Lehen sektorearen egoerari soluzioak ematea «ez da batere erraza», Euskadiko Elikaduraren Klusterreko zuzendariaren arabera.
Nekazariak muturreko egoeran daudela diote. Zer-nolako soluzioa behar du auzi horrek?
Ez da erraza, ez baita lehen sektoreko arazoa bakarrik kostuen garestitzearena. Errentagarritasunak behera egin du, bai eta elikaduraren industrian ere, energia prezioen gorakada tarteko. Kartoia, beira, garraioa... dena joan da gora.
Katearen begi desberdinek eusten duten zamaren desoreka ikusten dute nekazariek?
Janaria kontsumitzaileena iristeko bi modu nagusi daude: Horeca ostalaritzarekin lotutako bidea da bat, eta retailing-a bestea, txikizkako salmenta. Azken horretan, errentagarritasun apalagoa dago, eta ez da erraza izaten prezioak garestitzea; Horeca, berriz, pandemian erabat bat izozturik geratu zen. Arazoa da ekoizle batzuek lortu dutela prezioak gaurkotzea, eta beste batzuek, ez.
Nola lor daiteke %5etik gora dagoen inflazioaren aurrean prezio egokiagoak iritsaraztea janariaren jatorrizko jarduerara?
Argi dago kostuak igotzen badira eta produktuaren prezioa ez, irabaziaren aldeak behera egiten duela. Lehen sektorea da katearen begirik ahulena, seguru. Banaketa enpresek prezioak igotzen badituzte, oro har, salmentak apal daitezke, eta beldur horrek galarazten du prezio gaurkotua ekoizleengana iristea.
2020. urtea, pandemiaren gordinarena, oso ona izan da banaketarentzat, ordea.
Txikizkako salmentak handitu egin dira, baina ez hainbeste errentagarritasuna. Hurbiltasunaren ereduan aritu direnek ikusi dute salmenten hazkundea, baina hiper merkatuek, adibidez, behera egin dute, itxialdiak tarteko. Batzuek merkatu kuota irabazi dute, baina badira galdu dutenak. Eta egoera horretan askok uste zuten prezioen gerra bat hasiko zela, lehia gogortuz, baina ez da gertatu. Apustua dago prezioei eusteko, hori bai, kontsumoa jaitsi ez dadin.
Janaria ez da inflazioa bezain beste igo, energiak finkatu duelako KPIa, baina igo da, hala ere.
Bai, igo da, baina ez asko. Seguruenera, produktu askoren eskasiak eta munduko hainbat herrialdetan dagoen espekulazioak gora bultzatu dituzte zertxobait prezioak. Aldagai asko sartzen dira ariketan: ez da batere erraza ulertzea zergatik igotzen diren produktu batzuk eta beste batzuk ez.
Azken bi urteotan janariaren industriak prestigioa lortu du, zerbitzu ona eman duelako, eraginkorra. Ez ote da irudi on hori lausotuko nekazariek protesta handiak egiten badituzte?
Ez da erraza izaten janariaren sektorearentzat irudi ona lantzea; sarritan, hedabideetan agertzen denean, osasun alertak-eta izaten direlako albiste. Dena den, sektore egonkorra da, haizea alde duenean ez da asko-asko igotzen, baina haizea aurka duenean ere ez da beste sektoreak bezain beste jaisten. Urdailaren kuotak finkatzen du egonkortasuna. Beti jan behar dela, alegia. Pandemian eman genuen erantzuna urte askoren lanaren emaitza naturala izan da. Kate osoa dabil ondo, eta logistika ere oso ona da.
Ekoizleek kaleak hartzeak ez du zikinduko irudi on hori?
Ez dakit. Kontsumitzaileak ikusten ari dira energiarekin zer gertatzen ari den, eta uste dut prezioen igoera espero dutela. Baina soldatak igoko dira neurri berean? Agian ez, eta orduan nola jokatu beharko du sektoreak? Kontsumo maila zaindu egin behar da, ahal dela. Kontsumitzailearen konfiantza sustatu behar dugu, emaria gelditu ez dadin.
Zuk esana da lehen sektoreari bere balioa eman behar zaiola, baina ematen du industriak ez duela une egokia topatzen haien prezioak igotzeko.
Bertako produktuei eman behar zaie balio handiagoa, baina ez bakarrik lehen sektoreari. Bertako janariaren industriari buruz ere aritzen gara gure produktuei balio gehiago emateko beharra azpimarratzen dugunean. Hego Euskal Herriko ekonomian, lehen sektorea oso apala da. Espainian, aldiz, janariaren sektorea lehena da: txerria, olioa, ardoa, barazkiak... produktu horiekin industria oso indartsua egituratu dute. Gure ekoizleak neurri txikikoak dira, baina pandemian ikusi da etxeko produktuak kontsumitzeak balio erantsi bat ematen diola gizarteari. Kate osoari balio hori ematen saiatzen gara gu, jakinda ez prezioan, ez neurrian ezin dugula beste batzuekin lehiatu. Guk kalitatera jo behar dugu, eta gero ikasi behar dugu ongi helarazten gureak kalitate handiagoa duela. Batzuetan, errelatoan huts egiten dugu.
Hurbiltasuna, jasangarritasuna, produktu osasuntsuak, ekologikoak... horiek dira klusterrean jorratzen dituzuen lerro nagusiak?
Batzuk orokorrak dira, baina gure produktuen sendotasunak identifikatu behar ditugu, eta baliatu. Gure ardatzak dira kontsumitzaileak aintzat hartzea produktuak garatzean; sektorean gero eta profesional hobeak edukitzea, hobeto eta gehiago saltzeko, salmenta digitala kontuan hartuta; eta gero, berrikuntzan sakontzea, gure gaitasun guztiak garatzeko. Talentuari begira ere bagaude: talentuak bihurtzen du sektorea erakargarri, pertsonak.
Jon Ander Egaña. Elikaduraren klusterreko zuzendaria
«Kontsumoa apalduko ote den beldur dira saltoki handiak»
Egañak dio janariaren sektorea apala dela Hego Euskal Herrian, eta kalitatearen bidez lehiatu behar dela, kontakizun egokiak sortuz, «neurrian eta prezioan» ez duelako zer eginik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu