Lan erreforma antidoto ona izan da behin-behinekotasunaren aurkako borrokan. 2022. urteko martxoan martxan jarri zenetik, behin eta berriz errepikatu dute hori Espainiako Gobernuak eta erabakia babestu zuten alderdiek eta sindikatuek. Datuei begiratuta, arrazoi dute: Hego Euskal Herrian, soldatapekoen %25,6k zuten behin-behineko kontratua 2021 amaieran, eta %19,2 ziren aurtengo lehen hiruhilekoan. Baina datu horrek nolako eragina izan du langileen artean? Murriztu dira prekaritatea eta ezegonkortasuna?
Azken asteetan, Espainiako Bankuak argitaratutako txosten batek hizpidera ekarri du gaia. Hark dioenez, ezegonkortasuna areagotu egin da lan kontratu finko bat dutenen artean. Erreformak asko gogortu zituen behin-behineko kontratuak egiteko baldintzak, eta nabarmen egin du gora finkoen kopuruak.
«Oraingo kontratu finkoek, ordea, ez dute lehengoen kalitate bera». ELAko ikerketa bulegoko Xabi Zabalarena da baieztapena. Hego Euskal Herriko datuak ez daudenez eskuragarri, Espainiakoetan oinarrituta dio probaldian egiten diren kaleratzeak nabarmen ugaritu direla, eta kontratuen iraupena bost egun murriztu dela erreforma onartu zenetik.
Aipatutako txostenaren arabera, bai, hobera egin du egoerak, eta beharginen egonkortasuna «zertxobait hobea» da orain: «Nahiz eta ordutik sortu diren kontratu mugagabeak ezegonkorragoak diren, horien kopurua asko handitu da behin-behinekoekin alderatuta». Zabalak adierazi du ezinbestekoa dela datuen atzean ezkutatzen den errealitatea aztertzea, baina, gutxi gorabehera, bat egin du analisi horrekin: «Egoera zertxobait hobetu da, baina ez estatistikek erakusten duten bezainbeste».
Espainiako Gobernuaren azken lan erreforma berritzailea izan zen, aurrekoetan txertatu ez ziren formulak ezarri baitzituen behin-behinekotasuna murrizteko helburuarekin. Labur esanda, kontratu mugagabea indartuz saiatu ziren tasa murrizten, aldi baterako kontratuen erabilera mugatuz eta finkoak malguagoak bihurtuz.
«Behin-behinekotasun tasa murrizteak ez du esan nahi langileen egoerak hobera egin duenik».
OIHANA LOPETEGILABeko ekintza sindikaleko arduraduna
«Behin-behinekotasun tasa murrizteak, ordea, ez du esan nahi langileen egoerak hobera egin duenik», ziurtatu du Oihana Lopetegi LABeko ekintza sindikaleko arduradunak. Azaldu du erreformak eragin nabarmena izan zuela hasieran, baina datu estatistikoek jo dutela sabaia jada. «Behin-behineko kontratuak murriztuta eta aldizkako finkoak sustatuta, lortu dutena da prekaritate mota bat beste bategatik ordezkatzea, ezegonkortasun mota bat beste bategatik aldatzea». Legearen borondate ona ez du zalantzan jarri, baina iritzi du langileei egoera prekarioan eusteko zenbait bide eman dizkiela patronalei, eta horiek erabiltzen ari direla orain.
Legeari baiezkoa eman zioten eragileetako bat CCOO izan zen. Sindikatuaren Araba, Bizkai eta Gipuzkoako kabinete teknikoko kidea da Goio Martin; kritikoa den arren, defendatu du «lege on bat» izan zela, nahiz eta «gerora patronalek topatu dituzten nahi duten modura erabiltzeko zirrikituak». Horregatik, uste du berandu baino lehen gainbegiratu eta hobetu egin behar dela.
Erreformak onurak edo kalteak eragin zituen galdetuta, aldagai guztiak kontuan izatea ezinbestekoa dela azpimarratu du Martinek: «Obrako kontratua ezabatu zuen, behin-behinekoen erabilera mugatu, kontratazioan lege hausteak egiteagatik zigorrak areagotu... Egia da kontu batzuetan motz geratu zela, baina elkarrizketa sozialaren ondorio izan zela ulertu behar da». Izan ere, Martinen ustez, egoera okerragoa izango zen patronalekin akordio bat lortu izan ez balute. «Lege bat inposatua denean, adostu gabea, ez du onurarik ekartzen. Lehenago eroriko zen, boikotatuko zuten», ziurtatu du.
Legeak izan duen bilakaera aztertzerakoan, 2022 eta 2023 ezberdindu ditu CCOOkoak. «Lehen urtearen eboluzioa ikusgarria izan zen, datuak eztabaidaezinak dira. Inork ez du zalantzan jarriko erreformak behin-behinekotasuna murrizteko balio izan zuela. %250 handitu zen mugagabeen kontratazioa». Iaz, ordea, erreforma «finkatu» egin zela azaldu du, eta lehen «agortze sintomak» sumatu zituztela. Izan ere, ordutik, Hego Euskal Herrian igo egin da aldi baterako kontratuen ehunekoa. Joera are nabarmenagoa izaten ari da 2024an, eta aitortu du aurten «atzerapauso bat» eman dezakeela enpleguaren kalitateak. Horregatik errepikatu du legea gainbegiratu eta hobetu behar dela.
Lautik hiru, behin-behinekoak
Datuak: Hego Euskal Herrian sinatzen diren lau kontratutatik hiru behin-behinekoak dira. Maiatzean izenpetutakoen %77,2 aldi baterakoak izan ziren, urtebete lehenago baino hiru puntu gehiago. Hori nabarmendu du Zabalak. Erreformaren aurretik %90tik gora behin-behinekoak izaten ziren arren, uste du gehiegizkoa dela egungo kopurua ere. «Ez da datu ona». Gehitu du, gainera, sinatzen diren finko horien erdiak soilik direla lanaldi osokoak. «Beraz, Hegoaldean sinatzen diren hamar kontratutatik bakarra da mugagabea eta lanaldi osokoa».
«Behin-behineko kontratuen murrizketa, gainera, sektore pribatuan gertatu da», jarraitu du. Arduraren zati handi bat, beraz, erakunde publikoei egotzi die: «Ezin dugu arreta enpresen trikimailuetan soilik jarri; sektore publikoak jarrera bera du». Sektore pribatuan %12 ingurukoa da behin-behinekotasun tasa, eta publikoan, %30 ingurukoa.
«Ezin dugu arreta enpresen trikimailuetan soilik jarri; sektore publikoak jarrera bera du». XABI ZABALAELAko ikerketa bulegoko kidea
Baina zergatik murriztu da horrenbeste tasa hori 2021. urteko lan erreformarekin? Nagusiki, asko handitu delako kontratu finkoen kopurua; besteak beste, aldizkako finkoei esker. Kontratu mota hori gutxi erabiltzen zen erreformaren aurretik, baina legeak sustatu egin zuen, eta geroz eta gehiago erabiltzen da orain: lehen, kontratu finkoen %2,5 inguru izaten ziren, eta, orain, %6ra heltzen ari da. Dena den, datu horixe bera gogorarazi dute sindikatuetako kideek testuingurua azaltzekoan: proportzioan asko ugaritu badira ere, afiliazio guztien %3 soilik dira gisa horretako hitzarmenak.
Behin-behinekotasuna handia izan ohi den sektoreetan erabiltzen dituzte gehienbat: nekazaritzan, ostalaritzan... eta, batez ere, sektore feminizatuenetan, jangeletan, zaintzan eta garbiketan.
Kontratu mota horri erreferentzia eginez, ELAko zein LABeko ordezkariek salatu dute erreformak «datuak makillatzeko» balio izan duela. Izan ere, kontratu horietako bat duten beharginak ez dira langabe gisa azaltzen estatistiketan lanean ez daudenean. «Kontua da ezin dugula jakin zenbat diren, ministerioak ez baitizkigu ematen datu horiek», salatu du Zabalak.
Finkoak ez diren finkoak
Lan erreformaren ondorioetako bat begi bistakoa da: kontratu finko bat izateak berme izateari utzi dio. Horixe nabarmendu du Lopetegik: «Lehen, kontratu mugagabe batek segurtasuna eskaintzen zion langileari, baina, orain, ez dio ziurtatzen egonkortasunik».
Fedea ikerketa zentroko ikertzaile talde batek horretan egin du azpimarra. «Enpleguaren iraunaldiak ez du hobekuntza handirik izan, ez behintzat behin-behinekotasuna horrenbeste murriztu izanak eragin beharko lukeen beste», azaldu zuten 2023 amaieran argitaratutako txosten batean. Horretarako, sortzen eta suntsitzen diren kontratuei erreparatu zieten, eta ikusi zuten datuak erreformaren aurrekoen oso antzekoak direla. Nahiz eta kontratu mugagabe gehiago sinatzen diren, kontratu mugagabe gehiago ere amaitzen dira. Beste modu batera esanda: kontratu finkoak gehiago erabiltzen dira, baina gutxiago irauten dute. Beraz, enplegua sortzeko eta suntsitzeko dinamikek bere horretan jarraitzen dute, eta, ondorioz, enpleguaren iraupena ez da aldatu.
«Patronalak legea bihurritzen saiatzen dira, nola baliatu ikasten dute, eta horregatik ari da agortzen erreforma».
GOIO MARTINCCOOko kabinete teknikoko kidea
Laburbilduz, ikertzaileen arabera, erreformak eragindako aldaketak ez dira lehen begiratuan eman dezakeen bezain handiak. Txostenak honela dio: «Erreforma oso eraginkorra izan da behin-behinekotasun tasa murrizteko, baina ez du askorik balio izan prekaritatea eta ezegonkortasuna murrizteko».
CCOOko Martinek aitortu du, txostenak dioen moduan, kontratu mugagabeak dituztenen artean handia dela txandakatzea, eta kontratu finkoak jada ez direla «horren finkoak». Azaldu du hein batean enpresen ohituren eraginez gertatzen dela hori: «Araua eta hemengo enpresen kultura ez doaz batera. Patronalak araudia bihurritzen saiatzen dira, euren interesetarako nola baliatu ikasten dute, eta horregatik ari da agortzen erreforma».
Probaldia eta kalera
Enpresek topatu dituzten zirrikitu horietako bat da probaldiena. Lopetegik azaldu du: «Datuei erreparatuta, konturatu gara erreforma onartu zenetik esponentzialki areagotu direla probaldia ez gainditzeagatik egiten diren kaleratzeak. Kontratu finkoa egin arren, kaleratu egiten dituzte langile asko».
Datu batzuk eman ditu: 2022. urteko urtarrilean, erreforma indarrean jarri aurretik, 9.700 kontratu ingururi eman zitzaien baja Hegoaldean; 2023ko azaroan 57.000 izan ziren. «Ez dago kontratuen egonkortasuneranzko joerarik. Lehen, behin-behineko kontratuak egiten zituzten, eta, orain, bi hilabetera baliogabetzen dituzte finkoak. Formula ezberdin bat darabilte helburu berdinerako».
datuak
%19,2Behin-behinekotasun tasa. Hego Euskal Herrian sei puntu luze murriztu da 2022ko martxoan lan erreforma indarrean sartu zenetik. Gobernuak eta akordioa sinatu zuten sindikatuek sarritan nabarmendu dute datu hori.
%77,2
Behin-behineko kontratuak. Hego Euskal Herrian sinatzen diren lau kontratutatik hiru behin-behinekoak dira oraindik, eta handitzen ari da ehunekoa. Erreformaren aurretik %90tik gora izaten ziren.
ELAko Zabalak ere aipatu du probaldien kontua, eta salatu du enpresei oso merke irteten zaiela garai horretan langileak kaleratzea. «Neurriak hartu beharko lirateke horren merkeak ez izateko», eskatu du. Sindikatuetako kideek hizpide izan dute 2012. urteko lan erreforma, non asko murriztu zen kaleratzeen kostua. Azken erreformak ez zuen aldaketarik egin arlo horretan.
Egiturazko aldaketak
Zer egin daiteke egoera hobetzeko? ELAko Zabalaren iritziz, sektore publikoan egin beharko lirateke lehen aldaketak. «Sektore pribatuan ere egoera ez da ona, baina, datuei erreparatuta, ezberdintasuna handiegia da», adierazi du.
Lopetegik, berriz, Euskal Herrian eskumen gehiago izateko beharra azpimarratu du. Uste du behin-behinekotasunaren gaitza kronikoa eta egiturazkoa dela, eta, ondorioz, aldaketa estrukturalak ezinbestekoak direla hobekuntzak lortzeko. «Guk diogu bertan hartu behar ditugula erabakiak, bertako lan esparrua izan behar dugula, bertako negoziazio kolektiboa eta bertako legedia, Euskal Herrian lan baldintzen benetako hobekuntza bat izan dezagun, lan harremanen eredu bat eraiki dezagun». Defendatu du Espainiako markoak ez duela modua ematen horretarako.
Bitartean, kontratazioaren inguruko aferetan negoziazio kolektiboaren bidez ari dira lanean. «Mugatzen eta kontrolatzen bai probaldiak, bai aldizkako finkoen erabilera... horrela ari gara egoera hobetu nahian».