Kooperatibek Confebaski egotzi diote Lanbiden ordezkaritzarik ez izatea

Erkideren barruan 30 kooperatiba berri sortu dira 2018an, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatiben %73 biltzen ditu elkarteak

Erkideko ordezkariak, atzo, Bilbon egindako agerraldian. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2019ko maiatzaren 31
00:00
Entzun
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan ordezkaritza gehien duen sektore arteko enpresa erakundea direla aldarrikatu du Agustin Mendiola Erkide kooperatiben elkarteko zuzendariak. Baina horrela izanda ere, ez daukate ordezkaritzarik Lanbideren administrazio kontseiluan: «Lanbiden ez bagaude, Confebasken presioagatik ez gaude, eta erabaki politiko bat dagoelako horren atzean». Argi eta garbi esan du zein den arrazoia. Aurten bete dira hamar urte enplegurako euskal erakundea martxan jarri zenetik, eta ordutik ari dira kooperatibak Lanbiden ordezkaritza eskatzen, «bertan hartzen diren erabakiek kooperatibetan ere eragiten dutelako». Eta atzo, Erkidek urtero egiten duen balantzea aurkezteko ekitaldian, beste behin eskatu zuten erabaki gune horretan egotea.

Jaurlaritzak, ordea, ez die Lanbiden egoteko biderik zabaldu: «Eta ez digute inoiz horretarako arrazoi juridikorik eman». Mendiolaren ustez, borondate kontua da guztia, eta adibidetzat jarri du Nafarroa: amaitu berri den agintaldian, lan elkartuko kooperatibek ordezkaritza lortu dute herrialdeko enplegu zerbitzuaren administrazio kontseiluan. «Hori besterik ez dugu aldarrikatzen guk; badakigu, hala ere, ordezkaritza lortuko dugula noizbait».

Sektore arteko enpresa erakunderik handiena dela aldarrikatu zuen Mendiolak, eta hori esateko zenbakiak aurkeztu zituen. 2018an, Erkiden Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako 1.184 kooperatiba zeuden, eta haientzat 54.856 langilek egiten zuten lan. Behargin horien %86 langile bazkideak ziren. Hazten ari den elkartea da, gainera: 2017. urtearekin alderatuz gero, iaz 30 kooperatiba berri sortu baitziren, eta 578 enplegu berri sortu horietan. Aurten datu horiek hobetzea aurreikusten dute: 60 kooperatiba berri gehitzea espero dute urte osoan, eta 1.250 kooperatiba izatera iritsiko litzateke elkartea. 1.000 lanpostu berri sortuko lirateke Erkidek egindako kalkuluen arabera. 2019rako ezarritako helburu horiekin, beraz, gaur egun daukaten presentzia areagotuko lukete.

Lanbideren administrazio kontseiluan egoteko eskaera egin zuenean, arrazoi jakin bat zeukan buruan Mendiolak: kooperatibismoa ordezkatzen duen elkartea delako Erkide. «Eredu horretatik erabakiak bideratzen saiatuko ginateke». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako kooperatiba gehienak elkarteko kide dira.

Denetara 1.625 kooperatiba daude, eta horietan 60.400 langilek egiten dute lan. Bada, elkartean daude kooperatiba horien guztien %73, eta langileen %90 inguru.

Nekazaritzako atal berria

Aste honetan egin du Erkidek urteroko batzar nagusia, eta bertan aho batez erabaki zuten Euskadiko Nekazari-elikagaien Kooperatiben Federazioarekin (ENKF) bat egitea —eurek aurreko astean adostu zuten gauza bera—. Bat egite horri esker, Erkidek nekazaritzako elikagaien kooperatiben atala izango du hemendik aurrera. «Bat egiteak ordezkaritzako potentzialtasun handiagoa eskainiko digu enpresa sinergiak handituz, eta euskal kooperatibagintza arlo guztietara zabalduko da era berean». Hau da, sektore arteko aniztasun zabalagoa lortuko du bat egitearekin.

Orain arte ENKF zenak, berriz, Erkiden nekazaritza atal propioa izango du. «Kooperatibensektore arteko harremanak hobetu egingo dira hemendik aurrera».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.