KOPA ERDI BETETA IKUSTEKO MODUAK

Arabako Errioxako upategi gehien-gehienek desberdintze handiagoa eta argiagoa nahi dute Errioxa sor-markaren barruan. 2016ko bilketak bikain sailkapena lor dezake aurki, baina bereizteko estrategiak dira upategien kezka nagusia aspaldi honetan. Bizirik irautea ere jokoan dago batzuentzat.

Baigorri ardoaren dastatzea izen bereko upategi ikusgarrian, aste honetan. XABIER MARTIN.
xabier martin
Samaniego
2016ko urriaren 23a
00:00
Entzun
Bikain gisa sailkatzeko bidean da 2016ko mahats bilketa Arabako Errioxan. Ardo horrekin lotutako edozein informazioaren ardatz litzateke hori normalean, baina amaitzear dagoen bilketaren inguruan bezainbeste hitz egiten da Arabako ardoak babesteko modu egokienaz egunotan. Aspaldikoa da Arabako Errioxako upategi askoren kezka Errioxa sor-markaren barruan modu argiz desberdintzeko beharraren inguruan, ezin baita ardo bera izan litroak milioika zenbatzen dituen Marques de Carrion botilaratzailearena eta Remelluri upategi prestigiotsuarena, bata eta bestea ondoan egonda ere, Bastidan.

Araex talde esportatzaileak bildutako hainbat upategik euren ardoak mundu zabalean saltzeko baliatu nahi duten estrategia desberdintzailea plazaratu du asteon. Tartean dira Luis Cañas, Castillo Labastida, Altos de Rioja, R&G Rolland Galarreta eta Baigorri. Hain zuzen Samaniegoko Baigorriren upategi ikusgarrian azaldu du Javier Ruiz de Galarreta Araexeko presidenteak Errioxa sor-markatik atera gabe joan behar dutela aurrera upategiek, baina haren barruan geroz eta desberdintze handiagoa eginez .

«Merkatuak finkatu behar du sektorean dagoen eztabaida norantz eraman behar dugun. Eskualdea irizpide bat izan daiteke gure ardoak desberdintzeko, noski, baina badira beste modu batzuk, adibidez herria lehenetsiz edo, areago, lursaila, mahastia. Sor-markaren barruan irizpideak aldatzen hastea merkatua eskatzen ari dena aintzat hartu gabe zentzugabekeria da». Ruiz de Galarretak urte asko darama nazioarteko merkatuan, eta kanpotik datozen joerei begiratu behar zaiela dio. «AEBetan mahats motaren arabera egiten hasi dira lehen sailkapena, adibidez. Kontua da gure ardoei balio erantsi bat ematea, eta gero balio hori behar bezainbeste eta modu egokian azaltzea atzerrira joatean».

Errioxa sor-markan jarraitu

Laburbiltzeko, Arabako Errioxako bederatzi upategiren nazioartekotzea kudeatzen duen enpresariak uste du erabaki okerra dela Errioxako sor-markaren aterkipetik ateratzea, nahiz eta haren barruan Arabako Errioxa gehiago nabarmendu behar dela babestu. «Arabako Errioxaren alde egiten diren egitasmo guztiak lagunduko ditugu, baina beti gure bazkideen interesak aurretik jarrita», ohartarazi du Arabako Mahastiak sor-markaren harira. Zigilu berria eratzeko ABRA upategi txikien elkarteak egin dio eskakizuna Eusko Jaurlaritzari. «Zigilu berri bat sortzea eta hura munduan kokatzea luze joan daiteke, baina bakoitza libre da bere ardoa estrategia bat edo bestea gauzatuz defendatzeko. Argi dago geroa Arabako Errioxa lehenetsita eraiki behar dugula, baina Arabako Errioxa osoa ere ez da berdina; ezta dira berdinak Bastidako mahastiak eta Oiongoak, adibidez». Bata eskualdearen mendebaldean eta bestea ekialdean daudelako zehaztu du, elkarrengandik urrun alegia, nahiz eta Arabako Errioxan egon biak. Horregatik, Ruiz de Galarreta are desberdintze handiagoa babesten du, herri zehatzena edota lursail zehatzena, mahastiena. «Errioxa sor-markaren aterkipean balioa sor dezakegu Arabako Errioxako ardoentzat».

Desberdintze handiagoa eta zehaztapenak etiketan leku handiagoa edukitzea defendatzen duen ildoa ez da nagusia, ordea, Errioxako sor-markaren barruan, eta Araex taldean horren jakitun dira. Halere, sor-markaren irizpideak gero eta berdintzaileagoak dira, upategi handien interesei jarraiki, Errioxako ardoa gero eta ñabardura gutxiagoa izan ditzan upategitik upategira lehen-lehenik, eta haiek etiketan islatu ez daitezen bigarrenik.

Estaltzen duen etiketa

Dena den, bezeroa, kontsumitzaile txikia batik bat, gehiago trebatu behar dela uste du Javier Ruiz de Galarretak, Errioxako etiketa beraren atzetik Errioxa Behereko ardo apal bat egon daitekeelako edo Arabako Errioxako ardo goren bat. Errioxa zigilua ikusi eta etxera lauzpabost euroko ardo ondua eramaten duenak jakin behar du ardo horrek ez duela agian zerikusirik Arabako Errioxako edota Errioxa Garaiko upategi prestigiotsuen ardoarekin. Gaur egun, oso zehaztapen gutxi ematen dituen etiketa batek estaltzen ditu aldeak, eta salneurria baino ez da geratzen unean uneko erabakiak hartzeko.

Finean, Araex taldeko upategiak «balio erantsian» lehiatzeko erabakia hartu dute, «ez salneurrian». Horregatik garatu dituzte berrikuntza atalean hainbat proiektu, azkena Aztirekin batera, ardoaren estaminen maila zero izateko helburuz. Ahalegin hori guztia merkatuan jakitera ematen asmatu behar da gero, bestela alferrik da hainbeste lan, eta ongi saltzen ikasteko oraindik tarte bat geratzen dela uste du Araex taldeko buruak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.