Greba

Kiroldegi eta igerilekuetako langileak greban dira Nafarroako hainbat herritan

Piketeak eta elkarretaratzeak egin dituzte goizean, eta iluntzerako elkarretaratze bateratua antolatu dute, 19:00etan, Iruñeko udaletxe aurrean.  

Kiroldegi eta igerilekuetako langileak, goizean, Artican egindako elkarretaratzean. @FSCNAVARRA
Hodei Iruretagoiena
2022ko abuztuaren 11
11:22
Entzun

Nafarroako hainbat herritako igerileku eta kiroldegiak itxita daude gaur, horiek kudeatzen aritzen diren langileen greba dela eta. Soldata eta hitzarmen «duinak» eskatu dituzte kiroldegi eta igerilekuetan harrera, sorospen, garbiketa eta mantentze lanpostuetan aritzen diren beharginek. Besteak beste, soldatak KPI kontsumo prezioen indizeari egokitzea exijitzen dute; hau da, %6ko igoera. Izan ere, bi urte baino gehiago dira soldatak izoztuak dituztela; 2020ra artekoa zen adostutako azken lan hitzarmena, eta berritu gabe dago ordutik.

Herri ugaritan eragin du grebak: Azkoienen, San Adrianen, Eguesibarren, Mutiloabeitin, Sarrigurenen, Arangurenen, Zizur Nagusian, Artikan, Gelbentzun, Caparroson, Orkoienen eta Lekunberrin, besteak beste. Hemezortzi igerileku daude itxita Iruñerrian, hiru Erriberan, eta halaxe dago Lekunberrikoa.

Informazioa banatzen aritu dira grebalariak goizean, eta elkarretaratze batzuk ere egin dituzte herriz herri. 19:00etan, berriz, bilkura bateratua egingo dute Iruñean, udaletxe aurrean, ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek deituta.

ELAk ohar bidez salatu duenez, Zizur Nagusia, Egues eta Azkoiengo udalek gutxieneko zerbitzuak ezarri nahi dituzte greban diren lanpostuetan, eta neurri horiekin greba eskubidea urratzen ari direla gaitzetsi du. Izan ere, sindikatuek gogorarazi dute kiroldegiak eta igerilekuak ez direla funtsezko zerbitzuak: «Funtsezko zerbitzua ez denez eta iraupen luzeko greba ez denez, gutxieneko zerbitzuak ez daude inola ere justifikatuta. Bestalde, Zizur Nagusiko, Eguesibarko eta Azkoiengo udalek ez diote gutxieneko zerbitzu horiek ezartzeko eskatu lan agintaritzari, eta, gainera, alegazioak egiteko eskubidean betoa jartzen die sindikatuei».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.