Kooperatibak aulki baten bila

Lanbideko administrazio kontseiluan sartzeko bidean egon liteke Konfekoop. Lege berriak aipamena egiten dio aukera horri estreinakoz, baina idatzitakoak ez du guztiz bermatzen.

aitor biain
2023ko azaroaren 18a
22:43
Entzun

Koonfekoop kooperatiben elkarteak urteak daramatza Lanbideren zuzendaritza organoan leku bat merezi duela aldarrikatzen, eta hori lortzeko bide eman dezake Enplegu Legeak. Izan ere, testuak lehen aldiz jasotzen du kooperatibek administrazio kontseiluan ordezkaritza bat izateko duten aukerari buruzko aipamena.

Zehazki, legean jasota dago «lankidetza akordioak» sustatuko direla parte hartze hori gauzatzeko, betiere gaur egungo mahaiaren osaketa errespetatuta. Enplegu politika aktiboak eztabaidatzen diren mahai horrek hiru hanka ditu gaur egun: Jaurlaritza, sindikatuak eta enpresariak. Bosna ordezkari ditu bakoitzak eta patronalaren ondoan egon nahi dute kooperatibek, bost aulkietako bat eskuratuta.

Confebask ez dago hori onartzeko prest, ordea. Eta eginahalak eta bi egin ditu enplegu erakundean Konfekoopen sarbidea eragozteko. 2019an egindako esku hartzea da nabarmenena: patronalak gutun bat igorri zion Eusko Legebiltzarrari kooperatibei Lanbiden lekua ote dagokien argitu zezala eskatzeko. Hori egin artean Kooperatiben Legearen eztabaidari ez ekitea galdegin zion.

Izan ere, testu hartan estreinakoz jasotzen zen Konfekoopen urteetako eskaera, baina ez zuten onartu azkenean. Bada, Enplegu Legearen tramitazioan ere aipamena legetik erretiratzeko eskatu du Confebaskek beste behin.

«Oraindik garaiz»

Eskaerak eskaera eta presioak presio, iduri du legeak bidea libre izango duela oraingoan. Baina azken urratsa egiteko eskatu du Kofekoopek: kanpaina bat abiatu du haien eskaera bermatu dadila eskatzeko. Izan ere, konfederazioak uste du ezen, legeak Lanbiden sartzeko atea zabaltzeko aukera ematen badu ere, ez duela guztiz bermatzen. «Garrantzitsua da hau argi jasotzea, gure presentzia hirugarrenen borondatearen menpe egon ez dadin», adierazi dio Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak BERRIAri.

Lavinek nabarmendu du legeak «aho batez» aitortzen duela kooperatibek enpleguan eta ekonomiaren garapenean egiten duten ekarpenaren garrantzia. Eta berretsi du ez duela Confebasken lekua hartu nahi; haren alboan egotea baino ez, kooperatiben «ahotsa» ere entzun dadin: «Ekarpenak egin nahi ditugu, eta zuzenean egin nahi ditugu. Inork ezin gaitu ordezkatu».

Horregatik, Eusko Legebiltzarrean ordezkaritza duten talde politikoei legean «argi eta garbi» adierazteko eskatu die Lavinek: «Oraindik garaiz daude hori aldatzeko». Izan ere, ohartarazi du zaila izango dela gero ezer aldatzea.

Hori bera uste du EH Bilduk ere. Pazis Garciaren arabera, aipamenak ez du «inondik inora» Lanbiden sartzea bermatzen. Eta uste du Jaurlaritzak «erantzukizuna gainetik kentzeko» balioko duela soilik. Gogorarazi du erabakia «hautu politiko bat» dela, Nafar Lansarean badaudelako.

Bat dator Jon Hernandez ere. Enplegu erakundean sarbidea bermatzeko prest dago EP-IU; «beti egon da», baldin eta enpresari gisa bada, eta ez langileen ordezkari moduan. Dena den, iruditzen zaio Confebasken, Konfekoopen eta beste enpresa ordezkari batzuen artean konpondu beharreko gatazka bat dela.

EAJko Jon Aiartzak, aldiz, uste du legean jasotako formula balekoa dela Konfekoopen presentzia bermatzeko: «Formula egokia aurkitu dugu, eta aurrerapauso handia da aurreko egoerarekin alderatuta». Aiartzak argi du kooperatibek Lanbideko zuzendaritzan ordezkaritza izan behar dutela, eta gogorarazi du enpresa eredu horrek «pisu handia» duela EAEko ekonomian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.