Lan merkatua erakusten ari den indarra eta inflazioaren azken hilabeteetako apaltzea konfiantza giroa zabaltzen ari dira kontsumitzaileen artean, baina zuhurtzia nagusi da oraindik. Hala ondorioztatu du Laboral Kutxak, kontsumitzaileen konfiantzaren inguruko hiruhilekoko txostenean.
Azterketak azken lau urteetako emaitzarik onena eman du. Zehazki, familien konfiantza batez beste -4 puntukoa da aurten —0 litzateke neutraltasuna, ez ezkor ez baikor—; 2022an, -11koa izan zen, eta 2023an, -9koa. Inguruko herrialdeekin konparatuta, Euskal Herriko kontsumitzaileen konfiantza maila handiagoa da. Espainian eta Frantzian -14koa da. Europako Batasunean, -12koa.
Kontsumitzaileek tentu handiz begiratzen diote egoerari. Soilik %9,2k uste dute ekonomiak hobera egingo duela. Aldiz, okerrera egingo du %18,8ren arabera. Hala ere, iritzi nagusia da (%72) antzera mantenduko dela.
Kontsumitzaileen %5,8k autoa erosteko asmoa dute datozen hilabeteetan, eta %0,2k, etxebizitza
Aurrezteko gaitasunari dagokionez, konfiantza handitzen ari da denbora igaro ahala, eta %56,5ek uste dute datozen hamabi hilabeteetan dirua aurreztuko dutela. %70,5ek egin dute hori azken hiruhilekoan.
Neurri batean, hori gertatzen da inflazioaren bilakaerari buruzko pertzepzioak hobera egin duelako. Baikorra da: 9 puntukoa. 2021ean eta 2022an oso ezkorra izan zen (-41 eta -48 puntukoa, hurrenez hurren).
Nolanahi ere, kontsumitzaileek oraindik kontu handiz jokatzen dute dirua gastatzeko orduan. Egoeraren balorazioa oso ezkorra da (-23). Horretarako garai txarra dela diote %31k. Soilik %8,4rentzat da garai egokia. Dena den, azterlanak erakusten du familien % 56,2k iazko erosketa bolumen berari eutsiko diotela. %20,8k erosketak murriztuko dituzte, eta soilik %11,5ek handituko dituzte.
Bestelakoa da erosketa handien kontua. Etxeena eta autoena erabili ohi dira termometro gisa horretarako. %0,2k uste dute etxebizitza bat ia seguru erosiko dutela datozen hamabi hilabeteetan. Laboral Kutxak gogorarazi duenez, etxebizitzen salerosketak behera egin du aurten, lehen seihilekoan 10.369 etxebizitza salerosi dira Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 2023ko aldi berean baino %7 gutxiago. Bestalde, autoa erosteko asmoak hobera egin du. %5,8k esan dute ibilgailu bat ia seguru erosiko duela datozen hamabi hilabeteetan.