Kontsumoak ordainduko du Parisek enpresei emandako laguntza

Enpresei 20.000 milioi barkatuko dizkie zergetan, kostu txikiagoekin inbertsioak eta esportazioak handitu ditzatenSarkozyren BEZ soziala ezabatu eta gutxira, zerga hori igotzea erabaki du Hollandek

Iker Aranburu.
2012ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Pirinioen bi aldeetan BEZaren inguruko hauteskunde promesek antzeko balioa dute. Oposizioan zegoenean BEZaren igoeraren aurkako adierazpen purrustada bat egin ondoren, zerga hori igota heldu nahi dio orain François Hollandek Frantziako enpresen lehiakortasun galeraren arazoari. 2014tik aurrera BEZ arrunta %19,6tik %20ra emendatuko du eta %7tik %10era BEZ ertaina, enpresei 20.000 milioi euroren zerga jaitsiera bat konpentsatzeko.

Parisek ez du bezperan Louis Galloisek lehiakortasuna handitzeko aurkeztu zion proposamen nagusia onartu —gizarte kotizazioen jaistea—, ofizialki ez baitago ados lehiakortasuna industriako soldaten ondorio denik. Baina, beste bide batetik bada ere, enpresei zama arinduko die —%6, Jean Marc Ayrault lehen ministroak zehaztu duenez—, eta herritarrek pagatuko dute faktura, kontsumoaren gaineko zerga handiagoarekin.

Neurri horren bidez Frantziako enpresen kostuak jaitsi eta esportazioak handitu ahal izango dituela espero dute Parisko agintariek. Bere auto, hegazkin edo elikagai industria handiari esker Frantzia herrialde esportatzaile handia izan da historian, baina azkenaldian indarra galdu du sektore horrek: iaz 70.000 milioi euroren merkataritza defizita izan zuen (Alemaniak 150.000 milioi euroren superabita), eta munduko merkataritzaren %6,3tik %3,3ra jaitsi da azken hamar urteotan. Gainbehera horrek eragin handia izan du industrian: 700.000 lanpostu galdu ditu azken hamarkadan, eta Frantziako balio erantsiaren %18 zena %12,5era jaitsi da.

1. Laguntzak enpresei

Hurrengo hiru urteotan enpresei 20.000 milioi euro barkatuko dizkie zergetan, zerga-kreditu baten bidez: 10.000 milioi 2013an, eta 5.000 milioi 2014an eta 2015ean. Enpresa guztientzat izango da, ezz soilik esportatzaileentzat, eta langile kopuruaren araberako txikitzea izan da. Smic gutxieneko soldataren 2,5 aldiz baino gutxiago (3.562 euro) duten enplegu bakoitzeko ezarriko da jaitsiera. Neurri horren helburua da enpresek merkeago ekoitzi ahal izatea eta horri esker Frantzian atzerriko lehiakideei aurre egin ahal izatea eta atzerrian gehiago saltzea. Halaber, enpresen irabazi marjinak handituta, gobernuak espero du diru gehiago izango dutela inbertitzeko, eta horri esker produktu erakargarriagoak eskaini ahal izango dituztela. Dirua inbertsioetarako —eta ez dibidenduetara— erabiltzen dela ziurtatzeko, zenbait prozedura indarrean jarriko ditu. Besteak beste, enpresa batzordeek informazio eguneratua jaso beharko dute zerga-kredituaren erabilerari buruz, eta estatuak eta gizarte eragileek jarraipen batzorde bat osatuko dute «tresna ongi baliatzen dela ikuskatzeko».

2. BEZa gora

Boterera iritsi eta gutxira, François Hollandek bertan behera utzi zuen Nicolas Sarkozyren neurri garrantzitsuenetako bat: BEZ soziala izenekoa. Hots, zerga hori %1,6 igotzea gizarte kotizazioen jaitsiera konpentsatzeko. Sei hilabete geroago, antzera egingo du Hollanderen gobernuak. Lau mila milioi lortu nahi ditu BEZ arrunta %19,6tik %20ra igota —elikagaiak ez diren beste kontsumo produktuena—; eta lau eta zazpi mila milioi artean eskuratu nahi ditu, berriz, BEZ ertaina %7tik %10era emendatuta —argindarra, gasa, ostalaritza, eraikuntza...—. Frantziako Gobernuak jaitsi egingo du, ordea, BEZ murriztua, %5,5etik %5era. Elikagai arruntek eta oinarrizko produktu gehienek pagatzen dute BEZ hori, eta mila milioi euroren galera ekarriko dio Altxorrari. Botikek, egunkariek eta beste produktu batzuek pagatzen duten %2,1eko tasa berezia ez dute ikutuko.

3.Beste zergak

Frantziako Gobernuak ingurumenarekin lotutako zerga sistema berezi bat ezarriko du 2016rako, baina ez du aurreratu nolakoa izango den. Beste baterako geratu da sozietate zergaren erreforma, progresiboagoa egiteko eta zerga kenkari batzuk ezabatzeko. CSG (Gizarte Kontribuzio Orokortua) zerga ere ez du ikutu Hollande-Ayrault bikoteak, nahiz eta horren igoera izan gizarte kotizazioaren jaitsiera konpentsatzeko gobernuaren gertuko aditu askok proposatutakoa.1990ean sortu zuen Michel Rocardek, Gizarte Segurantza pagatzeko. Mozkin guztiei %1,1eko zerga ezarri zitzaion orduan, eta gora joan da urtez urte: gaur egun, lanaren irabaziek %7,5 ordaintzen dute,%8,2 kapital errentek eta %6,6 pentsioek. 2011n, 88.600 milioi euro ekarri zizkion Altxorrari, errenta zergak (50.600 milioi) edo sozietate zergak (41.900 milioi) baino gehiago.

4. Beste neurriak

Enpresei emango dien bultzadaren erdia BEZari esker jasoko du estatuak, eta gainontzeko 10.000 milioi euroak bere gastuak murriztuta. Nola, ordea, ez du esan, dagoeneko defizita %3ra jaisteko hainbat gastu gutxitzen ari baita. Gainera, 500 milioi euroko funts bat sortuko dute enpresa txiki eta ertainei finantzatzen laguntzeko, admnistrazio prozedurak erraztuko dizkiete enpresei, eta inbertsioak sustatzeko neurriak izango dira hurrengo lau urteotan. Ikasketa kontratuak handitu nahi ditu gobernuak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.