Konfekoop Lanbideren administrazio kontseiluan sartu da, Confebasken eserleku bat hartuta

Enpresa kooperatiboen elkarteak eskaera historikoa zena lortu du, eta ahots propioa izango du enpresa erakundeen ordezkarien adarrean.

Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea, Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburua eta Tamara Yague Confebaskeko presidentea. IREKIA
Rosa Lavin Konfekoopeko presidentea, Mikel Torres Lan eta Enplegu sailburua eta Tamara Yague Confebaskeko presidentea. IREKIA
Imanol Magro Eizmendi.
2024ko irailaren 13a
12:00
Entzun

Euskal kooperatibismoak eserlekua izango du Lanbideren administrazio kontseiluan, eta, horrela, eskari historiko bat zena lortu du. Konfekoopek, enpresa kooperatiboen elkarte handiena denak, hamar urte egin ditu Eusko Jaurlaritzako enplegu zerbitzuaren administrazio organoan sartu nahian, eta azkenean lortu du. Enpresa erakundeei dagokien mahaiaren aldean eseriko da, Confebasken alboan. Orain arte Confebaskek bost eserleku zituen, eta bat galdu du, Konfekoopen mesedetan.

Mikel Torres Jaurlaritzako Enplegu sailburuak eta Rosa Lavin Konfekoopeko presidenteak gaur sinatu dute mahaian sartzea gauzatuko duen akordioa. Bertan izan da, halaber, Tamara Yague Confebaskeko presidentea. Urteotan Konfekoopek ez du ezkutatu oztopo nagusia Confebask zuela, eta luzaz aritu da presio egiten haren eserleku bat hartzeko.

Azken urteetan, bi ahots berri sartu dira administrazio kontseiluan, LAB eta Konfekoop, eta asko aberastu dute urte luzez monolitikoa zirudien ardura banaketa. Kontseilua hamabost kidek osatzen dute: Eusko Jaurlaritzako bostek —tartean sailburua, Elena Perez Barredo sailburuordea eta Francisco Pedraza Lanbideko zuzendaria—; sindikatuetako beste bostek —kasu honetan, LABek, CCOOk eta UGTk dute ordezkaritza; ELAk ez du zilegitasunik ematen mahaiari—, eta enpresa erakundeetako bost.

Hamabost kidek osatzen dute kontseilua, eta hartan daude Jaurlaritza, Konfekoop, Confebask, eta LAB, UGT eta CCOO sindikatuak

Konfekoopek nabarmendu du EAEko enplegu legea berria onartu izana mugarri bat izan zela haien eskaera onartzeko. Eusko Legebiltzarreko eztabaiden ondorioz, 94. artikulua berritu zuten, eta idazketa aldatu, espresuki adierazita «euskal kooperatibismo osoaren ordezkaritza bere gain hartzen duen erakundeak» administrazio kontseiluan egon behar zuela.

Konfekoopek 1.350 elkarte kooperatibo hartzen ditu barnean, eta tartean daude handienak: Eroski, Laboral Kutxa, ikastola ugari... Kooperatibek 58.000 langile inguru dituzte Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta, Jaurlaritzaren arabera, BPGaren %10 sortzen dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.