Kontratu bat duten langileen %17 «benetako pobrezian» daude

Lan pobrezia handitu egin da 2014tik 2016ra, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Kontratu finkoa dutenen %1,2 ere langile pobreak dira

Berri-Otxoak taldeko kideak DSBEaren aldeko ekitaldi batean. BERRI-OTXOAK.
xabier martin
2017ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Lan pobreziari aurre egiteko tresnak ez dira behar bezain eraginkorrak izaten ari. 2014tik 2016ra, hazi egin dira langile pobreak, beren soldata apalek pobreziara eramaten dituztenen multzoa, alegia. KES Kontseilu Ekonomiko eta Sozialak argitara eman duen azken txostenak islatu du lan kontatu bat edukitzeak ez duela zertan babestu pobreziaren aurka. Areago, kontratu finko bat edukitzeak ere ez du bermatzen «benetako pobrezian» ez egotea, nahiz eta txertorik onena den. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, kontratu mugagabe bat duten langileen %1,2 pobrezian daudela dio KESek. Portzentaje hori era nabarmenean handitzen da kontratu finkoa ez beste lan lotura motak dituztenen artean, %16ra arte hain justu; hala, kontratudunen %17tik gora daude pobrezian. «Lan pobrezia hor dagoen fenomenoa da, eta kezkatu egiten gaitu», esan zuen atzo Inamukulada Gallastegik, KESen txostena osatu duen batzordeko presidenteak.

Espainiako Gobernuak onartutako lan erreformak negoziazio kolektiboa erabat mugatu zuen 2012tik aurrera, eta sindikatu eta patronalaren arteko harreman desorekatuek soldata jaitsiera nabarmena ekarri dute. Sektoreko itun gutxi egiten dira aspaldi honetan, eta lan merkatura sartzen diren langile berri gehienek ez dute hitzarmen baten babesa. KESek dio «kezkagarria» dela negoziazio kolektiboaren «erritmo motela». Aldagai horrek eta kontratu berri gehienen partzialtasunak inoizko soldata txikienak ekarri ditu zerbitzuetan. Testuinguru horretan sortu dira langile pobreak; 2014tik 2016ra, murriztu beharrean, hazi egin da talde hori.

Hazkundea bai, baina...

Diru sarrerak bermatzeko errentak ere argi islatzen du fenomenoaren neurria. DSBE jasotzen dutenen %20 beren soldatak osatzeko jasotzen duten langile kontratudunak dira, KESek gogoratu duenez. 2016an, 520,2 milioi euro erabili zituen babes sozialerako sistema horrek, 2015ean baino %0,8 gehiago. Esan beharrik ez dago: «langabezian daudenen artean, lan pobreziaren portzentajea handiagoa da», esan zuen Gallastegik txostena plazaratzeko ekitaldian, Bilbon.

Azken hiru urteetan, hazkunde ekonomikoa egon da Jaurlaritzak kudeatzen dituen lurraldeetan, eta %3 baino handiagoa izan zen 2016an, baina datu horrek ez du pareko segida izan enplegu sorreraren esparruan, Francisco Jose Huidobro KESeko presidenteak gogoratu zuenez. «Argi-ilunak daude enpleguari begira», esan zuen, eta horien artean aipatu zituen langabezia sariaren babesaren jaitsiera eta kontratu partzialak hedatu izana. «Horrek guztiak ez du laguntzen baikor izaten geroari begira», ohartarazi zuen.

Luzaroko langabeen arazoak aparteko aipamena izan zuen, halaber. Urtebete baino gehiago lana topatu gabe daudenen multzoa ez da askorik aldatu —apenas jaitsi den—, eta arazo hori «kronifikatzeko arriskua» dago. Langabezian daudenen erdia iraupen luzeko langabeak dira, izan ere. Langabezia saria jasotzeari utzi diote askok, gainera; langabeen %42,4k eusten zioten aterki horri 2016ko abenduan, betiere Araba, Bizkai eta Gipuzkoa kontuan hartuz. Orain are txikiagoa da babes horren portzentajea. Eta, hala ere, pobreziaren arriskua zertxobait txikitu da; baina krisi aurreko adierazleak urrun dauden oraindik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.