Kooperatiba «lehiakorragoak» nahi ditu Mondragoneko buru berriak

Pello Rodriguezek Iñigo Uzinen lekukoa hartu du. Esan du beste erakunde batzuekin lankidetzan aritzearen alde dagoela, eta enpresa «arinagoak» behar direla, «aldaketetara egokitzeko».

mondragon
Iñigo Uzin eta Pello Rodriguez, asteazken honetan Bilbon egindako batzarrean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
jokin sagarzazu
2024ko uztailaren 17a
13:30
Entzun

Aire berriak Mondragon taldean, eta lehendakari berria ere bai: Pello Rodriguez. Hala berretsi du korporazioaren kongresuak gaur, Bilboko Euskalduna jauregian. Rodriguez taldeko kooperatiba guztiak ordezkatzen dituen kontseilu nagusi presidente izango da abuztuaren 1etik, Iñigo Uzinen lekukoa hartuta. Kargua utzi eta erretiroa hartuko du Uzinek, abenduan iragarri zuen moduan.

Horrekin batera, kongresuko 650 konpromisarioek —taldea osatzen duten kooperatiba guztietako ordezkariek— 2025etik 2028rako plana ere onartu dute. Hurrengo laurtekorako bide orria izango da, zeinak  iparrorratz izan nahi duen Mondragoneko erakundeek beren proiektu estrategikoak garatzeko. Komunikabideei ateak itxita egin dute batzarra taldeko kideek. 

Mondragon, «irekiagoa»

Rodriguezek azaldu duenez, taldeko enpresak «lehiakorragoak» izatea izango da haren agintaldiko xede nagusia, eta, horretarako, ezinbestekoa izango da  lantalde «arinagoak» bultzatzea, gai izan daitezen arlo ekonomikoan ez ezik bestelakoetan ere etorriko diren aldaketei aurre egiteko.

Lehendakari berriak adierazi du, halaber, Mondragon «irekiagoa» izatea nahi duela, eta elkarlanaren garrantzia nabarmendu du. Azaldu duenez, «biderkatzeko batu» dioenleloak laburbilduko luke gidatuko duen estrategia berritua.

Hori bultzatzeko, korporazioak hainbat egitasmo jarriko ditu martxan, Rodriguezek iragarri duenez: besteak beste, egitura berriak bultzatuko ditu, beste erakunde batzuekin dituen harremanak indartzeko «hurbilketa foroak» sustatu, eta finantza funtsak indartu, egitasmo berriak ekonomikoki laguntzeko.

Rodriguezek adierazi duenez, taldeko kooperatibek «etorkizuna daukaten negozioetan» jarri behar dute indarra, eta lau «aldaketa palanka» nabarmendu ditu: eraldaketa digitala, adimen artifiziala, finantzaketa tresnak eta lankidetza, betiere «jasangarritasuna zentzu zabalean integratuz negozioaren estrategian». Lehendakari berriak azpimarratu du kooperatibismoaren «balioen» aldeko konpromiso irmoa duela, eta Mondragon taldea «munduko erreferente kooperatiboa» izan dadin lan egingo duela.

Uzinen ondarea 

Rodriguezek garai onean hartu du korporazioaren lema. Garatu nahi duen helburuari begira, norabidea ongi jarrita dagoela erakusten dute orain arteko datuek. Iaz urte ona izan zen korporazioarentzat, eta aurtengoa are hobeagoa izan da orain arte; urteko lehen hilabeteetan salmentak %4,4 handitu ditu.

PELLO RODRIGUEZ

PELLO RODRIGUEZ

Ez du erronka makala izango Pello Rodriguez Zabaletak (Urretxu, Gipuzkoa, 1975): Euskal Herriko talde industrialik handienaren gidaritza hartuko du abuztuaren 1etik aurrera. Rodriguezek, baina, ondo baino hobeto ezagutzen du bere «etxea»; hala deitzen dio Mondragon taldeari. Jauzi naturala izango da harena. Uzinen albokoa, hau da, lehendakariordea izan da azkenengo zortzi urteetan, eta ekipamendu eta ondasunen arloko zuzendaria. 

Aurretik ere ibilbide luzea egina du taldean. Korporazioak nabarmendu duenez, industria eta kudeaketa alorrean esperientzia handia du, eta eredu kooperatiboarekin «konpromiso sendoa» duela erakutsi du. Bi hitz azpimarratu ditu bere jardunari buruz: berrikuntza eta lehiakortasuna. Eta horiek izango ditu «iparrorratz» bere agintaldian.

Uzinen gisan, Rodriguezek makina-erremintaren sektorean hasi zuen ibilbide profesionala, Danobaten. Proiektuetako gerentea izan zen aurrena, eta sei urtez Ingalaterrako eta Alemaniako filialetan jardun zuen lanean. 2007an, atzerritik bueltan, kooperatibako tornu eta artezketa negozioaren ardura hartu zuen, eta 2013an, berriz, zuzendaritza nagusia. Hortik korporazioaren lehendakariordetzara igaro zen.

Goi Mailako Industria Ingeniaritzan lizentziaduna da Rodriguez, mekanika espezialitatean EHUn eta Parisko Arte eta Lanbide Eskola Nazionalean. Eleaniztuna da, eta bost hizkuntza menperatzen ditu: euskara, gaztelania, ingelesa, frantsesa eta, neurri handi batean, alemana ere bai. Zientziaren, Berrikuntzaren eta Teknologiaren Euskal Kontseiluko eta Innobasqueko Zuzendaritzako kide ere bada.

Haren aurrekoak etxeko lanak eginda utzi du kargua. Uzinek zortzi urte egin zituen korporazioaren buruan, eta, denbora horretan, bi krisi gainditu behar izan ditu, eta ez nolanahikoak: COVID-19aren ondorioz piztutakoa eta Ulmak eta Oronak alde egitean sortutakoa. Pandemiarena ahalik eta kalte txikienekin gainditzea lortu zuen. Ulma eta Oronarenak, berriz, iraganeko mamuak azaleratu zituen. Taldeak, halere, asmatu du haiek gabe ere aurrera egiten.

Uzin 2016ko abuztuan iritsi zen kargura, Javier Sotilen ordez, eta Fagor Etxetresnen porrotaren osteko aroa zuzentzeko ardura hartu zuen.

70.500

Langileak. Arrasateko kooperatiba taldeak salmentak eta enplegua handitzea lortu zuen iaz. Denera, 11.056 milioi euro fakturatu zituen, aurreko urtean baino %5,1 gehiago. Eta irabaziek ere nabarmen egin zuten gora: 593 milioi euro garbi (+%33,86). Ulma eta Orona taldetik atera zirenetik lehen aldiz, 70.000 langileren langa gainditzea lortu du. Gaur egun, korporazioko kooperatibek 70.500 pertsonari ematen diete lana.

 

Industria. Industria arloko kooperatibek 5.036 milioi euroko fakturatu zuten iaz, eta 256 milioi euroren irabaziak izan zituzten (+%3,9). Fakturazio osoaren %75 atzerriko merkatuetako salmentak dira. 27.487 langile enplegatzen dituzte, 9.854 Euskal Herritik kanpo. Taldeak 104 filial produktibo ditu atzerrian.

Banaketa. Eroskik 5.729 milioiren salmentak izan zituen iaz (+%6,3), eta 109 milioiren irabaziak (+%70). Erkopeko nekazaritzako elikagaien lau kooperatibek, berriz, 290 milioi fakturatu zituzten, eta 6,4 milioi irabazi.

Laboral Kutxa. Iaz, %48 handitu zituen mozkinak: 222 milioi euro.

Ekipo ondasunak. Ingeniaritza arloko kooperatiben salmentak %12 handitu ziren. Autogintzarenak, %14, pandemia aurreko kopuruak gaindituta.

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.