Bost urte igaro baino lehenago, Txinako enpresek munduko kobalto horniduraren ia %50 kontrolatuko dute, nahiz eta kobaltoa gehien ekoizten duten hamar herrialdeetako hirutan bakarrik duten partaidetza. Mineralak behar dituzte energia berriztagarrien lehian buru izateko, eta, mineralak lortzeko moduaren ondorioz, neokolonialistak direla salatu dute zenbaitek; gainera, neurriz kanpoko lan baldintzak ezartzea leporatu diete, baita pertsonei eta ingurumenari kalte egitea ere, eta merkataritza akordioetan gardenak ez izatea.
Txinako metalgintza enpresa handi batek, GMOC Group-ek, akordio bat sinatu berri du Kongoko Errepublika Demokratikoarekin, %80ko partaidetza izateko Tenke Fungurume Mining-en, munduko kobre eta kobalto meategirik handienean, alegia. New York halako bi da meatzea, eta, akordio horren bidez, Txinak indartu egin du sektore horretan duen gailentasuna. Izan ere, munduko kobre mearen %15 kontrolatzen du, eta kobalto erreserben %50 baino gehiago. Gainera, kontrolatzen dituen baliabideak onenak dira kalitate aldetik.
GMOC Groupen kasua adibide bat besterik ez da. Txinako enpresa asko ari dira eskua sartzen Kongoko Errepublika Demokratikoko meatzaritzan: diotenez, hangoa izango da 2024an ekoitziko den kobalto guztiaren %74. Azken hamarkadan, Txinak zenbait aktibo garrantzitsu finkatu ditu Kongoko Errepublika Demokratikoan, horretarako bidea izan baitu, Mendebaldeko interesak ahuldu direnez gero. Joera horren ondorioz, norgehiagoka geopolitiko eta ekonomiko isil bat piztu da, trantsizio energetikoan funtsezkoak izango diren metalak kontrolatzeko.
2030. urterako, munduan erauzten den kobaltoaren %96 egongo da mineral hori gehien ekoizten duten hamar herrialdeen esku, eta bi herrialdek produzituko dute ekoizpen osoaren %84: Kongoko Errepublika Demokratikoak eta Indonesiak. Nahiz eta hamar ekoizle nagusietako hirutan soilik duten partaidetza Txinako enpresek, Kongoko Errepublika Demokratikoaren eta Indonesiaren ekoizpenaren erdia baino gehiago kontrolatuko dute, baita Papua Ginea Berriaren ekoizpenaren %85 ere. Horrenbestez, munduan erauzitako kobaltoaren horniduraren %46 kontrolatzeko modua izango dute 2030erako.
Txinako enpresek gero eta eragin handiagoa dute kobaltoaren industrian, eta horrek zenbait galdera sortu ditu; besteak beste, zer-nolako ondorio geopolitiko, ekonomiko eta sozial ekarriko dizkien eragin horrek Kongoko Errepublika Demokratikoari eta hango herritarrei. Izan ere, Kongok aurre egin behar die oraindik ere erronka handi batzuei, baliabide natural ugari izanagatik.
Txina neokoloniala?
Txinak Kongoko Errepublika Demokratikoan egindako inbertsioek eztabaida global bat piztu dute: batzuen ustez, Pekin esplotaziorako jokabide historikoak errepikatzen ari da Afrikako herrialde horretan, Europak garai kolonialean inposatutako berberak. Ikuspegi horren arabera, kolonialismo modu berri bat da Txinak sinatutako akordioetan baliabide naturalen ustiapena lehenestea, tokiko biztanleen onura sozialen eta ekonomikoen kaltetan: XXI. mendeko kolonialismoa, hain zuzen ere.
Beste batzuen ustez, nabarmen desberdinak dira Txinaren ikuspegia eta Afrika kolonizatu zuten Mendebaldeko potentziena. Alde horretatik, «esku ez hartzeko» politika aipatu da maiz; hau da, Txinako diplomazian hain ohikoa den praktika hori. Garai bateko potentzia kolonialek ustiapen ekonomikoa eta zuzeneko esku hartze politikoa uztartzen zituzten; Pekinek, berriz, ez ditu inposatzen bere balioak eta gobernatzeko moduak. Hala, harreman pragmatikoak ezarri ditu hainbat joera politikotako gobernuekin; bai demokraziarako bidean daudenekin, bai erregimen autoritarioekin. Harreman horiek, gainera, bi alderdientzat dira onuragarriak.
Afrikako buruzagi askorentzat, arindu handia da Txinak esku ez hartzeko politika aukeratu izana, Mendebaldeko inbertsioek eta laguntzek bestelako baldintzak inposatu ohi baitituzte. Txinak ez die erreforma demokratikorik edo gardentasun politikarik eskatzen trukean; horren ordez, merkataritza akordioetan eta azpiegitura proiektuetan jartzen du arreta osoa.
Pragmatismo horri esker, zenbait herrialdek modua izan dute finantzaketa lortu eta proiektu handiak martxan jartzeko, hala nola errepideak, ospitaleak eta urtegiak, trukean inolako presio politikorik jasan gabe. Estrategia horrek hautsak harrotu ditu Europan eta Estatu Batuetan: desberdinkeria iraunaraztea leporatzen diote Txinari, jarduten duen herrialdeetan ez dituelako kontuan hartzen gobernantza, giza eskubideak eta jasangarritasuna.
arriskuak emakumeentzat
Txinaren jardunbidea ez da Mendebaldeko potentzia kolonialena bezalakoa; dena dela, Kongoko meatzaritzak berak baditu zenbait ondorio larri: osasun arazoak, bortxazko etxegabetzeak, giza eskubideen urraketak eta sexu erasoak aipatu zituen Amnesty Internationalek duela hilabete gutxi argitaratutako txosten batean. Agirian azaldu duenez, meategi industrialak hedatzearen ondorioz, komunitate batzuek bizilekua utzi behar izan dute, eta giza eskubideak larriki urratu dira, eraso fisikoen eta mehatxuen bidez, esaterako.
Gainera, beste arazo bat azaleratu da berriki: atariko ikerketa batzuen arabera, baliteke kobaltoa erauztea —bai modu industrialean, bai lehengo eran— arriskutsua izatea emakumeen ugalketa osasunerako. Metal kontzentrazio handiak daudenean, gizakiek metal horietako batzuk arnastu edo irents ditzakete, edota azalaren bidez xurgatu. Emakume askok egiten dute lan meategietan, eta, ikerketetan ondorioztatu dutenez, baliteke haurrek sortzetiko malformazioak izatea, hilik jaiotzea, jaio eta gutxira hiltzea edo gaixotasun infekziosoak garatzea.
Komunitate zientifikoak oraindik ez du zehaztu zenbateraino dauden lotuta arazo horiek kobaltoa erauzteko prozesuarekin, baina zenbait faktore seinalatu dituzte: mineraletan uranio erradioaktiboa dago, meategiko hondakinek eta produktu kimikoek urak kutsatzen dituzte, eta ingurumen baldintzak kaskarrak dira meatzeen inguruan.