Kooperatibei Lanbideko atea ixteko esku hartu du Confebaskek

Patronalak gutun bat bidali dio Eusko Legebiltzarrari eskaera zehatz batekin: kooperatibei Lanbiden lekua ote dagokien argitzeko LHKren laguntzaz, Kooperatiben legea eztabaidatzen hasi aurretik

Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidentea, Maria Jesus San Jose Lan sailburua eta Rosa Lavin Erkideko presidentea. JAVIER ETXEZARRETA / EFE.
xabier martin
2019ko irailaren 17a
00:00
Entzun
Kooperatibentzat ez da uste bezain erraza izango Lanbideko administrazio kontseiluan sartzea. Kooperatibismoaren erreibindikazio historiko hori jasotzeko bidean da legegintzaldi honetan onartzekoa den kooperatiben lege berria, haren tramitean EH Bilduren zuzenketa bat aintzat hartu ondoren. Baina gauzak ez dira hain errazak, Confebask patronalak Lanbiden dituen bost eserlekuei eutsi nahi baitie Arrasatek ordezkatzen duen kooperatibismoaren aurrean. Kooperatibek eserleku bat eskuratuko lukete enplegu erakundean lege berriak islatuko balu proiektuak jasotako edukia, eta estreinakoz sartuko litzateke enplegu zerbitzu publikoan.

Lege proiektuak bide luzea eta korapilatsua egin ondoren, Kooperatiben Legea onartzeko abagunea egongo da urtea amaitu aurretik —uda aurretik egin nahi zuen Maria Jesus San Jose Lan sailburuak—, baina Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriak Confebasken eskaera zuzen eta ohiz kanpoko bat kontuan hartzen badu, legea berriro atzeratuko da. Horrela uste du EH Bilduk, eta horrela salatu zuen atzo, patronalaren saioari izena jarriz: «Esku hartze politiko onartezina da».

Baina zer eskatu du Confebaskek? Bada, nolabaiteko epaile batek erabaki dezala EH Bilduren zuzenketa egokia (legezkoa?) den ala ez; alegia, LHK Lan Harremanen Kontseiluak erabaki dezala kooperatibei Lanbideko eserleku bat ote dagokien enpresa horiek ordezkatzen duten jarduera ekonomikoa eta enplegua kontuan hartuta. Eta aldagai hori argitu arte, lege proiektuaren tramitazioa bertan behera utz dadin nahi du. Eta zein izan da eskaera hori egiteko modua? Confebaskeko presidente Eduardo Zubiaurrek gutun bat igortzea Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeriari.

Tejeriaren teilatuan dago pilota, beraz, eta ez du egoera erosoan utzi eskutitz horrek; gaur bertan EH Bilduk eskatuko dio patronalaren eskaera horri muzin egiteko; Kooperatiben Legearen batzorde parlamentarioan, koalizio abertzaleak esango dio gutuna itzul diezaiola Confebaski haren «jarrera onartezina» azalduz, eta gogoratuz «non dauden legeen erabakiguneak».

Erantzunaren zain

«Oso larria da legebiltzarraren jarduera legegilean esku hartzea eta legebiltzarrari esatea nola bideratu behar duen lege proiektu bati buruzko eztabaida; Confebask ez da nor parlamentuari esateko zer-nolako legeak onartu behar dituen», salatu zuten atzo Leire Pinedo eta Larraitz Ugarte EH Bilduko legebiltzarkideek. Koalizio abertzaleak adierazi zuen kooperatibek lekua izan behar dutela Lanbiden. «Logikoa da; guztiok dakigu zer-nolako garrantzia duten kooperatibek herri honetan». Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako BPG Barne Produktu Gordinaren %7 ordezkatzen dutela azpimarratu zuten, eta 55.000 langile baino gehiagok dihardutela kooperatibetan (35.000 bazkide); «guztiz arrazoizkoa da haiek ere Lanbideko administrazio kontseiluan egotea». Lanbideren mahaiak errealitate ekonomiko eta sozial osoa islatzea nahi du koalizio abertzaleak. «Jaurlaritzak berak ere ondo ikusten du aukera hori».

Jaurlaritzak ondo ikusi ala ez, Eusko Legebiltzarrak erantzun bat edo beste eman beharko dio Confebaski, eta hura ezagutu arte —gaur bertan izan daiteke— ezingo da baztertu Kooperatiben Legea berriro atzeratzea. «Ondo dakigu lobby ekonomikoak ohituta daudela botere politikoaren erabakiak bideratzen, eta euren boterea erabiltzen dutela, ezkutuan, alderdiak eta instituzioak estutzeko», esan zuen EH Bilduk; «baina Confebask harago joan da, inolako disimulurik gabe jo duelako Eusko Legebiltzarrera zer egin behar duen esateko, enpresen ordezkaritzaren monopolioa nahi duelako Lanbideko administrazio kontseiluan».

Legegintzaldi amaiera

Euskal kooperatibismoaren beste erreibindikazio ezagun bat orain urte eta erdi gauzatu zen. SPRI enpresa garapenerako euskal agentzian sartu zen. Iñigo Uzin Mondragon taldeko presidentea erakundeko administrazio kontseiluan eseri zen kooperatiben ordezkari gisa. Rosa Lavin Konfekoopeko eta Erkideko presidenteak «historikotzat» jo zuen mugarri hori, eta gogoratu zuen Lanbiden sartzeko eskaera zilegi dela. Euskadiko Kooperatiben Federazioko presidentearentzat, «Euskadiko errealitate sozioekonomikotik oso urrun dago» erakunde horretako ordezkari guztiak Confebaskek izendatzea; «ez da bidezkoa, eta baztertzailea da».

Lavinek nahiko luke lege berria urtea amaitu aurretik onartzea, adostasun nahikoa baitago talde politikoen artean; pentsatu zuen ere uda aurretik onartuko zela, San Jose sailburuak bezala. Edonola ere, kooperatibek ez dute atzerapen gehiagorik nahi, legegintzaldi amaiera gerturatzen ari baita. Besteak beste, enpresetan erabakiak hartzeko mekanismo azkarragoak eta malguagoak jasotzen ditu lege proiektuak. Orain dela 26 urte onartu zen azken Kooperatiben Legea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.