Leihatilan eskudirutan ordaintzeko zerbitzua kentzeagatik, 123.000 euroko isuna ezarri dio Kutxabanki Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak. Horrez gain, kutxa zerbitzua ez ematea eta «kontsumitzaileen eskubideen aurkako praktikak egitea» ere leporatu diote banketxeari. EKA Euskal Herriko Kontsumitzaileen Antolaketak eta erabiltzaileek jarritako erreklamazioaren harira iritsi da zigorra. Joan den urteko maiatzean jarri zuten salaketa, eta ia urtebeteren ondoren heldu da isuna.
Leihatilan ordainagiriak sartu edo ordaintzeagatik komisio bat kobratzen zuen finantza erakundeak. Hori salatu zuten kontsumitzaileek iragan urtean, eta epaiak arrazoia eman zien. Geroztik, komisioa kobratu beharrean, eragiketa horiek leihatilan egiteko aukera kendu zuen Kutxabankek.
Hain justu, salatzaileek erreklamatu zuten Kutxabankek bezeroei ez diela uzten bezero ez direnen diru sarrerak jasotzen, eta kendu egin duela leihatilan eskudirutan ordaintzeko edo kontu korrontean dirua sartzeko aukera. Kontsumobideren arabera, erabaki horrek «erabat urratzen ditu kutxa zerbitzuaren oinarrizko ezaugarrietako bat eta indarrean dagoen araudia». Izan ere, kontsumitzaileak eskubidea du araudian jasotako ordainketa bide guztiak erabiltzeko.
Azken urteetan, digitalizazioa «nabarmen» sustatu du Kutxabankek. Ander Cornejo EKAko prentsa arduradunak adierazi du zerbitzu asko Internet bidez egin behar direla orain, eta kontsumitzaileen «kalterako» izan daitekeela hori. Batez ere, «pertsona helduen kalterako».
Horiek hala, Kontsumoaren Euskal Institutuak 123.000 euroko zigorra ezarri dio Kutxabanki, eta agindu du isuna «argitara» ateratzeko, «eredugarritasuna» bermatzeko. Halaber, Cornejok halako urraketak «salatzearen garrantzia» azpimarratu du.
Ebazpenaren harira, Kutxabankek azaldu du ez duela helegiterik jarriko. Baina esan du COVID-19aren pandemian hartu zutela eskudirutan egindako eragiketak murrizteko erabakia, hots; «osasun segurtasuna bermatzeko», eta bankuko bezeroak lehenetsi zituztela horietarako.
Are, azpimarratu dute zerbitzu horiek «murriztu bakarrik» egin zituztela, eta ez «kendu». Finantza entitatearen arabera, 2022ko maiatzean berriro abian jarri zituzten zerbitzu horiek.
«Irabaziak helburu»
Banketxeak ez du ezer egiterik Kontsumobidek jarritako zigorraren aurka; izan ere, ezingo dio epaiari helegitea jarri. Hala ere, Cornejok uste du Kutxabankek aurkituko dituela «euren irabaziak ziurtatzeko bestelako bideak». Aurreko ekitaldian emaitza onak lortu zituen, 2021arekin alderatuta %52,7 igo baitziren izandako irabaziak, hots: 330,5 milioi euro. Hala ere, oraindik ez du lortu 2019ko datuetara itzultzea, gertu dabilen arren.
Gainera, aurten aintzat hartu beharko du Espainiako Gobernuak iragan urte amaieran onartutako bankuen zerga. Neurri batetik gorako bankuek zerga berezi bat ordaindu beharko dute bi urtez, eta Kutxabanken faktura 55 milioi eurokoa izango da. Erabakia ez zen banketxearen gustukoa izan, eta horren aurkako helegitea jarri zuen gaur hilabete. Iritzi dio «baztertzailea» dela, banku txikiek eta atzerrikoek ez dutelako ordaindu behar.