Lanbidek kontrol unitate berria sortu du, 19 ikuskatzailek osatua

Diru sarrerak bermatzeko errentaren lege berrian aurreikusitako organoa da. DSBEaren hartzaileek betebeharrak betetzen dituzten ikuskatuko du, baita haiei zigorrak ezarri ere. Etxebizitzetarako bisitak ere egingo dituzte.

LANBIDE
Lanbideren bulego bateko erakusleihoa, Bilbon. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Irune Lasa.
2023ko abenduaren 18a
13:05
Entzun

Lanbide zerbitzu publikoaren kontrol unitatea gaur osatu dela jakinarazi du Eusko Jaurlaritzako Lan eta Enplegu Sailak. Hemeretzi ikuskatzailek osatzen dute kontrol unitate berria, eta orain artekoak baino eskumen gehiago izango ditu; izan ere, DSBE diru sarrerak bermatzeko errentaren eta beste prestazioen hartzaileei betebeharrak zuzen betetzen «lagunduko» die, eta baita zigorrak ezarri ere, berariazko irregulartasunak egiten diren kasuetan.

DSBEaren lege berriei bide ematen die Lanbideren jardun berriak, eta hiru ardatz izango ditu lehen ikuskaritza planak. Lehen xedea arazo gehien dituzten hartzaileei laguntzea izango da, besteak beste komunikazioa hobetuz.

Bigarren ardatza irregulartasunen prebentzioa izango dela azaldu du Lan eta Enplegu Sailak. «Hainbat bide bultzatuko dira informazio zuzena eta gardena emateko betebeharrei buruz, eta haiek ez betetzearen ondorioei buruz». Nortasunaren egiaztapenak hobetuko direla ere esan du.

Hirugarren ardatza kontrolean eta ikuskatzean oinarrituko da. Hobekuntzak aurreikusten dituzte, besteak beste, agirien kontrolean, nortasun egiaztapenetan, eta inklusiorako betebeharren jarraipenean, hala nola ikastaroak uzten diren kasuetan, lan eskaintzei uko egiten zaienean edo hartzailea dagokion orduan agertzen ez denean.

«Gure babes eta gizarteratze ereduan sinesten dugunok badakigu haren izen ona ez dela soilik lortzen iritsi behar zaionari iristen zaionean, baizik eta zorroztasunez kudeatzen denean».

SARA BUESAEusko Jaurlaritzako Prestazio eta Gizarteratze zuzendaria

Ustezko delituen zantzuak daudenean, planak aurreikusten du fiskaltzari berri emateko aukera. Praktika horrekin jada hasita zegoen Lanbide legegintzaldi honetan. Horrez gain, herritarren kolaborazioa ere sustatuko du Lanbidek, «legearen kontrako egoerei buruzko informazioa bideratzeko, horren egiaztapena egiteko, eta beharrezkoa denean erantzuna emateko prozedurak ezarriz».

Kontrol unitatearen planak aurreikusten du etxebizitzetara bisitak egitea, «herritarrentzako berme erabatekoekin, bizikidetza unitateen egoerak egiaztatzeko».

Sara Buesa Prestazio eta Gizarteratze zuzendariaren arabera, Lanbidek DSBEaren legearen helburuak betetzeko borondatea du, behar dutenei eta eskubidea dutenei gehieneko estaldura emanez, batez ere adin txikikoei eta edadetuei, eta, horrez gain, funts publikoen erabilerari dagokionez erabateko zorroztasuna izatea du helburu. «Gure babes eta gizarteratze ereduan sinesten dugunok badakigu haren izen ona ez dela soilik lortzen iritsi behar zaionari iristen zaionean, baizik eta zorroztasunez kudeatzen denean».

Ertzaintzarekin berritutako akordioa

Irregulartasun arriskuak murrizteko, dagoeneko hainbat urrats egin ditu Lan eta Enplegu Sailak Lanbiden. Adibidez, tokiko eta Espainiako administrazioekin duen datu trukea areagotu egin du. Berritu egin du Ertzaintzarekin zuen hitzarmena ere, eta kolaborazio bide egonkorrak zabaldu ditu bai fiskaltzarekin, bai dokumentazio, atzerritartasun eta errolda eskumenak dituzten segurtasun indarrekin.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.