CCOO sindikatuak aurreakordio bat sinatu du Feique Espainiako industria kimikoaren patronalarekin sektoreko lan hitzarmena berritzeko. ELAk eta LABek gogor salatu dute erabakia, akordio horrek, aurrera egingo balu, lurralde mailako itun bat negoziatzeko aukera zailduko lukeelako. Espainiako negoziazio mahaian CCOOk zazpi ordezkari ditu, eta gutxienez beste sindikatu baten babesa behar du: UGTk sei ditu; Galiziako CIGek, bat, eta ELAk, beste bat.
Testuan, besteak beste, jaso dute %3 igotzea soldata 2024, 2025 eta 2026 urteetan, eta zortzi orduz murriztea urteko lanaldia.
Industria kimikoaren sektoreak 23.000 langile ditu gutxienez Hego Euskal Herrian. Baina ez du hitzarmen propiorik. Enpresa ituna ez duten euskal langileen baldintzak Espainiakoak arautzen ditu.
ELA eta LABen arabera, itunak klausula bat du: horren arabera, ezin da lurralde mailako itunik sinatu.
Sektore zabala da, eta horretan sar daitezke enpresa ugari: botika industriarenak, plastikoarenak, findegiak... Hego Euskal Herrian, baina, lantegi handienek hitzarmen propioak dituzte, Espainiakoa hobetzen dutenak. Petronorren, Michelinen eta Bridgestonen, adibidez. Enpresa txikietan, aldiz, gehiago aplikatu ohi da sektore ituna, kasu horietan Espainiakoa.
Sektoreak Hego Euskal Herrian hitzarmen propiorik ez izatearen arrazoietako bat da Espainiako itunak duen klausula bat: horren arabera, ezin da lurralde mailakorik sinatu, Kantabrian salbu. LABek dio horri eusten diola CCOOk eta patronalak sinatutako testuak. ELAk azaldu duenez, «sakon aztertzen» ari da hori, eta, hala bada, azpimarratu du hitzarmen horren eta halako salbuespenak jasotzen dituzten gainerakoen aurka joko duela.
ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek iaz eman zituzten lehen pausoak EAErako itun bat negoziatzeko.