Kopa erdi hutsik

Mundu osoan doa behera ardoaren kontsumoa: 2007an baino %15 gutxiago edan zen iaz. Ekoizpena ere apaltzen ari da, baina kontsumitzen den baino handiagoa da oraindik.

Mahatsa biltzen Suitzan, Leman lakuaren ertzean, artxiboko irudi batean. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE
Mahatsa biltzen Suitzan, Leman lakuaren ertzean, artxiboko irudi batean. JEAN-CHRISTOPHE BOTT / EFE
Iker Aranburu.
2024ko irailaren 27a
05:00
Entzun

Arabako mahastizainek eta ardogileek gaur egun duten egoera zaila oso ezaguna egiten zaie Nafarroako sor-markan dabiltzanei, urteak baitaramatzate sotoetan pilatutako ardoari irtenbide bat aurkitzeko zailtasunekin. Baina Euskal Herritik kanpo ere krisian dago ardogintzaren sektorea, ia eskualde guztietan. Aurreko astean, esaterako, Frantziako Gobernuak jakinarazi zuen 120 milioi jarriko dituela mahastiak kentzen dituzten mahastizainak laguntzeko. Horren zati handi bat jasoko dute Bordelekoek, mahastien %10 kentzeko prozesuan baitaude.

Frantzia ez da, ordea, mahastiak kentzen ari den bakarra. Iaz, hirugarren urtez jarraian, txikitu egin zen munduan ardoa egiteko landatutako mahastien azalera. 7,2 milioi hektarea ziren, aurreko urtean baino %0,5 gutxiago. Murrizketa hori «eskualde nagusi guztietan, mahats mota guztiekin eta bi hemisferioetan» gertatu dela nabarmendu du OIV Ardoaren Nazioarteko Erakundeak.

Aurreko hamarkadan mahasti hektareak gehien handitu zituen herrialdean, Txinan, ardoa egiteko azalerak ez du aldaketa handirik izan 2020az geroztik. Espainiaren eta Frantziaren atzetik Txina da mahasti gehien duen lurraldea. Italia gehituz gero, lauren artean ardoa egiteko azaleraren ia %45 dute.

Dena ez da inflazioa

Mahastiak kentzeko arrazoia oso sinplea da: ardoa gero eta gutxiago kontsumitzen da; batez ere, ardo beltzak. 2023an 221 milioi hektolitro kontsumitu ziren munduan, 2022an baino %2,6 gutxiago. Eta 2022koak «jada kopuru apalak» izan zirela gogorarazi du OIVk.

%60

 

EBn egindako ardoa. Espainia da mahasti azalera handiena duen herrialdea, baina Frantzia da ardo gehien ekoizten duena: 48 milioi hektolitro ekoitzi zituen 2023an, munduko ardo ekoizpenaren %20 inguru. Haren atzetik Italia da ekoizle nagusia, 38,3 milioi hektolitro ekoitzita. Ekoizle handiak dira Alemania, Portugal eta Errumania ere, eta, denak batuta, EBn egiten da munduko ardoaren %60.

Inflazio handiak herritarren patrikei egindako kaltea aipatu du OIVk arrazoi gisa, baina beheranzko joera ez zen hasi 2021eko prezio igoera bortitzarekin. 2007an jo zuen goia ardo kontsumoak, 250 milioi hektolitro kontsumitu baitziren munduan, iaz baino ia %15 gehiago, eta orduz gero, gorabeherekin bada ere, apaltzen ari da.

Upelak eta apalak husterik ez dagoenez, produkzioa ere jaisten ari da, baina oraindik kontsumoaren oso gainetik dago: iaz 237 milioi hektolitro izan ziren, 2022an baino %10 gutxiago, eta kopururik txikiena 1961az geroztik. Nolanahi ere, OIVk dio jaitsieraren parte bat eguraldiaren ondorio dela  —lehorteak, izotzak eta euri jasak izan dira ekoizleen lurraldeetan—, edo eguraldi hezeak ugaldutako onddoena. Beste hitz batzuetan, kontsumitzen den baino %10 gehiago ekoizten dela.

%58

 

EBren zatia esportazioetan. Ekoizlerik handiena ez ezik, esportatzailerik handiena da Europako Batasuna, haren barruan baitaude gehien esportatzen duten hiru estatuak (Italia, Espainia eta Frantzia). Bolumenean hirugarrena den arren (12,7 milioi hektolitro), Frantzia da dirutan esportatzailerik handiena (11.900 milioi euro). Hori baino lau aldiz gutxiago patrikaratzen du Espainiak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.