Sunsundeguiri diru publikoa ematea ez zen ideia ona izan. Hala iritzi dio Kontuen Ganberak, eta belarritik tira egin die laguntza publiko horiek eman ziren urteetan Nafarroako Gobernuan egon ziren agintariei. Uste du Sodenak Altsasuko autobus ekoizleari 2013an, 2023an eta 2024an emandako diru laguntzek «arrisku handia» zutela, eta, «ikuspegi tekniko batetik» aztertuta, ez datozela bat «funts publikoen kudeaketa onaren irizpideekin».
Hala jasotzen du Nafarroako Parlamentuak eskatuta egindako txostenak, sozietate publikoak enpresari 2009-2024 aldian egin zizkion ekarpenei buruzkoak. 49 milioi euro izan ziren guztira, horietatik 35 milioi 2013. urtean.
Kontuen Ganberak adierazi du laguntza horiek aholkularitza enpresek egindako txostenetan, plan estrategikoetan eta bideragarritasun planetan oinarrituta daudela; hots, Sunsundeguik emandako datuetan eta aurreikuspenetan oinarrituta eman zirela, eta horiek ez daudela behar bezala ikuskatuta eta kontrastatuta, eta, gainera, ez zirela bete.
Laguntza handienei buruz —2013, 2023 eta 2024 urtekoak—, azpimarratu du laguntza horiek «finantza arrisku handia» zutela. Gogoratu du ekarpen horiek «aldi baterako irtenbidea» zirela, eta baldintza bat zutela: «finantza egonkortasuna eta industria kudeaketa egokia» ekarriko zuen bazkide industrial bat bilatzea. «Izan ere, enpresaren egoera oso delikatua zen. Aurrera egiten saiatzeko, kalkulatzen da gutxienez hamar milioiko finantzaketa gehigarria behar zuela 2024an», azaldu du ganberak.
Ikusi gehiago
Kontuen Ganberak aitortu du Sodenak «enpresa salbatzeko ahalegin nabarmena» egin zuela, baina laguntza horiek zekarten «arrisku handia» ez zela behar bezala baloratu, eta Nafarroako Gobernuak eta parlamentuak «izaera sozioekonomikoko beste irizpide batzuk» lehenetsi zituztela: «Enpleguari eustea, zergak biltzea eta enpresak Nafarroan zituen hornitzaileen egonkortasuna ziurtatzea».
Horrez gain, nabarmendu du laguntza horiek «akziodunen konpromisorik gabe» eman zirela. Kontuen Ganberak dio hori funtsezkoa dela laguntza publikoak jasotzeko orduan. Oro har, uste du halako laguntzak krisian dauden enpresei ematen zaizkienean denborarekin mugatu behar direla, eta duten «bilakaeraren arabera» aztertu behar direla. Eta Europako Batzordeari aldez aurretik jakinarazi behar zaizkiola, estatu laguntzatzat har daitezkeen arriskua baitute.
Irregulartasunik ez
Dena den, Ignacio Cabeza Kontuen Ganberako presidenteak komunikabideei egindako adierazpenetan zehaztu duenez, Sodenak ez du legez kanpoko ezer egin, eta azpimarratu du administrazioak emandako laguntzek modua eman zutela enpleguari eusteko. «Ez dugu esaten irregulartasunik egon denik, inola ere ez. Esaten duguna da hartu ziren erabaki horiek ez zirela hartu behar finantza ikuspegi batetik soilik. Baina beste faktore sozioekonomiko batzuk kontuan hartzen direnean, ez Sodenak eta ez guk ez dugu sartu behar, legebiltzarraren erabakia baita».
Sunsundeguiren 50 milioi euroko zorretik 17 milioi Sodenari zor zaizkiola gogorarazi du, eta «zerbaitetarako balio» izan dutela. «Urte hauetan egin dituen gainerako ekarpenek balio izan dute enpresa bat mantentzeko, enplegu maila bati eusteko... Ezin da esan dirua alferrik galdu dugunik».
Bide malkartsua
Sunsundeguiko egoera ulertzeko, 2009ko krisi ekonomikora egin behar da atzera. 2010ean, Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez, euro baten truke erosi zuen enpresa, bazkide pribatu bat bilatzeko helburuz. Estrategia horrek ez zuen aurreikusitako emaitzarik eman, eta urte bakarrean galera handiak pilatu zituen.
Garai hartan UPNren kontrolpean zen gobernuak 35 milioi euroko zorra barkatu zion enpresari, eta 2013an enpresaren kapital egitura aldatu zen: langileak behartu zituzten kapitala erostera. Erabaki horiek ezbaian jarri ditu Kontuen Ganberak.
Ikusi gehiago
Gainera, gogoratu duenez, arazoek bere hartan jarraitu zuten. Pandemiak eta haren osteko urteek markatu zuten enpresaren gainbehera. 2023an, argi izpi bat ikusi zuten langileek: Sunsundeguik eta Volvok bi akordio sinatu zituzten. Sunsundeguik Suediako markarentzat bi autobus modelo ekoiztuko zituen, Volvok Polonian zuen lantegia itxi ondoren. Baina akordioak aurrera egin zezan, inbertsioak behar ziren Altsasuko plantan, eta Sodenak hiru eta sei milioiko bi mailegu babestu zituen. Mailegu horiek parlamentuak baimendu zituen, bi foru legeren bidez: 2023ko abendukoa eta 2024ko maiatzekoa. Horiek ere ezbaian jarri ditu ganberak.
Azkenik, 2024ko azaroan hartzekodunen konkurtsoan sartu zen enpresa, eta konkurtso administrazioak 342 langileak kaleratzeko eskatu zuen. Enpresak 50 milioiko zorra du.
Duela aste batzuk, LAB sindikatuak antzerako irakurketa egin zuen, eta erantzukizun politikoak eskatu zituen.