Iazkoa urte ona izan zen Konfekoop Euskadiko Kooperatiben Federazioko kideentzat. Pandemiaren osteko susperraldiaren olatuan igo, eta makina-erreminta eta automozio sektoreetako kooperatibek emaitza onak izan zituzten. Federazioko kideen salmentek %10 egin zuten gora, eta enplegu kopuruak, %8. Konfekoopeko kooperatibek 61.199 langilerekin amaitu zuten urtea, 2022an baino 4.437rekin gehiagorekin. Kooperatiba kopuruari dagokionez, 1.391tik 1.388ra igaro zen, baina federazioak nabarmendu du fusio ugariek eragin zutela murrizketa txikia.
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea pozik agertu da federazioen iazko balantzea egiteko agerraldian. Zenbaki onak izan dira, eta Lavinek nabarmendu du kooperatiben eredua «sendotu» egin zela: «Aurrerapen handiko urtea izan zen». Lan elkartu kooperatibek (industria, eraikuntza...) urte ona izan zuten, eta haiek sortu zuten enplegu berriaren zatirik handiena: «Barruko bultzada izan da. Kooperatiba berriek 700 bat lanpostu sortu zituzten, eta beste guztia aurretik zeuden kooperatibek sorturiko lanpostuak izan dira». Alde horretan, deigarria da garraio kooperatibetan izandako bilakaera ere: 55 langile ziren lehen, eta 155 dira orain: «Gidariak elkartzen ari dira», zehaztu du.
Kooperatiben bazkideei dagokionez, %2 ugaritu ziren. Konfekoopeko kooperatibek 1.527.482 bazkiderekin amaitu zuten urtea. Ia %90 kontsumo kooperatiben bazkideak dira, eta kopuru handiak Eroskiren eraginarengatik da. Dena den, deigarria da irakaskuntza kooperatibetako bazkideek ere gorakada izan zutela: 55.268tik 62.385era (+%12,8). Horien zatirik handiena itunpeko ikastola mota ezberdinetako ikasleen gurasoak dira.
Fiskalitate eskariak
Kooperatibek urte ona izan zuten, eta federazioak bulego lan ugari. Lavinen ustez, iazkoa urte oparoa izan zen harreman instituzionaletan. «Eragile garrantzitsua gara jada herrialdeko agenda politikoan. Kooperatiba erreferentziazko eredu bihurtu da enpresa eta gobernu askorentzat», aldarrikatu du. Aurtengorako helburuetan bide hori are gehiago sakondu nahi dutela nabarmendu du.
LANBIDEN SARTZEKO ZORIAN
Konfekoopen bulego lana ez da zerga araudira mugatu, eta Lavin ziur dago aurten kooperatiben eskari historiko bat gauzatuko dela: Lanbidek administrazio kontseiluan sartzea. «Enplegu lege berria onartu izana mugarri bat da. Hasierako idazkian ez ginen ageri, baina, harremanen eraginez, orain legezko marko berri bat dago guri hor egoteko eskubidea aitortzen diguna. Uste dugu enplegu sail berria osatzen denean lege beteko duela». Egun, kontseilu horretan Jaurlaritza, sindikatuak (LAB, CCOO eta UGT) eta Confebask daude. Azken horrek ordezkatzen ditu enpresak, eta baliteke aurki Konfekoop izatea alboan.
Sakondu, zertarako? Argi dago kooperatibek eragina izan nahi dutela Jaurlaritza berrian, eta, bide horretan, zerga erreforma garatzean, «eredu kooperatiboa bere osotasunean babestuko, sustatuko eta bultzatuko duen, eta haren garapena oztopatuko ez duen» zerga erregimen bat eskatu du Lavinek. Gai berean, kooperatibek egiten duten gizarte lana goratu du, baita munduko lehiakortasunari aurre egiteko zailtasuna aipatu ere.
Konfekoop etxeko lanak eginak ditu, eta lau bloketan banaturiko fiskalitateari buruzko hogei proposamen bidali dizkio Jaurlaritza berriari. Lavinek batzuk aipatu ditu agerraldian: ogasun ezberdinen arteko harmonizazioa kooperatibentzat; jabetza gabeko etxebizitza kooperatiben araudia zehaztea; eredu kooperatiboa bultzatzeko erabakiak... Azken horien inguruan are gehiago sakondu du: «Azken urteetan ikusi dugu kooperatiben eta enpresa merkantilen arteko zerga tasaren arteko aldea murriztu egin dela, hala txikietan nola handietan. Horrek eragina du lehiakortasunean».