Kontzertu Ekonomikoko Batzorde Mistoak %0,3ko defizita hitzartu du Jaurlaritzarentzat eta %0,1ekoa aldundientzat

Bankuen gaineko zerga, sozietate zergan multinazionalei gutxieneko tasa ezartzea eta zigarreta elektronikoen gaineko tasa bere gain hartuko dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako diputazioek.

Maria Jesus Montero eta Noel D'Anjou, iraileko bileran. EUSKO JAURLARITZA
Maria Jesus Montero eta Noel D'Anjou, iraileko bileran. EUSKO JAURLARITZA
joxerra senar
2024ko abenduaren 23a
14:16
Entzun

Finantza publikoen gaineko esparru orokorra hitzartu dute Espainiako Gobernuaren eta EAEko administrazioetako arduradunek Kontzertu Ekonomikoaren Batzorde Mistoan. Datorren urtean, Eusko Jaurlaritzak gehienez BPG barne produktu gordinaren %0,3ko defizit publikoa izan dezake, eta hiru diputazioek, %0,1ekoa. Foru aldundien kasuan, 2027ra bitartean baimenduko zaie defizit hori. Halaber, EAEko zor publikoak ezingo du gainditu BPGaren %13a —%11,7 inguruan dago—.

Batzorde Mistoan izan dira Noel D'Anjou Ogasun eta Finantza sailburua, Maria Ubarretxena Gobernantza, Administrazio Digital eta Autogobernu sailburua eta hiru diputatu nagusiak —Ramiro Gonzalez (Araba), Elixabete Etxanobe (Bizkaia) eta Eider Mendoza (Gipuzkoa)—. Espainiako Gobernuaren goi ordezkari gisa, berriz, Maria Jesus Montero Ogasun ministroa eta Jesus Gascon Ogasuneko Estatu idazkaria izan dira, besteak beste.

Finantza publikoen gainean hitzartu diren muga makroekonomikoak euskal erakundeek esperotakoak dira, eta, ondorioz, ez dute aurrekontuetan eraginik izango. Jaurlaritzak %0,3ko defizita onartuta, 220 milioi euroko finantzaketa lor dezake. Nafarroak ere %0,3ko defizita izango du datorren urtean —82 milioi eurokoa, alegia—.

Beste hamahiru akordio onartu dituzte batzordean, aho batez. Horien artean nagusietakoa da berriki onartutako zergen gaineko autonomia izatea. Hala, azaroaren 20an, Espainiako Kongresuan aurrera egin zuten bankuen eta multinazionalen gaineko zergek, eta, orain hitzartutako akordioari esker, hiru diputazioek bere gain hartuko dituzte bi zerga horiek. Akordioan jasotzen denez, hiru diputazioek «autonomia osoa» izango dute zergak bertako errealitatera egokitu ahal izateko.

Horrekin batera, zigarreta elektronikoekin eta tabakoarekin lotutako produktu berrien tasa ere bere gain hartuko dute.

Bi hilabete barru bilduko da berriz Batzorde Mistoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.