Kontsumobidek aholkatu du hipoteken gastuak hilaren 22a baino lehen erreklamatzeko bankuei

Egun horretan beteko dira bost urte Espainiako Auzitegi Gorenak ebatzi zuenetik mailegu hipotekario bat egiteko gastuak finantza erakundeek hartu behar dituztela beren gain.

Hipotekak
Gizon bat hipoteken iragarki baten aurrean igarotzen, Bilbon. LUIS TEJIDO / EFE
Iker Aranburu.
2024ko urtarrilaren 16a
12:30
Entzun

Bankuari hipoteka gastuak erreklamatu nahi izanez gero, bizkor erreklamatzeko aholkatu du Kontsumobidek. Kontsumoko Euskal Institutuaren arabera, badaezpada ere hobe da hilaren 22a baino lehen jotzea finantza erakundearengana, bai baliteke data horretatik aurrera bankuak eskubidea izatea eskaerari muzin egiteko.

Kontsumobidek gogorarazi duenez, datorren astelehenean bost urte beteko dira Espainiako Auzitegi Gorenak gaiari buruzko jurisprudentzia ezarri zuenetik eta erabaki zuenetik 2019aren aurretik sinatutako hipoteketan finantza erakundeei zegokiela mailegu hori sortzeak eragindako gastuak ordaintzea. Bost urte dira, hain zuzen ere, Kode Zibilak halako erreklamazio bat egiteko jartzen duen gehienezko kopurua. 

Kontsumobidek onartu du ez dagoela guztiz ziur zer gertatuko den urtarrilaren 23tik aurrera egiten diren eskaerekin, zalantza baitu bost urteko epea noiz hasten den zenbatzen. «Ez dago ziurtasun juridikorik jakiteko ea jurisprudentzia ezartzen denetik zenbatzen hasten ote den epea ―2019ko urtarrilaren 23tik― edo klausula deuseztatzen denetik», azaldu du, eta, horregatik, «gatazkak saihesteko», eskaera orain egiteko aholkatu die kontsumitzaileei.

Kontsumitzaile elkarte batzuek, berriz, uste dute oraindik badela denbora erreklamazioak egiteko. EKA Euskal Kontsumitzaileen Elkarteko Leire Alberdi abokatuak, esaterako, BERRIAri azaldu zion banku batek klausula hori deuseztatzen duenetik hasi beharko litzakeela zenbatzen bost urteko preskripzio epea.

OCU Espainiako kontsumitzaileen taldeak, berriz, apirilaren 14a aipatu du erreklamatzeko azken egun gisa, 2020ko martxoaren 14an alarma egoera izendatzeak eten egin zuelako kontaketa 82 egunez.

800-1.200 euro artean

2019ko ekainaren 15a baino lehen hipotekak sinatu zituzten pertsonak dira hipoteka gastuak erreklama ditzaketenak. 2019ko ekainaren 16tik aurrera, berriz, higiezinen kreditu kontratuak arautzen dituen Espainiako legea indarrean sartu zen, eta horrek oso garbi utzi zuen hipoteka gastuak bankuek ordaindu behar zituztela.

Lau dira erreklamatu daitezkeen gastuak: notariotzakoaren erdia —lauretan handiena izan ohi da—, erregistroarena, etxearen tasazioarena eta gestoriarena. Tasazioa eta gestoria ez dira beharrezkoak mailegua eskatzeko, baina bai oso ohikoak.

Gastu horiek maileguaren zenbatekoaren araberakoak dira, eta 800 eta 1.200 euro artekoak dira gehienetan. Diru horri gehitu behar zaizkio erreklamatutako diruari dagozkion interesak. Epaileek auzibidearen gastuak finantza erakundeen gain utzi ohi dituztenez, banku batzuek erabaki dute ordainketak egitea epaitegietara jo behar izan gabe.

zer egin behar du erreklamatu nahi duen bezeroak?

Dokumentazioa bildu. Gastuen fakturak biltzea ezinbestekoa da erreklamatzeko.

Erreklamazioa aurkeztu. Bankuen bezero arretako zerbitzuan. Kontsumobidek erreklamazio eredu bat jarri du bere webgunean.

Laguntza. Kontsumitzaile elkarteak buru-belarri ari dira gaiarekin.

Epaitegiak. Bankuak erreklamazioa onartzen ez badu, salaketa jar daiteke. Abokatu talde asko ari dira horretarako zerbitzuak eskaintzen.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.