Autoak garestiagoak izango dira urte berriarekin batera. Ez pixka bat garestiagoak, ez urtetik urtera izaten den ohiko igoeraren pare. Matrikulazio zergak egingo du aldea, auto gehienek gehiago ordaindu beharko baitute. Izan ere, igortzen duten CO2-a neurtzeko WLTP Europako araudi berriaren arabera sailkatuko dituzte aurrerantzean, eta, ibilgailuen entseguetarako nazioarteko prozedura harmonizatu horren eraginez, auto askoren sailkapena aldatu egingo da. Horregatik izango dira garestiagoak auto gehienak: araudi berria zorrotzagoa denez, kutsatzaileagotzat hartuko dira. Zenbat eta CO2 gehiago isuri, orduan eta matrikulazio zerga handiagoa ezartzen zaie autoei. Hala, kutsagarritasun handiagoa egotziko zaienez, zerga handiagoa ordainduko dute.
Finean, beste arazo bat du aurrez aurre autogintzak, eta, zehazki, auto kontzesionarioek. Ilun joan da urtea sektorean, beste hainbatean bezala, eta aurreikus daiteke 2021eko hasierak ez duela auto salmenten gainbehera galgatuko. Azaroan %2,7 apaldu dira salmentak urte arteko tasan, Hego Euskal Herrian, baina urteko lehen hamaika hilabeteetan, erorikoa %26,9koa da; hau da, 12.672 auto gutxiago matrikulatu dituzte, 34.144 guztira. Bistan da: salmententzat harlauza galanta suertatu da sektorearen egiturazko arazoei —trantsizio ekologikoari lotuak batik bat— pandemiaren ondorioak gehitzea.
WLTP araudia 2018an onartu zuen Europako Batasunak, baina bi urteko luzapena eman zien autogileei araudi berrira egokitzeko. Hilabete barru, ordea, indarrean jarriko dute, eta horrek 1.000 eta 1.200 euro arteko garestitzeak ekarriko ditu batez beste auto gehienen matrikulazio zergan. Hori dela eta, kontzesionarioetan sinetsita daude abendua hil «oso ona» izan daitekeela salmentei begira, «erosteko asmo txikiena duenak ere orain egin beharko lukeelako urratsa».
Auto ugari daude matrikulazio zergatik salbuetsita kilometroko 120 gramo CO2ko isurietara ez direlako iristen, baina aurrerantzean %4,75eko zerga pagatuko dute horietako askok. Beste hainbat, berriz, %4,75eko tasatik %9,75ekora pasatuko dira, 160 gramoko mugatik harago eramango dituelako araudi zorrotzagoak; eta beste batzuk, berriz, 200 gramo CO2 baino gehiago isurtzen dutenen taldean sartuko dira, eta horiek erosi nahi dituztenek %14,75eko tasa pagatu beharko dute matrikulazio zergan. Beraz, auto gehienek %5 inguruko garestitzea izango du matrikulazio zergan: mila euro baino gehiago, gehienetan.
«Urtarrilean beti igotzen da autoen prezioa, baina aurten gehiago nabarituko da», dio Opel Giautoko salmenta arduradun Gerardo Jauregik: «Espainiako laguntzak bukatzera doaz, Jaurlaritzarenak bukatu ziren, eta matrikulazio zerga nabarmen igoko da. Horregatik, erosteko asmoa duenak ez luke gehiago itxaron beharko». Urte txarra izan da Giautorentzat, beste kontzesionario guztientzat bezala, baina Jauregik dio azaroko helburuak bete dituztela, eta abendu «oso ona» espero dute, «begien bistakoa baita orain dela autoa erosteko momentua».
Galdu dena galdu da
Volkswagen Autowageko salmenta arduradun Igor Aranburu bat dator urgentziaren mezuarekin: «Gure modeloen %80i eragingo die matrikulazio zergaren aldaketak. %5eko garestitzeaz ari gara, mila euro baino gehiago. Bakarrik hori kontuan hartuz, edozein erosleri merezi dio bizi ibiltzeak urtea amaitu aurretik». Aranburuk ez du ulertzen zergatik ez den aldaketaren berri ozenago eta sarriago eman. «Jende gehienak ez daki zer datorren, edo ez du sinesten, baina garestitzea benetakoa izango da». Batera edo bestera, Autowageko bozeramaileak dio abenduan salmentek gora egingo dutela. Urtea txukuntzeko balioko du hein batean, «baina kontzesionarioa itxita egon denean galdu dena ez dago berreskuratzerik».
Ford Easo Motorreko zuzendari Jon Tolaretxipik uste du «mugimendua» egongo dela abenduan, ohi baino operazio gehiago, alegia. «Auto garbiagoen inbertsioa prezioak garestitzen ari da, eta urtarriletik aurrera nabarmena izango da hori. Kontuan hartuta gu behartuta gaudela eskaintza bereziak egitera urte bukaeran, erraz aurreikus daiteke abendua hil on bat izan daitekeela salmentetan».
Kontzesionarioek autoa erostera deitu dute, «garestitu baino lehen»
Matrikulazio zerga mila eurotik gora garestituko da urte berriarekin batera, WLTP araudi berria indarrean sartuko delako. Urteko lehen hamaika hilabeteetan, autoen salmentak %30 apaldu dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu