Kontsumitzaileek beltz ikusten dute panorama. Hala ondoriozta daiteke Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak aurtengo bigarren hiruhilekoan egindako inkestari erreparatuta. Iaztik batere ez dutela aurreztu adierazi dute kontsumitzaileen %52k. Datozen hilabeteetan ere ez dutela egingo erantzun dutenak %58 dira. Horrez gain, hirutik bik etxerako erosketen kopurua murriztuko dutela esan dute. Ondasun horien eskaera azken urteetako mailarik baxuenean da.
Orokorrean, kontsumitzaileen konfiantza indizea 81 puntuan dago, Europako batez bestekotik sei puntu behera eta Espainiakotik puntu bat gora. Euren egoera pertsonalaz gain, egoera ekonomikoa ere okertuko dela uste dute gehienek. Galdetutakoen %40k langabeziak gaur egungo mailan jarraituko duela erantzun dute, eta %46k gehitu egingo dela. Prezioak ere ohi baino bizkorrago igoko direla azaldu dute %42k, eta ohiko erritmoan garestituko direla %44k.
Kutxen federazioaren inkestaren arabera, inbertsio handiak egiteko asmoei buruzko indizea ere nabarmen jaitsi da. Ez da joera berria izango. Aurtengo lehen lau hilabeteetan, esaterako, iaz epe berean baino %6,7 etxe gutxiago salerosi dira. Autoen kasuan, are handiago izan da beherakada, %36,3koa.
Kontsumitzaileen erdiek ez dute aurreztu iaztik
Hirutik bik etxerako erosketak murriztuko dituztela dio Hego Euskal Herriko Aurrezki Kutxen Federazioak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu