Nagore Zaldua. Ondarroa 12 Milia elkarteko bozeramailea

«Kofradiek izan beharko lukete arrain kuoten jabeak»

Artisau arrantza bermatzeko, kostaldetik hamabi miliara bitarteko eremua itsas erreserba izatea eskatu du elkarteak. Portuak ez husteko, harrapaketa kuotak ez pribatizatzeko eskatu du Zalduak.

JUAN CARLOS RUIZ / FOKU.
Jon Fernandez.
Donostia
2019ko abuztuaren 13a
00:00
Entzun
Askoren gogoan enkailatuta dago oraindik ere irudia: Bermeoko Motxo arrantzontzia, inguratze sarea erabiltzen zuena, Deba eta Zumaia arteko geoparkeko haitzetan trabatuta. 2010eko azaroa zen, eta Ondarroa 12 Milia elkarteak orduantxe egin zuen lehen agerraldi publikoa. «Hor atera ginen, sortu berritan, lehenengo aldiz pankartarekin», gogora ekarri du Nagore Zaldua biologoak (Donostia, 1974), Ondarroa 12 Milia elkarteko bozeramaileak.

Itsasoaz eta arrantzaz arduratutako euskal kostaldeko hainbat pertsonak sortu zuten elkartea. «Ikusten genuen arrantza gain behera zihoala, eta itsas ekosistema ere bai». Eta egoera ez da hobetu harrezkero, elkarteko kideen iritziz.

Eusko Jaurlaritzak uztailean gaurkotu zituen arrantza sektoreko datuak, eta azken hiru hamarkadetako bilakaerari erreparatuz gero, joera deigarriak berretsi ziren: Bizkaian eta Gipuzkoan arrantzontzi kopurua %73 apaldu da 1985etik —748tik 200era—, eta marinel kopurua, %72 —7.950etik 2.224ra—; aldi berean, baxuran porturatutako harrapaketak %32 gehitu dira, eta porturatutakoaren balioa %44 handitu da.

Datuak mahai gainean izanda, zer interpretazio egiten duzue?

Jaurlaritzak, datuak ematerakoan, kanpoko arrantzontziek gure portuetako enkanteetan saldutakoa ere zenbatzen du. Baina bertoko ontzidia asko murriztu da, eta porturatzeen zenbakiak ez du islatzen euskal ontzidiaren harrapaketen eta salmenten tamaina.

Sorreratik da zuen eskaria: kostaldeko lehen hamabi milietako eremua babestea. Zergatik?

Itsas erreserbak behar ditugu gure kalak defendatzeko. Gure kalak indartzen hasiko balira eta ekosistema berriro bizkortuko balitz, uste dugu egoera aldatu egingo litzatekeela artisau arrantzarentzat. Beste herrialde batzuetan egin dute, arrantzale artisau txikiek beraiek bultzatuta, eta ikusi dute onuragarria dela: esaterako, Balearretan. Erreserba eremuarekin, oso prezio onean salduko lukete arraina, eta ez orain bezala, oso merke. Jaurlaritzak badu aukera Espainiako Gobernuari itsas erreserba izendatzeko eskatzeko. Orain asko hitz egiten da akuikulturaz: bada, hori piszifaktoria natural eta erraldoi moduko bat izango litzateke.

Halaber, arrain kuoten pribatizazioa salatzen du Ondarroa 12 Miliak. Zer esan nahi duzue?

Itsasontziaren jabeak bereganatzen du arraina harrapatzeko baimena eta harrapaketa kuota. Baimen eta kuota hori saltzen badio beste norbaiti, beste erkidego batera, euskal arrantza sektorea kuota hori gabe geratzen da.

Zein litzateke soluzioa?

Kofradia bakoitza izatea arrain kuoten jabea, eta kofradiak kudeatzea kuotak. Bestela, kromo salmenta bat da.

Zer pauso eman beharko lirateke hori lortzeko?

Jaurlaritzak esku hartu beharko luke, eta arrantzaleek beraiek ere bai. Hori bai, kuotak kofradiek kudeatuz gero ere, horren gaineko kontrol zorrotz bat jarri beharko luke administrazioak.

Artisau arrantza defendatzen duzue, baina zer da zehazki artisau arrantza?

Europako administrazio guztiek oso argi daukate artisau arrantza defendatu behar dela, baina bakoitzak bere erara definitzen du. Guretzat ardatz hauek definitzen dute arrantza artisaua: egunekoa izatea, tamaina txikiko ontziak erabiltzea, arrantzale gutxi, eta tresna xumeak erabiltzea.

Zeintzuk dira teknika xumeak?

Asko dira. Adibidez: mailasareak edo sare zuzenak; amu aparailuak; eta otarreak edo nasak. Guretzat, artisau arrantzatik kanpo utzi behar genituzke inguraketa sarea darabilten itsasontziak. Horiek hamabi miliatik kanpora arrantzatu beharko lukete. Baina inor ez da ausartzen artisau arrantzaren baldintza zehatzak jartzera eta zerrenda bat egitera.

Zer onura ekarriko luke bereizketa zehatzagoak?

Talde moduan jarduteko aukera emango lioke azpisektore txiki bati: 70-80 ontzi dira Bizkai eta Gipuzkoako kostaldean, batez beste bi-hiru arrantzalekoak. Inguraketakoek hamabi miliatik kanpora arrantzatuko balute, erreserban artisau arrantzak izango luke aukera, eta eremu hori, espezie askok erruteko erabiltzen dutena, biziberritu egingo litzateke; hala, ekosistema berpiztu eta biodibertsitatea handituko litzateke.

Badago beste arazo bat portuetan: errelebo falta. Zergatik?

Alde batetik, itsasoa lan gogorra delako, eta, bestetik, transmisio faltagatik. Eta, gainera, ez da lagundu artisau arrantza, hain zuzen ere norbere bizitza eta lana kontziliatzeko arrantza sistemarik egokiena izan daitekeena. Baina, hala ere, jendeak ez du ikusten aukera ekonomiko handirik artisau arrantzan.

Lan baldintzak ere badira beste galga bat, ezta?

Hori da: ez dago lan hitzarmenik, ez dago gutxieneko soldatarik...

Etiketatu berezi bat ere eskatzen duzue artisau arrantzako produktuak bereizteko.

Arrantzaleei prezio duinagoa pagatzea ekarriko luke, produktuaren eta arrantza motaren kalitatea bermatuko lukeelako.

Azken hiru hamarkadetan gutxitu eta kontzentratu egin dira arrantza portuak, eta ugaritu, berriz, kirol portuak.

Europak murriztu egin nahi izan du ontzidia, ados, baina horrek zer onura ekarri digu Euskal Herrira? Nik turismoa ikusten dut portuetan, arrantza turismoa. Eta, artisau arrantza galduta, arrantza eta ekonomia baino askoz gehiago galtzen da: galera kulturala ere bada. Harrigarria da euskal kostaldean zenbat kirol portu egin diren, eta nolako gentrifikazioa dagoen bereziki kostaldean.

Artisau arrantzarentzat intrusismoa al da kirol arrantza?

Gure ustez, bai. Horregatik, administrazioak oso ondo kontrolatu behar du kirol arrantza.

Baduzue harremanik arrantzale artisauekin? Zenbaterainoko kontzientziazioa du azpisektore horrek?

Badago jende kontzientziatua eta kontzientziaziorik gabekoa, baina arazoa azpisektore osoak dauka. Jaso dituzte diru laguntza batzuk geldialdietarako, eta beharrezkoak dira, baina askoz beharrezkoagoa da kostaldea babestea, bertan lor ditzaten etekinak. Gu haiek babesteko sortutako elkarte bat gara, eta haiekin harremanetan jarrita gaude, baina oraindik lanean hasi gabe. Asmo hori daukagu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.