Klima aldaketa nabaria da jada itsasoan, eta gehiago igarriko da laster. Uraren tenperatura berotzeak «kalte» egingo die espezie batzuei, eta «mesede» bestetzuei, Guillem Chust (Sao Paulo, Brasil, 1971) Aztiko klima aldaketaren arloko adituak aztertu duenez.
Batez besteko tenperatura zentigradu bat igo da munduan mende batean. Zelan eragiten die arrainei eta arrantzari?
Espezieek hiru estrategia dauzkate baldintza berrietara egokitzeko:euren habitata poloko uretara gerturatzea; bizi zikloa aurreratzea; edo habitata ur sakonagoetara jaistea, ur hotzagoen bila.
Berdelak lehen bidea hartu du: gero eta iparralderago dago.
Antzeman dugu haren habitata hamasei kilometro gorago igo dela hamarkada bakoitzeko.
Euskal kostaldean berdel gutxiago egongo da etorkizunean?
Berdelaren errutea aztertu dugu:hegoaldera migratzen du arrautzak jartzeko. Portugaldik Irlandara bitarteko eremuan erruten du, Bizkaiko golkoa barne. Eremu oso handia da, baina iparralderantz mugitzen ari da. Praktikan, oraindik ez da igartzen ia ezer, baina 2050-2100erako proiekzioak dio berdel kopurua pixka bat txikitu daitekeela Bizkaiko golkoan.
Antxoa, aldiz, ugaritu egin daitekeela diozue. Zergatik?
Antxoak ez du migrazio handirik egiten, eta populazioak nahiko lokalizatuta daude: Bizkaiko golkoan, Frantziako plataforma kontinentalean eta Kantauriko plataforma estuan. Antxoa Atlantikoko ekialde osoan dago: Ipar Itsasotik Hegoafrikaraino. Badago eremu tropikal eta azpitropikalean ere: ondo egokitzen da ur epelagoetara. Badirudi Bizkaiko golkoan errutea hobetu dezakeela.
Antxoaren biomasaren emaitzak inoiz baino hobeak dira.
Kontuan izan behar da dena ez dela gertatzen tenperaturagatik. Faktore asko daude: arrantza esplotazioaz gain, uraren gazitasuna, planktonaren produkzio primarioa... eta ez dakigu zer gertatuko den alderdi horiekin. Hori bai, tenperatura igoerak eragin dezakeena da antxoaren bizi zikloa pixka bat aurreratzea, erreprodukzioa azkartzea. Azken 30 urteetan antxoen errute garaia bost-sei egun aurreratu da hamarkada bakoitzeko.
Azken urteetan berdela baino lehen arrantzatu izan dute antxoa. Zerikusia du bizi zikloa aurreratzearekin?
Ez dago baieztatuta. Urtetik urtera gorabeherak egon daitezke, askotariko faktoreak direla eta.
Antxoaren elikagaiak ere badu garrantzia, ezta?
Baliteke Bizkaiko golkoan produktibitate primario txikiagoa egotea, tenperaturaren nahasketa bertikalagatik. Hau da, azaleko geruzetan tenperatura igotzeak ekar dezake planktonak eskura ez izatea mantenugaiak, eta, ondorioz, antxoak eta berdelek janari gutxiago izatea eskura. Ziurgabetasuna da nagusi, zeren eta beste itsas eremu hotzagoetan handitu egin baitaiteke elikagaia.
Ura berotzeak uxatu egin dezake hegaluzea Bizkaiko golkotik?
Tenperatura gakoa da hegaluzearen migrazioaren hasiera data zehazteko: Atlantiko tropikaletik Bizkaiko golkora eta Irlanda hegoaldera joaten dira. Baina, behin hemendik gertu dagoela, ibilbidea moldatzeko, tenperatura baino garrantzitsuagoa da elikagaia; funtsean, jatera baitatoz.
Antxoa ugaritzeak, beraz, hegaluzea ere erakarriko du.
Jakina. Halaber, azterketetan ikusi dugu hegaluzea geroz eta lehenago iristen dela gurera: bi-hiru egun lehenago hamarkadako.
Bizkaiko golkoan, zer espezieri egingo dio kalterik handiena tenperatura igoerak?
Aingira. Sargazo itsasoan erruten dituzte arrautzak, eta angulak Europako eta Afrikako kostaldera iristen dira, hango ibaietan gora aingira bilakatzeko. Ikusten dugu aingira kopurua apaldu egingo dela hemen, eta Ipar Atlantikoan migrazioan datozen angula kumeak ere iparralderago joko dutela, ez Iberiar penintsulara.
Hegoalderagoko espezieak ailegatuko dira euskal kostara?
Baliteke, Sanpedro arraina, adibidez, detektatu da dagoeneko gure uretan. Arrain txiki bat da, tropikala edo subtropikala.
Badaukazue gomendiorik arrantza sektorearentzat?
Oro har, beharrezkoa da espezieen jarraipen bat egitea klima aldaketaren ikuspegiarekin. Bestalde, aingirari dagokionez, kontserbazio lanaz gain, esfortzu gehigarri bat egin behar da, etorkizunean orain baino baldintza txarragoetan egon ez dadin.
EBren arrain kuoten erdiak zientzialarien gomendioen gainetik egiten dira. Gainera, klima aldaketaren ikuspegirik ez duteaintzat hartzen.
Ni ez naiz aditua arrantzaren kudeaketan eta stocken estimazioetan. Arantzaz betetako gaia da, egia esan. Funtsean, kontua da orain espezieen datu demografikoetan oinarritzen direla stockak estimatzeko. Interesgarria izango litzateke ingurumen baldintzak ere kontuan hartzen hastea, eta, aurrerago, baita klima aldaketaren ikuspegia ere.
Guillem Chust. Klima aldaketan aditua Aztin
«Klima aldaketaren begirada sartu behar da arrainen jarraipenean»
Itsasoko ura berotzearen eraginez, arrain espezie ugari iparralderago ari dira kokatzen beren habitata. Chusten arabera, antxoa hobeto molda daiteke Bizkaiko golko epelagoan, baina berdela eta aingira, aldiz, ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu