dituztela, «gainera datorkigun errealitatera egokitzeko». Arazo bat nabarmendu du Belandiak: 5.555 langabek oinarrizko hezkuntza baizik ez dute. Gaineratu duenez, apirilean 883 lagun handitu zen DSBE diru sarrerak bermatzeko errenta jasotzeko eskubidea zutenen kopurua.

ELAk «enplegua babesteko bermeak» eskatu ditu, eta neurri sozialak, langile kaltetuak defendatzeko. Antzeko bidetik jo du LABek ere: «Zailtasun bereziko une hauetan, garrantzitsua da susperraldiari ekiteko oinarriak ezartzea, inor atzean utzi gabe, bidea itxiz prekaritateari, azpienpleguari eta murrizketa sozialei». CCOOk, berriz, gogorarazi du martxoaren amaieraz geroztik arrazoi objektiboengatik kaleratzea zaila dutela enpresek, eta behin-behineko kontratuen «gehiegikeriek» ekarri dutela, hortaz, langabe kopurua handitzea.

Confebaskeko Pablo Martinek, berriz, «oso negatibotzat» jo ditu zenbakiak. «Maiatzerako ez ditugu datu onak espero, baina espero dugu erorikoaren zatirik handiena jada gertatu izana».

LANGABEZIA
Zerbitzuetan nagusiki


Langabe kopuruaren igoera pixka bat mantsotu da apirilean, martxoan baino 857 gutxiago batu baitira Lanbidera eta Nafar Lansarera. Lautik hiru zerbitzuetakoak dira, eta %13 baizik ez industriakoak. Horrekin uler daiteke industriako enpresek gehiago jo dutela aldi baterako erregulazioetara, debekuak bertan behera gelditzean aurreko jarduerara itzultzen saiatzeko itxaropena zutelako. Industria izan da, berez, konfinamenduak iraun duen zazpi asteetan gutxieneko jarduera bati eutsi ahal izan dion sektore nagusi bakarra, eta hura izan da aurrena bizitza normalago batera itzultzen. Edonola ere, oro har eskariak lehortu edo gutxitu egin zaizkio euskal industriari, eta horrek eragin handia izango du hurrengo hilabeteetako enpleguaren datuetan.

Zerbitzuetan, berriz, berehalakoa izan da kaltea, ostalaritzan eta merkataritzan batez ere. Zerbitzuetan emakumeek pisu handia dutenez, pentsatzekoa zen andrazkoen artean langabezia gehiago haziko zela gizonen artean baino, baina SEPEren datuek ez dute halakorik erakusten. Sexu batekoen zein bestekoen langabezia tasek 2,2 puntu egin dute gora azken bi hilabeteetan —%15,5era emakumeena, %11,5era gizonena—. Are gehiago, otsailean langabeen %57 ziren andrazkoak, eta orain %55 dira.

Enplegu aldetik krisia gutxien antzeman duen sektorea lehenengoa da. Uzta batzuk biltzeko garaia denez, Araban eta Nafarroan eskulana hartu behar izan dute, eta antxoaren kosteraren hasierak kotizatzaileak gehitu ditu Gipuzkoako eta Bizkaiko itsasertzeko herrietan.

AFILIAZIOAK
Autonomo gutxik utzi dute


Aldi baterako erregulazioak errazteak eta egoera horretan geratzen diren langile guztiei prestazioa ziurtatzeak arindu egin du langabeziaren handitzea. Efektu hori bera izan du Espainiako Gobernuak autonomoentzako onartutako langabezia sari bereziak. Hura jasotzeko baldintzen artean zegoen Gizarte Segurantzan jarraitzea —berez, kotizazioa ordaindutzat jotzen da—, eta, horren ondorioz, langile autonomo gutxik utzi dute sistema. Martxotik apirilera, batez beste, 1.397 izan dira, hau da, autonomoen %0,6 bakarrik.

Zenbaki osoetan eta proportzionalki askoz eroriko handiagoa izan da etxeko langileen artean. Apirilean 1.846 langilek utzi diote Gizarte Segurantzaren atal horretan kotizatzeari, beharginen %5ek. Etxeko langileentzat ere propio sortutako subsidioa sortu du Madrilgo gobernuak: atzodanik eska dezakete lanik gabe geratu direnek eta etxe batzuetako zerbitzua galdu dutenek.

LANGABEZIA SARIAK
Martxoan, %31,2k


Lana galdu dutenen estaldura zein den jakiteko, denbora beharko da, datuak hilabete beranduago iritsi ohi baitira. Martxoan, langabeen %31,2k jaso zuten prestazio arrunta. Langabeen zerrendan ez agertu arren, prestazioa dagokie erregulazioan daudenei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.